Edgard Pisani hil da, Pitrauren eta Iparraldeko laborarien laguna Parisen

  • 2006ko Lurramaren ugazaita izandako Edgard Pisani politikari frantsesa hil da 97 urterekin. Frantziako estatuaren zenbait une historiko barnetik bizitua  –alemanen kontrako erresistentzia bezala Kaledonia Berriko burujabetasun gatazka– Europako nekazaritza politiken sustatzaile izan ostean azken hamarkadetan oso kritikoa izan zen. Iparraldeko baserritarrek bazuten berekin lagun on bat Parisen ondo kokatua.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko uztailaren 24a
Argazki historikoan, Edgard Pisani gaztea ľ26 urteľ Frantziako Erresistentziaren ekintza gogoangarri batean, 1944ko abuztuan: Paris berreskuratzen ari zirela, militar alemanekin prefekturaren errendizioa negoziatzetik irteten militante armatuek babesturik
Argazki historikoan, Edgard Pisani gaztea ľ26 urteľ Frantziako Erresistentziaren ekintza gogoangarri batean, 1944ko abuztuan: Paris berreskuratzen ari zirela, militar alemanekin prefekturaren errendizioa negoziatzetik irteten militante armatuek babesturik. Hortik aurrera abiatuko zen Pisaniren karrera politikoa, hil arteraino Frantziako goi karguetan edukiko zuena. Nekazaritza ministro zelarik 1962an ezagutu zuen hurbilagotik Euskal Herria, Joha˝e Pitrau zuberotarraren eskutik. Geroztik, ezkerreko baserritar euskaldunek Pisani lagun edukiko zuten Parisen.

Bizi izan balitz eta enteratu nor goresten zuten Atharratzeko pastoralean uztailaren 24an, Edgard Pisani oroitzapenek Euskal Herrira eramango zuten berriro. LARRUNek Johañe Pitrauri eskainitako zenbakian (Laborari menditarrak esnarazi zituen lider zuberotarra) Madalena mendi tontorrean 1962an eginiko argazkian ageri dira bi gizonak, Pisani ministroa eta Pitrau.

Pisani prestatzen ari zen Frantziako nekazaritzarako legedi berria, eta Pauen eginiko bileran Atharratzeko sindikalista gazteak liluratu omen zuen. Ministroak haren iritziak gertuagotik azaltzea proposaturik, Pitrauk erantzun: “Zurekin biltzeko prest nago baina ez jauregi batean, zatoz mendiko laborariak nola bizi diren ikustera”. 54 urte geroago, Jean Pitrau pastorala estreinatu baino hilabete lehenago hil da 97 urterekin Pisani.

Mixel Berhokoirigoinek egin dio gorazarre Laborari astekarian: “Pisani, la disparition d’une grande figure”. Esker ona aitortu dio Berhokok, bera eta Euskal Herriko Laborantza Ganbara Frantziako estatuak 2009an epaileen aurrera eraman zituztelarik publikoki elkartasuna erakutsi zielako Pisanik. Aurretik ere Iparraldeko baserritarrei bere atxikimendua erakutsia zien, 2006ko Lurrama feriaren ugazaita izatea onarturik.

Edgard Pisaniren hil ohar luzeak plazaratu ditu Frantziako prentsak (“Mort d’Edgard Pisani, résistant et ancien ministre de De Gaulle et de Mitterrand” titulupean Le Mondek) eta Wikipedian ere badu azalpen zehatza. 1918an Tunisian sortua, gaztetan Parisera iritsi eta goi funtzionario izateko ikasketak burutu zituen. Alemanen kontrako erresistentzian aritu zen: 1944ko abuztuan Parisko prefektura berreskuratzeko borroketan hartu zuen parte, frantsesez Paris brule-t-il? eta espainolez ¿Arde París? titulatutako filmean Michel Piccolik jokatzen zuen Pisaniren papera.

Gerra bukatzerako suprefeta kargua lorturik, Frantziako agintearen goi mailatan ibiliko zen karrera profesional osoan barrena: Barne ministroaren kabinete buru 1946an, ondoren prefeta, Defentsako kabinete buru, Lurralde Antolamendurako goi kontseiluko kide, 1953an senatari ageri François Mitterranden ondoan, ondoko urteetan hainbat dossier handiren arduradun, hala nola energia nuklearrari buruzkoan...

