Laster deskonektatzera joko dugula ari gara elkarri iragartzen: “Nolako gogoa, aizu!”. “A zer beharra, hi!”. “Eskerrak sikiera urtean behin deskonektatzeko aukera dugun”. Deskonektatzearena, bistan denez, metafora da, garai digitalari berez dagokion hitzen bidezko irudia: oporrez ari gara deskonexioaz ari garelarik.
Deskonexioa behar-beharrezkoa dugula aldarrikatzen dugu maiz etxean, lagunartean. Halarik ere, metaforarik gabeko deskonexioak gero eta urrutiago dagoela dirudi, gero eta atzerago iraganean. Interneteko konexioaren gaineko ikerketek berresten dute joera: gero eta denbora gehiago ematen dugu sarean, konektatuta. Beste arlo batzuetan gertatzen den bezala, inork ez du portaera sozial nagusitik kanpo gelditu nahi; bazterkeriak zakar joka dezake fin bezain.
Beldurra ematen digu deskonektatuak gelditzeak, mundu fisikoan nahiz digitalean. Ez dugu izu-terminoetan adierazten normalean, baina aise suma daiteke beldur hori, marketinaren ahalak hauspotuta, bizimodua errazten omen diguten dispositibo elektronikoetan. Inoiz ez gara hain konektatuak bizi: hortik etorriko al da deskonexioaren beharra?
Izaki bitxia izaki gizakia.