Jose Venancio Ortiz de Foronda 54 urteko gasteiztar peto eta jatorrak oporraldi honetan jakin du 12 urteko alaba –hirutan txikiena– zeliakoa dela. Etxean zegoela jaso du berria Ortiz de Forondak, geroago hedabideei azaldu dienez: “Bazkaltzeko ordua zen eta janaria aurrean jarri diodanean, ‘aita, baina hau ze letxes da?’, galdetu dit alabak. Orduan esan dit zeliakoa dela eta ezin duela horrelakorik jan. Lur jota utzi nau”.

Ortiz de Foronda harrituta dago –“eta apur bat minduta, dena esatera”– nola alabak ez dion lehenago jakinarazi gaitz hori duela. “Edozein igandetan esan ziezadakeen, Mendizorrotzatik bueltan natorrela”. Auzokoen zenbait testigantzaren arabera, honako hitzak aditu ziren Ortiz de Forondaren etxean emaztea oporretan joateko bezperan: “Beti esaten didazu ez naizela batere arduratzen umeez; bada, demostratuko dizut lasai joan zaitezkeela Benidormera. Bide batez, nagusiak nola du izena?”.