argia.eus
INPRIMATU
Komikilariak jorran
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2016ko uztailaren 29a

IRRI BIHURRIZ heltzen diot toalla ertzetik tentatzen nauen komiki liburuari. Baratzea asko maite, bere fruituez gozatu baina praktikatzen ez dugunontzat propio egina dirudi. Zortzi marrazkilari kaletarrek iruditegi oso bat eta egungo gakoetan egindako umorea eman diote baratzeari. Porru eta aza artean ageri zaizkigu istorio bihurturik mundua mugitzen duten indarrak: politika, krimena, sexua... Jakoba Errekondok, asfalto-kumeok ere ulertzeko moduan baratzearen kulturaz azalpenak ematearekin batera, marrazkilarien burmuin giharrak lanean jartzeko ariketak prestatzen aritu dela irudikatu dezakegu. Liburua bera jolas bat ere bada, irakurleari orri bakoitzak ernearazten baitizkio beste hainbat ideia, hitz-joko, pentsamendu edo berrerabilpen aukera.