1961ean Michel Debrék Nekazaritzako ministro izendaturik, George Pompidourekin kargu berean egon zen estreina eta ondoren Etxebizitzaren eta Ekipamenduen ministro. Urte horietan guztietan, Frantzian karguak pilatzea ohikoa denez, segitzen zuen departamendu batetik edo bestetik hautetsi izaten, diputatu batzuetan, senatari bestetan, goi mailako funtzionario beti.

Politikan luzaz De Gaulleren gizona izanik, ezkerreko gaullista, 1974an Alderdi Sozialistara pasatu zen, hurbilago berrikitan hil den Michel Rocardengandik Mitterrandenengandik baino: “Gaullismoa ezkerretik utzirik Alderdi Sozialistan eskuinetik sartu eta azkenean PSren ezkerrean bukatu dut… Baina ez dut uste ni inoiz leku beretik aldatu naizenik”. 1981etik Europako parlamentarien biltzarrerako ere hautatu zuten eta laster Europako Batzordeko lehendakariorde ere bai.

1984an abertzale kanakiarrek sutan zeukaten Kaledonia Berriko egoera bideratzeko ardura eman zioten. Ministro postutik negoziatu zuen Jean-Marie Tjibaou lider historikoarekin “independence-association” deitu formula, hainbat polemika eragin zituena. 1988tik 1995era bitartean Mundu Arabiarren Institutuaren buru aritu zen. Erretreta hartu ondoren ere, Frantziako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren kide egon zen Pisani.

Herrien elikadura burugabetza

Nekazaritzan eduki duen garrantzia Berhokoirigoinek azaldu du Laborarin.  Pisani ministro kargutik bizi izan zituen 1960ko hamarkadan Frantziako eta Europako laborariek ezagututako aldaketa nagusiak. Alde batetik hiritarrek gogoan zeuzkaten gerra osteko gosetea eta arrazionamendua: bestetik nekazariek bizimodu duina eskatzen zuten, beste langileekin parekatzea. Testuinguru horretan sortu zen PAC Nekazaritza Politika Bateratu famatua, 1960ko hamarkadatik Euskal Herriko Iparraldeko landa eremuetako bizimodua eta paisaia errotik aldatu zituena.

Laborantzako produkzioa handitzea –benetako helburu nagusia– lortzeko neurriak ezarri ziren PACean: prezioak bermatu edozein izanik ere ekoiztutako kopurua, mugak zaindu Europako produktuak babesteko eta Europar Batasuneko herrialdeei lehentasuna eman norberak inportatu behar izatekotan.

1960ko hamarkadan irauli zen lurra lantzeko sistema osoa, baserriak mekanizatu, lanbidea teknifikatu, landare eta abereen selekzioan aurreratu. 30-50 hektareako baserriak behar ziren, horretara bideratu ziren nekazari gazteen formazioa, lurraren antolamendua, egitura administratiboak, legeak eta arauak. Aldaketaren oztopo ziren egitura zahartikuei aurre egiteko, Pisani ministroak bilatu zuen mugimendu kristauetatik sortutako lider eta talde gazteen laguntza. Hala aurkitu zuen Euskal Herrian Johañe Pitrau laborari eta aktibista gaztea, solaskide egokia.

Baina Europa kapitalistaren hazkundezko urrezko aroa agortzen hasi zenean, dio Berhokoirigoinek, 1980ko hamarkadatik aurrera Pisanik adieraziko zuen laborantza politika batek bere helburuak lortu dituenean jakin behar dela aldatzen, norabide berean jarraitzeak ez zuela ekarriko gehiegizko produkzioa, kutsadura handitzea eta finantzazko itotzea baizik.

Nekazaritzako produktuen liberalizazioaren kontra, herrien elikadura burujabetza aldarrikatu zuen. 2006ko Lurraman mintzatu zelarik, Gara egunkariak honela bildu zuen Pisani zaharrak esana: “Frantziako eskualde guztietatik, Euskal Herria da gizakiaren eta naturaren artean eta landa eremuaren eta hiriaren artean lotura estuena aurkitu dudana. (…) Zuek sinetsi egiten duzue egiten eta esaten duzuena. Nekazaritzako erakunde askok zerbaitetan ari diren plantak baizik ez dituzte egiten, oinarrian ezer aldatu gabe. Zuek egin egiten duzue esan duzuena eta esan egiten sinesten duzuena”.

