"Hemen ez dago artistak sortzeko substraturik"

  • Lau emakume gazte dira Uharteko Arte Garaikidearen Zentroko zuzendari berriak,  lauak artearen hainbat alorretan zaildutakoak. Kudeaketa exekutiboa Oskia Ugarte iruindarraren esku egonen da. Erakusketa zentroa izatetik ekoizpen zentroa izateko aldaketa uda honetan hasiko da.

"Artea ez da soilik erosi duenarena".(Arg:Dani Blanco)

Zer dela eta Artearen Historia?
UBI ikasten ari nintzela irakasle batek proposatu zidan Artearen Historia ikastea, mundu hori gustuko nuela ikusita. Onartu nuen ideia eta Gasteizera joan nintzen. Izugarri gustatu zitzaidan karrera. Oraindik ere eskertzen diot gomendioa irakasleari.

Ikasgai politak, baina lana bilatzeko karrera zaila?
Oso. Etorkizun beltza ikusten duzu laugarren mailara iritsita. Ez du irtenbide handirik eta gainera praktikoena izan daitekeena, hau da, museoen arloan edo arte kudeaketan aritzeko espezialitaterik ez dago Gasteizen.

Zein izan zen zure lehen lana?
Unibertsitatea amaitu aurretik Orreagako Museoan hasi nintzen. Lan didaktikoa eta bisita gidatuak egiten genituen eta hango kudeatzailea eta biok, geure kabuz, hasi ginen Kolegiatako ondarearen inbentarioa egiten. Erdi Aroko piezen bilduma garrantzitsua dute: Karlomagnoren xake jolasa deitzen diotena, ebanjelio bateko azal erromanikoak eta Ama Birjinaren balore handiko irudi gotikoa, besteak beste.

Oteiza Museoan 2007tik 2013ra izan zinen. Nola iritsi zinen horra?
Orreagatik bueltan egunero haren paretik pasatzen nintzen eta argi nuen han lan egin nahi nuela. Beraz, egun batean sartu eta nire curriculuma utzi nien. Handik gutxira deitu zidaten didaktikaren atalean lan egiteko. Hasieran bisita gidatuetan, tailerretan eta eskola taldeekin aritu ondoren, berehala hasi nintzen erakusketen koordinazioan Juan Pablo Huércanos zuzendariorde eta komunikazio departamentuko zuzendariarekin. Oteizaren inguruko kongresua, esate baterako, elkarrekin kudeatu genuen.

Didaktika oso bokaziozkoa da, eta horretan ari direnek lan itzela egiten dute, haurrekin edo taldeekin lan egiteak asko nekatzen zaituelako, baina nik argi dut kudeaketa dela gehien gustatzen zaidana.

Erakusketa baten inguruan lan egiten duen taldearen koordinazioa da ene ustez lanik politena. Moises Pérez de Albéniz galerian ere lan egin nuen hainbat erakusketaren koordinazioan, baina orain Iruñeko aretoa itxi behar izan dute krisia dela eta.

Oteizazalea zinen?
Oteizazale egin naiz Oteiza Museoan lanean. Ez baduzu bere lana eta berak idatzitakoa ezagutzen, ez baduzu ulertzen artista integral bat izan zela, zaila da bere artelanekin gozatzea. Oteizak aldarazten dizu artearen inguruko kontzepzioa. Artearekin berez gozatu behar dela uste bazenuen, ideia hori atzera botatzen dizu. Ez da gozatu behar artea delako, arteak zure barruan lan bat egitera behartzen zaitu eta horrekin gozatzen duzu. Gozamena ez dator artelana ikustetik, artelanak sortzen dizkizun ideia eta sentipenetatik baizik.  

Hori da giltza artea ulertzeko, bereziki arte garaikidea?
Bai. Arte klasiko edo figuratiboaren irudiak ez ditugu ikasi behar. Belaunaldiz belaunaldi transmititzen den gure imajinarioaren parte dira. Arte garaikidea, aldiz, gaur egun egiten ari dena da eta gauza asko birplanteatzera behartzen gaitu.

Zuk nola dakizu aurrean duzun hori artelana den edo ez?
Nik hori ez dakit! Oso zaila da esatea zer den artea eta zer ez, edo hemendik 20 urtera zer izango den artea, edo nola hartuko duten orain ekoizten ari garena. Nik uste dut horretan ez dugula denborarik galdu behar.

Baina halako zentroetan ari zaretenok irizpide batzuk beharko dituzue…
Bai, horixe, irizpideak besterik ez, eta gero eta irekiagoak gainera. Margogintza, eskultura, eta oro har, diziplinen sailkapena bertan behera utzi behar dugu, gaur egun adierazpide asko sortu direlako. Zenbat eta gehiago onartu, orduan eta aberatsagoak izango gara.

Nolakoa izanen da Uharteko Arte Garaikidearen Zentro berria?
Uharteko zentroari askotan museoa deitzen zaio, baina hori ez da zuzena, bere bildumarik ez duelako, horregatik ez dago museoen sarean. Gure helburua ez da hori, ekoizpen zentro bat egitea baizik. Erreferentziatzat Arteleku eta Medialab-Prado moduko zentroak hartzen ditugu.

