argia.eus
INPRIMATU
Politikan bada gauza politikan
Axier Lopez @axierL 2016ko uztailaren 29a

DANIMARKAKO lehen ministro Birgitte Nyborg moderatuaren ibilbide politikoa ardatz, Mendebaldeko demokrazia burgesaren argilunak aletzen ditu telesailak: idealismoa eta pragmatismoaren arteko talka, hedabideen salerosketa eta kazetaritzaren negozioa, pertsonalismoak, irudi publikoaren eraikuntza alde pribatuaren gainetik, nazioarteko gatazken kudeaketa, demagogia eta hitzen pisua, zaintza eta lanaren arteko kontziliazioa… House of Cards makiabeliko apartaren bertsio lighta dela? Sozialdemokrazia –politikari egokiak edukiz gero– sistema egokia dela erakusteko saiakera dela? Tira, bai, baina gurean egiten den fikzioak ohitu gaituen gatazkarik gabeko errealitate politikoki zuzen horretatik aldentzen delako da gomendagarria.