argia.eus
INPRIMATU
Nazioen kontzertua
Angel Erro @angelerro 2016ko uztailaren 22a
Irudia: Antton Olariaga
Irudia: Antton Olariaga

Ort: Zuek zer sentitzen zarete gehiago?

Des:  Inork erantzun aurretik, gogoa sartu zait zure galdera aztertzeko. Zer sentitzen garen, eta ez nola sentitzen garen. Niri askoz gehiagotan galdetu didate zer sentitzen naizen, euskaldun, nafar, espainol edo aurrekoen nahasketa bat, eta zein proportziotan, nola sentitzen naizen baino. Bigarrenik, jakintzat ematen ari gara galdera horren erantzunak nazio bat behar duela. Zilegi zait, Jordi Savallen zalea (edo kafetera bat) erantzutea? Seguru? Gainera, “gehiago” hori dago, kidetza lehentasun erlaziora behartzen duena, sentimenduek aldiberekotasunik onartuko ez balute bezala.

Ort: Tira, sarrera eder bezain ez-beharrezko hau aditu ondoren, gogo baduzue, berrar dezagun: zuek zer sentitzen zarete gehiago?

Gla: Ni, %100 euskal herritarra. Gizenik gabe, kar kar.

Nam: Ni ere bai, euskalduna, eta ez diot inori, ni naizenari buruz, eztabaidarik onartzen. Maiz gertatu zait jendeak galdetu, nik erantzun eta, gero, ezezagun bat nirea gezurtatzen hastea. Ni zer naizen nire gogoaren ondorio zuzena da, ez historiarena, ez nire arbasoen sorlekuarena, ezta nire hizkuntzarena ere. Historia, nire abizenak edo nire gurasoen aukera linguistikoa bat etortzeak, nire kasuan, ez dit arrazoia ematen ez kentzen. Euskalduna izango naiz, nire agiriek zer dioten, munduko azken puntan egon edo gizadiaren azken emakumea izanda ere.

Ube: Ba, nik bai ematen diot garrantzia gurasoen jatorriari. Nik, gero, jasotako lekuko horrekin nahi dudana egingo dut. Nire aita bizkaitarra da eta nire ama Kordobakoa...

Tho: Jon Kortajarena bezala.

Ube: …eta, adinean gora egin ahala, gero eta gehiago damutzen zait amaren kulturari bizkar emanda bizi izana. Ez ezazue pentsa ama hil zitzaidalako denik, kontua lehenagotik dator. Gaztelaniarekin eta amak transmititutakoarekin bakeak egin ditudala uste dut. Gurasoetako bat alemana banu neure burua erdi alemantzat joko nukeen bezain erdi espainol aitortzera ausartzen hasi naiz. Hori bai, inoiz galdeketa bat egongo balitz, Euskal Herri burujabe baten alde egingo nuke. Hori argi daukat.

Gla: Zergatik?

Ube: Egia esan, ezin zehazki esan. Barruko bulkada da. Jakin-mina, beharbada. Daukaguna ezagunegia da eta ez du usain onegirik. Beharbada Euskal Herri independente batek bestelako dinamikak abian jarri ahal lituzke.

Tho: Ba, ni tokian tokikoa sentitzen naiz. Erne! Horrek ez du esan nahi kosmopolita edo horrelakorik naizenik. Lisboan baldin banago, eta maiz joaten naiz hara, bertako jendearekin nahasten saiatzen naiz eta erraza zait portugesa irudikatzea neure burua, eta nortasun agirian behartuta daramadan nazionalitatearekin konparatuta, portugesa izanik zein zoriontsu izanen nintzatekeen pentsatuta goibeltzen naiz. Berdin Islandian, Kroazian edo Italian. Ankerra izan da patua. Munduan hainbeste aukera eder egonda, guk herri zapaldu ala zapaltzaile baten artean aukeratu behar.

Des: Ez duzu inoiz pentsatu portuges edo islandiar izango bazina, ezingo zeniokeela Portugal edo Islandiaren kontsolagarriari atxiki, azkenean deskubrituko baitzenuen ez dagoela funtsean herrialde zintzorik?

Ort: Badakit nora iritsi nahi duzun. Beharbada, inongo estatua ez da beste edozein baino zintzoagoa; beharbada, mundu osoa ustela da, baina euskaldunok eskubidea izan behar genuke guk gure okerrak geurez egiteko. Zure txanda…

Des: Ni? Kafetera bat sentitzen naiz.

Ort: Horrek espainol gisa konputatzen du.