"Irlandan politika herritarrengandik urruti dagoela sentitzen dute gazteek, elite batzuen kontrolpean"

  • Grian Ni Dhaimhin Strabanen (Ipar Irlanda) jaiotako gaztea da. Belfasteko Queens unibertsitatean historia ikasten du. Ikasle mugimenduan, Fosil Free erregai fosilen ustiategien aurkako mugimenduan eta gaelikoaren aldeko hainbat kanpainatan parte hartzen du besteak beste. Sinn Feineko gazte erakunde Sinn Fein Republican Youth taldeko kide izan da, nahiz eta bere “formakuntza sozialista behar bezala aurrera eraman ezin izanagatik” taldea uztea erabaki zuen. Bere aita IRAko militantea izateagatik hamabi urtez izan zen espetxean. Ipar Irlandako gazteriaren egoeraz eta problematikaz, feminismoaz eta gazteen egoera prekarioa iraultzeko alternatibez mintzatu gara berarekin Dublinen.

Grian Ni Dhaimhin independentzia aldarrikapenaren mendeurren oroitarriaren ondoan.
Grian Ni Dhaimhin independentzia aldarrikapenaren mendeurren oroitarriaren ondoan.

Zein da gazteen egoera Irlandan?

Nire perspektiba landa gunekoa da. Ipar Irlandan lan eta baliabide nahikorik ez dagoenez gazteek alde egin behar dute hirietara. Gazteen langabezi tasa oso altua da eta dauden lan eskasak oso prekarioak dira. Kasu batzuetan, ordea, gazteen kualifikazio altua ere arazoa izaten da. Gazteek politikarekiko oso sentsazio ezkorra daukate eta horrek apatia sorrarazten die. Politika herritarrengandik urruti dagoela sentitzen dute, elite batzuen kontrolpean. Egun ez da politika herritarrik sustatzen. Gazteek ez dakite nola hasi antolatzen aldaketa bat aurrera eramateko.

Erlijioa traba al da?

Bai, Irlanda herrialde oso katolikoa da. Union of Students of Ireland ikasle sindikatuak abortuaren aldeko kanpaina handia egin zuen eta herritarrengan eragin handia eduki zuen. Hala ere, nahiz eta gazteen artean erlijioak garrantzi handirik ez duen, erlijioa posizio aurrerakoiak gelditzeko mekanismo bat da oraindik, freno antzeko bat.

Zeintzuk dira gazteriaren arazo nagusiak?

Alde batetik, unibertsitateko tasak ezin ordaindua. Ipar Irlandako unibertsitate publikoko matrikulak urtero 4.500 euro balio ditu. Ikasleak zorpetu egin behar dira gastuei aurre egiteko. Honez gain, Belfastera ikastera doazen gazte asko ez dira bertan etxebizitza ordaintzeko gai. Horregatik horietako batzuk beraien lagunen sofatan lo egitera behartuta daude. Beste alde batetik, azken urteetan osasun mentalarekin zerikusia duten gaixotasunak asko igo dira. Beren buruaz beste egiten dutenen tasa oso handia da. Ostiral Santuko akordioak sinatu ziren 1998tik gaur egun arte suizidatu diren pertsonen kopurua, Irlandako gatazka armatuan bizitza galdu zutenena baino handiagoa da. Horrez gain, gazteen oinarrizko eskubide asko ez daude onartuak: etxebizitza eskubidea, gay eta lesbianen eskubideak…

“Mugimendu errepublikarrak ez dauka independentziarako bideorririk”

Zer nolako indarra dauka mugimendu feministak Irlandan?

Irlanda oso herri tradizionala izanda “gure gorputzak gure eskubideak” diskurtsoa lantzen ari gara. Emakumea eta sukaldearen binomioarekin puskatu nahi dugu. Mugimendu errepublikarreko omenaldietan emakumeak dira kafeak eta teak zerbitzatzen dituztenak. Emakumeari ez zaio lidergorik ematen, ez baita beraren ahalduntzerik bilatzen. Mentalitate maskulinizatu eta matxista dago Ipar Irlandan. Futbol gaelikoan jokatzen dut. Gure herrian neska eta mutilen taldeak daude. Gizonezkoen kasuan ez bezala, gure taldeak ez du inolako laguntza ekonomikorik jasotzen.

Ba al dago egoera iraultzeko alternatibarik?

Apirilaren 26an, Irlandako independentziaren mendeurrenean, milaka lagun bildu ziren Dublineko kaleetan. Poztu nintzen ospakizunetan mugimendu errepublikarretik at aldarrikapen sozial ugari ere ikusi nituelako. Herriaren boterea izango da aldaketa eragingo duen indarra. Ezer lortu nahi baldin bada indar hori gabe ezinezkoa izango da. Sinn Fein izango bada botere sozial hori kanalizatuko duen indar politikoa, horretan oinarrituta egon beharko den estrategia martxan jarri beharko du. Sinn Feinetik harago begiratu behar da eta prestutasuna eduki. Garrantzitsua da herri sektore horiekin guztiekin aliantzak egitea, beraiek baitira aldaketa eragin dezaketenak.

Zein da alderdi errepublikarraren independentzia plana?

Arazoa da Sinn Feinek ez duela independentzia plan bat, hau da, ez dago argi Irlandako 32 konderrien independentziarengatik borrokatzen den edo Ipar Irlandako probintziak Hegoaldekoei lotuko zaizkien. Ipar Irlandan oraindik publikoak diren zerbitzuak (ura, oinarrizko hezkuntza, osasuna) ordaintzen hasiko gara? Zer esan nahi du Irlandaren batasunak eta nola egingo dugu? Egun ez dago hori lantzen hasteko planik. Ipar eta hegoaldearen arteko adostasuna behar da. Perspektiba ezin da izan komunitate unionista zapaltzera joatea; aitzitik, konbentzitu behar ditugu Irlandaren batasunak guztioi mesede egingo digula. Horretarako alderdi errepublikarrek Ipar eta Hego Irlandako exekutiboetan gehiengoa lortu beharko lukete. Proposamena egin behar zaie loialistei proiektu horretan parte har dezaten. Garrantzitsuena da buruan daukagun utopia paperera eramatea, ikerketa ekonomiko, politiko eta soziologiko sakon bat eginez.

“1998tik Irlandan bere buruaz beste egin dutenen kopurua
gatazka armatuan bizitza galdu zutenena baino altuagoa da”

Hego Irlandan uraren pribatizazioaren aurka sortutako Right2Change mugimendua bide horretatik al doa?

Helburu horiek lortu nahi baditugu alderdietako politiketatik harago joan behar gara. Right2Change oso adibide ona da hori erakusten duelako. Hainbat alderdi eta sentsibilitatetako pertsonak batu dira uraren pribatizazioaren aurka protesta egiteko. Eskoziako mugimendu independentista SNP Eskoziako alderdi independentista baina harago joan zen: emakume, sindikatu eta ikasle mugimenduaren bidez aktibatu egin ziren.

Nork egin beharko du jendea aktibatzeko lan hori?

Edonor izan daiteke. Erica Flemingek, apirilean Dublinen egin zen Sinn Feinen kongresuan diskurtso antologikoa eman zuen. 30 urteko gazte horrek urtebetetik gora eman du bederatzi urteko alabarekin etxegabe, etxerik alokatzeko diru nahikorik ez duelako. Adibide eredugarria da Flemingen kasua, bere egoera pertsonaletik mugimendu bat sortzea lortu baitu. Gaur egun emakume hori etxebizitza eskubidearen aldeko ikur bihurtu izanak erakusten du aldaketarako abangoardiak ez duela zertan antolakunde edo alderdi politiko bat izan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irlanda
2024-02-05 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Marginaliak


13 urtera arte mugikorrik ez: Irlandako hiri bateko ikastetxe eta guraso elkarte guztiek hartu duten erabakia

Herri bateko familia eta eskola guztiek adosten badute haurrei ez dietela smartphonerik erosiko, akabo seme-alabei mugikorra emateko presioa, akabo mugikorrik ez duen haur bakan horien bazterketa. Bada, Irlandako Greystones hiriko zortzi ikastetxeek eta horietako guraso... [+]


2023-05-25 | Axier Lopez
1.200 miloi euroko zigorra ezarri diote Facebooki herritarren pribatutasuna urratzeagatik

Europar Batasunean inoiz enpresa bati ezarri dion isunik handiena jarri dio Facebook, Instagram eta WhatsApp-en jabe den enpresari, Meta-ri, herritarren datuen babeserako arauak urratzeagatik. Edonola ere, 1.200 milioiko zigor hori 2022an Metak izandako irabazien %5 inguru... [+]


Udal hauteskundeak aise irabazi ondoren, Sinn Feinek Stormont desblokeatzea eskatzen du

Sinn Feinek lehen aldiz irabazi ditu Ipar Irlandako udal hauteskundeak, eta 462 zinegotzietatik 144 eskuratu ditu, duela lau urte baino 39 gehiago. Alderdi errepublikarraren ustez, horrek balio beharko luke unionismoak blokeatzen duen Stormonteko Legebiltzarra berriz... [+]


2023-04-23 | Axier Lopez
Justizia bidean?

Mende laurdena bete du Ipar Irlandako Ostiral Santuko Hitzarmenak, gatazka armatuen konponbiderako erreferenteetako bat bilakatu dena munduan. 1998ko akordioaren helburu nagusia biolentziari amaiera jartzea zen. Indarkeria izugarri apaldu da, baina ez da desagertu. Berbarako,... [+]


Eguneraketa berriak daude