Ekoizpen mementoa barneratu nahi dugu, emaitzari begira soilik gelditu gabe. Ikuspuntua ireki nahi dugu. Garrantzitsuena da gertatzen den prozesua. Are gehiago, ekimen guztiek ez dute zertan artelan batean bukatu behar.

Zein da zuen lehen helburua?
Guk orain zentroa ireki nahi dugu, komunitate artistikoa ezagutu eta haiei zentroa ezagutzera eman. Zer dugun eta zer egin nahi dugun pentsatu, eta horretarako lasaitasuna behar dugu, ez jendea lanean jartzea berehala. Bestalde, lanerako espazioak eskaini nahi dizkiegu artistei. Urte osoan zabalik egongo den deialdia izango da.

Zentro iragazkorra nahi dugu. Komunitate artistikoa ez da ausartu Uharteko zentroan sartzen. Gainera, ez dugu ohiturarik. Hemen ez dago artistak sortzeko substraturik. Arte eta Lanbideen Eskola baino ez dugu Nafarroan, eta hori ere erabat akademikoa. Oso azaleko kontua da. Ekimen pribatuetan, Jazar edo duela gutxi desagertu den Dormitaleria 54 bezalako gune interesgarri bakan batzuk sortu dira, baina oso mugimendu apala dago, oso zaila delako mantentzea. Artistek dirua behar dute halako ekimen pribatuetan mugitzeko, horregatik uste dugu erakunde publikoek bermatu behar dutela. Artista gazteen sariak urtero banatu nahi ditugu, adibidez, baina halako artista gazteak lortzea oso zaila da ez bazaie formakuntzarako eta lanerako aukerarik ematen. Uste dugu hortik hasi behar dugula. Modu berean, askotan artistei obrak doan eskatzen zaizkie erakusketak egiteko. Hori ezinezkoa da. Egileei, gutxienez, kanon bat behar zaie ordaindu, bestela nola bizi behar dute? Prekarietatearen aurka egin nahi dugu.

Lehen urratsak zeintzuk izanen dira?
Abuztuan planteatuko dugu gure lehenengo ekimena: La canícula. Gakoa ezer ez egitea izango da. Artistei ezer ez egitera etortzea proposatzen diegu. Ekoizpenerako ez diren une horietan sortzen diren gauzak oso interesgarriak izan daitezke. Garrantzi handia ematen diegu otorduei. Mahairen inguruan gertatzen diren gauzak oso bereziak dira. Ez dira inon errepikatzen eta hori aprobetxatu nahi dugu.

Uharteko zentroak behar dituen espazioak ere birpentsatu nahi ditugu. Arkitektura laborategia egin nahi dugu, espazioa egokitzeko eta ekoizpen zentro bihurtzeko. Denok, langileok, artistek eta hiritarrek, esango dugu nolako espazioa nahi dugun. 

Dokumentazio zentroa ere lehenbailehen zabaldu nahi dugu. Zentroan dagoen funtsari material gehiago gehitu nahiko genioke, adibidez, liburutegi publikoetatik garbiketa bidez ateratzen den arte garaikidearekin lotutako guztia.

Nolakoa izanen da zuen kudeaketa eredua?

Gu talde bat gara. Lan molde gero eta horizontalagoak badira orain, eta ideia hori eredutzat hartu nahi dugu. Harremanetan arreta jartzea oso garrantzitsua da guretzat eta uste dugu gure proiektuaren indarra horretan datzala, transbertsalitatean. Emakume talde bat, gainera. Guretzat ikuspegi feminista oso garrantzitsua da. Eta lautik hiru euskaldunak gara. Hizkuntzari eta euskal kulturari ere berebiziko garrantzia ematen diegu.

Nola banatuko duzue lana lau zuzendarien artean?
Ni zuzendari exekutiboa naiz, besteak zuzendari artistikoak dira. Hezkuntza arduraduna Betisa San Millan izango da, Nerea de Diego ikusmen arteetarako eta Elisa Arteta gorputzaren ingurukoaz arduratuko da. Ni izango naiz dedikazio osoa izango duen bakarra eta besteak joan-etorrian ibiliko dira, bakoitza bere betiko esparruan lanean. Ideia da kanpoan gertatzen diren gauzekin zentroa aberastea, eta mundu errealarekin, artistekin, harreman estuan egotea. Instituzioa iragazkor egin nahi dugu.

Zuri diruaz arduratzea egokituko zaizu. Zenbateko aurrekontua duzue?
Gurea fundazio pribatua da, non Nafarroako Gobernuak, Uharteko Udalak eta kulturaren arloko itzal handiko hainbat pertsonak parte hartzen duten. Gobernuko Kultura Departamentuak urtean 350.000 euro ematen ditu. Hortik aurrera guk bilatu beharko ditugu beste finantzaketa iturriak, publiko edo pribatuak. Oso zaila da. Arterako dirurik ez dago inoiz, hala ere, egin behar den lan bat da, eta hor ere sormenak pisu handia du. Amerikako Estatu Batuetan, adibidez, oso ohikoak dira mezenasgoak. Gure kasuan, diru publikoarekin oso ongi funtzionatu dugunez, beste hori hausnartzeke dugu, baina mugitzeko garaia da.

