argia.eus
INPRIMATU
Alfons Pérez, energia politiken ikertzailea:
“Argi dago gasak eragotzi egiten duela berriztagarrietan inbertitzea”
  • Kataluniako Observatori del Deute en la Globalització zentroko ikertzaile-aktibista da Alfons Pérez ingeniari teknikoa. Energi Burujabetzaren aldeko Sarean ere badabil.  2015ean ezagutu genuen, Gasteizko Frackanpadan. Han, Pérezek azpimarratu zuen frackingaz hitz egitean betiere gogoan izan beharko liratekeela hainbesteko oihartzuna ez duten beste proiektu mota batzuk: gasa, lehorrez bezala itsasoz, garraiatzeko azpiegiturak. Gaiaz solas egin dugu, ia urtebete geroago.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko uztailaren 28a
Argazkia: Jordi Borrás

Frackanpadan esan zenuen lotura estuagoa egon beharko litzatekeela frackingaren eta gas-azpiegituren aurkako borroken artean.

Batez ere aldarri bat izan zen, gasaren sistema osorik ulertzen saiatzeko. Gas-azpiegituren aurka borrokatu gabe frackingaren aurka borrokatzea, autobideen aurka borrokatu gabe autoen aurka borrokatzea bezalakoa da.

Nor dago gas-proiektu handien atzean? Europak diru publikoz bultzatzen ditu, baina enpresa pribatuak dira sustatzaileak?

Bai. Estrategia osoa ulertzeko mugarri garrantzitsua Errusia eta Ukrainaren arteko 2006ko gatazka da. Gazprom konpainia errusiarrak Ukraina zeharkatzen duten eta batez ere ekialdeko Europa hornitzen duten gasbide guztien giltzak itxi zituen, eta arazo handia sortu zuen eskualde horretan. Harrezkero energiak, eta bereziki gasak, berebiziko garrantzia hartu zuten Europar Batasunaren agenda politikoan. Irtenbideak bilatzen hasi ziren errusiar gasarekiko menpekotasunik ez izateko.

Nola?

Junckerren agintepean, 2006an abiatutako estrategia horrek hartu duen forma Energi Batasuna da. Haren zutabe nagusiak energi segurtasuna eta energi merkatu bakarraren eraketa dira; segurtasunerako gakoa dibertsifikatzea da, hau da, gas iturri berriak lortzea europar sareetarako. Hortik dator 250 inguru proiektuko zerrenda baten osaketa, interes komunekotzat jotzen diren proiektuak. Denek dute aukera diru publikoz lagunduak izateko, baina sustatzaileak enpresa pribatuak dira.

Gasa ezin bada Errusiatik ekarri, nondik?

Bi bide daude: lehorrekoa –hau da, gasbideak– eta itsasokoa. Lehenbizikoa osatzen dute gasa aurkitu duten edo lehendik ezagunak ziren eta indartu nahi dituzten ustiaketa-guneek. Horietako bat Kaukaso aldea da. Hortik abiatzen da, hain zuzen, EBk inoiz aurreikusitako energi azpiegiturarik garestiena: Southern Gas Corridor delakoa (Hegoaldeko Gasbidea). 45.000 milioi dolarreko kostua izango du, eta 3.500 kilometroko luzera, Azerbaijan eta Italia artean. Hain zuzen Italian hasita dago proiektuaren kontrako erresistentzia mugimendua. Lehorreko beste bide bat dagoeneko Afrika iparraldearekin existitzen diren harremanak areagotzea da.   

Eta zein da itsaso bidezko estrategia?

Gas natural likidotua (GNL) ekartzea. Europak gaur egun gaitasun handia du GNL hori berriz gas bihurtzeko, baina hala ere planta gehiago eraikiko lirateke xede horrekin. Jakina, horretarako behar da kontrako prozesua egiteko gaitasuna duten likidotze plantetatik, ontzi bidez, GNLa Europaraino garraiatzea. Modu horretan gasa ekar daiteke Egiptotik, Qatarretik… Baita esportatzaile berrietatik ere: AEBak, Tanzania…

Munduan 25 likidotze planta inguru baino ez dago, haatik.

Bai, baina mahai gainean dauden asmoen arabera kopurua bikoiztu baino gehiago egingo litzateke. Oso azpiegitura bereziak dira, munduko herrialde bakanetan daudenak, eta oso garestiak.

Esportatzaile berriak aipatu dituzu, tartean AEBak. Haien mezua da frackingari esker lortutako gasak burujabetza energetikoa ekarri diela atzera, baita esportatzaile izateko aukera ere. Jakin badakigu ordea frackingaren burbuilak eztanda egin duela dagoeneko.

Irakurketa zaila da. Nik behintzat ezin dut ulertu prezioaren ikuspuntutik; uste nuen estatubatuarrek Asian salduko zutela GNLa, han garestiago dagoelako gasa. Baina likidotzea, garraiatzea, berriro gas bihurtzea eta Europan saltzea, gaur egun gasak duen prezio baxuarekin, ulergaitza da. Nolanahi ere, kontuan hartzekoa da AEBetako gasaren barne-merkatuan prezioak izugarri amildu direla, 80ko hamarkadaren mailara; esportatzea merkatu horri oreka emateko modu bat izan daiteke. Bestetik, Europara esportatzeak esanahi geopolitikoa izan dezake: AEBetako gasez hornitzen badituzu europar sareak, errusiar gasa izorratzen duzu.

Apirilean heldu zen Europara AEBetatik bidalitako lehen GNL kargamentua.

Bai. 2015eko azaroan Europako Batzordeak argi esan zuen tradizionalki GNLa Europara esportatu duten herrialdeekiko harreman onei eutsi behar zaiela, baina lehentasuna aurrerantzean Aljeriak, AEBek eta Kanadak izango dutela. Horrez gain, esplizituki adierazi zuten TTIP hitzarmena inportazioa errazteko tresna izan behar dela.   

Fracking bidez gasa erauzteko Europan dauden egitasmoak geldiaraz ditzake inportazioa areagotzeak?

Ez dut uste. Tokian tokiko baliabideak ustiatzeko aukera beti egongo da mahai gainean. Merkatuaren edozein fluktuaziori aurre egin behar izatekotan, bada, tomateak etxean ekoiztea beti izango da merkeago... Beste kontu bat da nik frackingaz zer uste dudan: lehen esan dudanez, gasaren prezioa oso baxu dago, eta ez da inondik inora errentagarria. Espekulazio ariketa hutsak dira, epe labur eta ertainean irabaziak lortzera bideratuak. Merkatu horretan ondo kokatzen den lehenbizikoak, horrexek irabaziko du dirua. Bestela ezin ulertu likidotze plantak eraikitzeko hainbeste proiektu egotea. Edozein kasutan, denek ezingo dute iraun.

Esaten da gasa trantsizio-erregaia dela, ikatza eta petrolioa ordezteko balioko duena etorkizun berriztagarriranzko bidean. Ez dakit ikuspuntu horretatik justifika daitekeen azpiegituretan hainbeste inbertitzea.   

Argi dago gasak eragotzi egiten duela beste aukera batzuetan inbertitzea, berriztagarriak barne. Petrolio konpainia handiek sustatzen dute hori. Berriztagarrien sektorearen zati bat bereganatu dute, gasaren aldeko mezu hori zabaltzeko. Klima aldaketaz hitz egitean beti esaten dute –eta egia da– gasa erretzeak emisio gutxiago eragiten duela ikatza edo petrolioa erretzeak baino, baina prozesu osoa hartu behar da kontuan, balizko metano isurketak barne. Metanoak CO2-ak baino askoz gaitasun handiagoa du atmosfera berotzeko.