argia.eus
INPRIMATU
Liburua
Gaur egungo balada
Xabier Etxaniz Erle 2016ko uztailaren 21

Euskal baladen artean ezagunetarikoa dugu oreina bilakatu zen neskaren istorioa kontatzen duena, eta balada horixe du oinarri Mariasun Landaren azken lan honek. Baladan, izenburuak dioen bezala, oreina bilakatzen den neska baten istorio tragikoa kontatzen da; anaia ehiztariak harrapatu eta hiltzen duen oreinarena. Mariasun Landak, istorio horretatik abiatuta hiru osagai edo piezaz osaturiko kontakizuna eraiki du, tradizio eta modernitatea, iragana eta oraina lotzen dituen kontakizuna.

“Maitane ia arratsaldero joaten zen Cristina Enea parkera (…) ogi puska batzuk gordetzen zituen parkeko urmaeleko ahateei emateko. Txikitatik ezagutzen zituen eta bakoitzari izen bat ere jarria zien, nahiz eta Erramunek, parkeko udaltzain zaharrak, bere kontura barre egin”. Horrela hasten da Azken balada hau; eta irakurleak igarri dezakeen bezala, Maitane neskatoa izango da protagonista nagusia; bera, eta Erramun, parkeko udaltzain zaharra.

Hain zuzen, parkean orein bat ikusi ondoren Erramunek esango dio bi orein ekarri dituztela Iruñeko Takonera parketik: Mayi eta Jakes. “Eta zergatik izen horiek?” neskatoaren galderari erantzutearren, udaltzain zaharrak: “Baina, nola, ez al dakin oreina bilakatu zen neskaren istorioa? Eta haren neba ehiztari amorratuari gertatu zitzaiona? (…) Ez zekinat gaur egun zer demontre erakusten duten eskolan!”. Eta horrela, neskatoari, hainbat arratsaldetan, Oreina bilakatu neska balada kontatuko dio Erramunek.

Neskaren eta udaltzainaren arteko harreman horrez gain Maitaneren egunerokoak ere ezagutuko ditu irakurleak. Hots, gaur egungo kontakizun baten barruan balada zaharraren berri ematen zaigu. Baladaren amaiera tragikoak, baina, ez du erabat betetzen neskatoaren gogoa eta “Utzidazu pentsatzen…–erantzun zion Maitanek deliberatzen arituko balitz bezala–. Agian bihar irtenbide bat erakutsiko dizut, idatziko dut Mayirentzako beste ipuin bat”. Eta, hain zuzen, horixe dugu liburuaren amaieran ageri zaiguna, balada zaharraren bertsio berri bat, ezberdina, askoz berriagoa (testuingurua, gertakariak…) eta alde horretatik are hurbilagoa gerta dakiokeena oraingo irakurleari. Izan ere, Mariasun Landaren liburu honek, dituen bertuteen artean (arin irakurtzea, istorioari jarraitzeko gogoa, gaurko eguneko kontuen inguruko gogoeta bultzatzea, sinesgarritasuna…) bada bat azpimarratzeko modukoa, ahozko tradizioa hurbiltzea, oraingo irakurleei ekartzea eta harekin jolastuz testu berriak eskaintzea.

Liburu guztiz gomendagarria da Landaren azken balada hau, azken kontakizun hau; tragediatik, abenturatik, tradiziotik, maitasunetik eta umoretik, besteak beste, hartzen duelako. Baita idazleari berari buruzko keinu sinpatikoa amaieran: “Auzokoa da eta liburu asko idatzi ditu, Mariasun Landa du izena… Ezagutzen al duzu?”.

Azken balada, Mariasun Landa. Erein, 2016 (69 orrialde).