Zertarako balio du arteak?
Arteak kritikoago egiten gaitu. Inoiz pentsatu ez ditugun gauzak gogora ekartzen dizkigu, edo aldez aurretik finkatuta genituen ideiak zalantzan jartzen dizkigu. Pentsaera zabaltzen laguntzen digun tresna da.

Neurri batean denok gara arte sortzaileak?
Neurri batean soilik. Denok ez gara artistak. Sormena eta artea ez da gauza bera. Sormenak ematen du baduela bat-bateko kutsu bat, eta artea ez da hori. Artea ez da sormena, lana baizik. Picassok zioen bezala “inspirazioak lanean harrapa nazala”. Ezin da artelan ona egin indar eta arreta guztiz orduak eta orduak jardun gabe. Argi dago denok ezin gaitezkeela artista izan. Niri adibidez, zura lantzea oso polita iruditu ahal zait, baina horretarako iaioa ez banaiz ez dut ezer bereziki ona egingo bizitza osoan saiatuta ere.

Batzuek pentsatzen dute edonork egin dezakeela artea eta hori ez da egia. Horiek dira erakusketara joan eta esaten dutenak beren lau urteko haurrak horrelako koadroak egiten dituela egunero. Zenbait aldiz Arco azokan haurrek egindako margoak sartu dituzte, adibidez, halako ideiak indartzeko. Munduko alor guztietan badira iruzurrak eta tontakeriak eta arte mundua ere ez da atzean geratzen. Halako jendeari esango nioke Uhartera etortzeko, eta artistekin eta bitartekariekin hitz egiteko, eta bertatik bertara ikus dezatela nola egiten dugun lan. Nahi badute esan dezatela ez duela piperrik ere balio eta eztabaida sortuko da, eta ziur kritikoago izango garela ondoren. Arte garaikidea definitzerakoan prozesua begiratu behar da, ez emaitza.

Zergatik gertatzen da? Gizarte honetan denok izan behar dugulako beti gazte, beti alai eta beti sortzaile?
Bai, eta orain oso modan dago beste kontzeptu bat ere: ekintzaile izan behar dugu bai enpresa bai artearen alorrean ere.
Artea eta dekorazioa askotan nahasten dira.
Oteiza Museoan erakusketa baterako pieza batzuk eskatu genizkion familia bati eta ezetz esan zigun, gonbidatuak zituztela etxean eta obra haiek gabe egongela hutsik geldituko zela. Horrela jokatzen duen jendeak argi eduki behar du artelanak diruz erosten dituztela, baina obra horiekin batera erantzukizuna ere hartzen ari direla. Artea ez da soilik erosi duenarena.

Ustezko artelan batek ez badizu barnean ezer mugitzen, ez da artelana?
Obra ikusi baino lehen lan bat egin behar duzu jakiteko zer den ikusiko edo adituko duzun hori. Ezin zara jarri obra baten aurrean eta esan: “Argi nazazu”. Irakurri behar da, pentsatu behar duzu eta orduan gerta daiteke argitze memento hori bizitzea. Artistari bezala ikusleari ere lana eskatzen dio arte garaikideak. Arte kontzeptualean adibidez, bereziki egin behar da lan. Zailena izaten da gehien merezi duena. Artelan kontzeptual bat ulertzen duzunean jasotzen duzun ordaina askoz handiagoa da. Plazera baino zerbait gehiago da. Zure kontzeptuetan aldaketa eragiten du.

Euskal Herrian nola gabiltza?
Artista asko daude, baina zaindu behar ditugu, haien grinak entzun eta bideak erraztu, bestela ezin da aurrera egin. Aukera berriak sortu behar ditugu.

Euskaldunok arte ikuspegi berezia al dugu?
Abertzaletasunetik bultzatu dira estiloen arteko loturak dituzten zenbait artista talde. Orain ez da berezko ezaugarri horiek agerian uzteko unerik onena, dena diluituago dagoelako, baina oraindik ere Euskal Herrian dauden artista askoren artean badago zerbait amankomunean.

Iruñea, 1978
Oskia Ugarte Abarzuza

Artearen Historian lizentziaduna EHUn. Orreagako Museoan, eta sei urtez Oteizarenean lanean aritu ondoren, berak beste hiru emakumerekin batera aurkeztutako proiektua hamalauren artean aukeratua izan da Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa kudeatzeko.

Azken hitza:
Euskal kultura

“Euskal kulturan sortzen diren proiektuen sustatzaile izan nahi dugu. Kontua ez da soilik tokia uztea, baizik eta proposamen berriak bilatzea eta bultzatzea. Gauza oso bereziak gertatzen ari dira euskal kulturan, baina tokia behar dute ahalik eta gehien garatzeko. Bertsolaritzan, esate baterako, ikaragarria da zer garapen lortzen ari diren eta zer nolako proiektuak sortzen ari diren hizkuntza eta bertsoen inguruan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Eguneraketa berriak daude