Pisanik Lurraman aitortu zuen ez zela baikorra nekazaritzaren etorkizunaz, gaur nagusi diren sistema produktibistek desorekak handitzen dituztela mundu osoan, laborariak bortxatuz baserriak utzirik lan bila hirietara joatera. Bereziki aipatu zituen Asia eta Afrikako nekazariak, gosez ez hiltzearren hirietara migratu beste biderik ez dutenak: “Hau gelditu beharra dago. Gosez dagoen jende hori hezi dute burua makurtze eta obedientzian, baina iritsiko da eguna esango dutena: ‘Horrela ezin dugu jarraitu’”.


Azkenak
2018-04-24 | ARGIA
Eusko Jaurlaritza ez da Kanboko ekitaldian izango

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, Jaurlaritza ez dator bat ekitaldiak izango duen ikuspuntu politiko eta etikoarekin. Bestalde, ez dio garrantzirik kendu nahi ETAren amaierari.


2018-04-24 | Miren Osa Galdona
ETBko goi karguak ezin direla "nahieran" esleitu berretsi du Auzitegi Gorenak

2016an EAEko Lurralde Auzitegiak ebatzitakoa berretsi du Auzitegi Gorenak: ETBko goi karguen lanpostu hutsak enpresako langileek bete behar dituzte eta ez nahieran aukeratutako zuzendariek.


2018-04-24 | Miren Osa Galdona
Droga trafikoa eta haur pornografia egotzita, PPtik bota dute militante bat Bizkaian

Carlos Abajo Enkarterrietako koordinatzailea da alderditik kaleratu dutena. Pasa den larunbatean, argazki sexualen truke adin txikikoei dirua eskaintzen ari zela atxilotu zuten. Droga trafikoarekin ere lotura izan dezakeela iradokita, alderdiak bertan behera utzi du bere militantzia.


Mozal Legearen aurkako agerraldiak egingo dituzte asteazkenean Legebiltzarrean

Mozal Legearen inguruan Eusko Legebiltzarrari konpromisoak hartzea eskatzeko agerraldiak egingo dituzte asteazkenean Eleak/Libre mugimenduak, Hala Bedik eta Kaleratzeak Stop plataformak.


Mozal Legearen indargabetzea eskatzera goaz Legebiltzarrera

Asteazken honetan, apirilaren 25ean, EAEko Legebiltzarreko “Erakundeak, Segurtasuna eta Gobernantza Publikoaren Batzordean”, ELEAK-Libre Mugimenduaren izenean Maialen Begiristainek eta Joseba Alvarezek EAEko Legebiltzarrak Mozal Legearen berehalako indargabetzea eta ez aplikazio onar ditzan eskatuko dute.


2018-04-24 | Miren Osa Galdona
Nikaraguako Gobernuak atzera bota du gizarte segurantzaren erreforma, protestetan 30 hildako egon ostean

Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak elkarrizketarako deia egin dio oposizioari gizarte segurantzaren erreforma bertan behera utzi berritan. Joan den asteazkenetik 30 manifestari hil ditu poliziak eta ugariak izan dira denden arpilatzeak. Manifestariek kalean jarraitu dute.


2018-04-24 | ARGIA
Turismoak kaltetutako hirien nazioarteko sarea aurkeztu dute, bertan daude Donostia eta Iru˝ea

Azken hilabeteetan elkar topatu eta kezkak partekatu dituzten Europa Hegoaldeko hainbat herri mugimenduk SET sarea sortu dutela jakinarazi dute: Turistifikazioaren aurrean dauden Europa Hegoaldeko Hirien Sarea. "Elkarlanak aberastu eta indartu egiten gaituelako, harremanak estutzeko asmoa dugu. Iruñea eta Donostia sareko kide dira.


2018-04-24 | ARGIA
"Piztu Bilbo, Itzali MTV!" kanpaina aurkeztuko dute ostegunean

Datorren ostegunean, apirilak 26, Piztu Bilbo, Itzali MTV! lemapean sortutako kanpaina jendaurrean aurkeztuko dute.


2018-04-24 | ARGIA
Erasotzaile suizida batek 57 pertsona hil eta 119 zauritu ditu Afganistanen

Erasotzaile suizida batek bere burua lehertu du igandean Kabuleko hautesleen erregistrorako zentro batean eta gutxienez 57 pertsona hil eta 119 zauritu ditu, Democracy Now hedabideak jaso duenez.


Fauna publikoa
Ze pereza

Estatu-arrazoia bezain iluna da Rubalcaba, estoldetako politikari bat, institutuko irakasle baten itxura kaltegabe hori eduki arren. Itzalpean mugitu zalea, botere faktikoekin aireztatu gabeko sotoetan edukitzen diren elkarrizketetan; zeren hortik at, animalia izu eta itsusia da.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude