Udal Legea

Udalerri euskaldunek badute aterpea

  • Eusko Legebiltzarrak apirila hasieran onartu zuen Euskadiko Toki Erakundeen Legea (Udal Legea ere deitua). Legearen lehen zirriborroan euskararen atalik ez zegoen. Atala sortu zutenetik legean sartu denera pauso galanta eman da. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hala dio bere balorazioan: legeak helburutzat hartu du toki administrazioan euskara erabat berreskuratzea, udalak eredu eta aitzindari izatea eta euskararen garapena galarazten edo oztopatzen duten trabak alboratzea. Legearen garrantziaren jakitun, Espainiako Gobernuak pasa den astean adierazi zuen hainbat artikulu legez kanpokoak direla. Legearen indarguneak eta ahulguneak aipatu ditugu ondoko lerroetan.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2016ko uztailak 17
Irudian Kontseiluak deitutako elkarretaratzea Tolosan 2014an. Carlos Urquijo EAEn Espainiako Gobernuaren ordezkaria hizkuntza irizpideengatik helegiteak jartzen ari zen hainbat udali.
Irudian Kontseiluak deitutako elkarretaratzea Tolosan 2014an. Carlos Urquijo EAEn Espainiako Gobernuaren ordezkaria hizkuntza irizpideengatik helegiteak jartzen ari zen hainbat udali.Argazkia: J.C. Ruiz/Argazki Press

Zer du on?

Udalek eskumena dute

Euskara udal eskumena badela jasota UEMAren izaera aitortzen da. Lehen udalek euskara eskumenik ez zutenez, esaten zitzaien ez zutela euskara zerbitzuak eskaintzeko mankomunitate bat sortzerik. Ez zen UEMAren kontra zuzenean jo, baina hainbat udalek arazo juridikoak izan dituzte, besteak beste UEMAko kide izateagatik. 2008an, arazo horiek saihesteko, UEMA euskara zerbitzuez gain bestelako zerbitzuak eskaintzen hasi zen. 2014ra arteko bakea izan zuten eta urte hartan Carlos Urquijo EAEn Espainiako Gobernuaren ordezkaria errekurtsoak jartzen hasi zen berriz. Orain, atzera egin du.

Derrigorrezko elebitasuna gainditu da

Zenbait mugarekin, baina udalak euskara hutsean aritu daitezke. Udal Legeak 1982ko Euskararen Legearen planteamendua gainditzen du. Lege horrek toki administrazioak bi hizkuntzetan egitera derrigortzen ditu. 1982ko Legea batik bat udalerri erdaldunei begira egindakoa da, euskara ziurtatu ahal izateko. Alderantziz, besteak beste UEMAk eskatu izan du udalerri euskaldunentzat lege babes berezia izatea. Bada Udal Legeak, neurri handi batean, euskara hutsean aritu nahi duten udalerri euskaldunak babesten ditu.

Udal Legeak Euskararen Legea berrikusteko beharra are ageriagoan jarri du mahai gainean.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egin beharra

Hirigintza plan batek edo beste edozein esku-hartzek eremu jakin batean hizkuntzan eragin dezakeela aurreikusiz gero legeak ebaluazioa egitera behartzen ditu toki administrazioak. Ebaluazioa legean sartu izana pauso ikaragarria iruditu zaio UEMAri, kontuan izanda ebaluazio tresna sortzeko lehen pausoak duela hiru bat urte eman zirela. Alabaina, ebaluazioa egitea onartu bai, baina gauza asko zehaztu gabe daude, besteak beste, nork erabakiko duen eragin linguistikoa izango duen ala ez, zein ebaluazio tresna aplikatuko den, eta neurri zuzentzaileak nola hartuko diren. Bestalde, Legearen akatsen zuzenketen orduan tresna udalerri guztietan edo udalerri euskaldunetan soilik aplikatuko den argitu beharko da, gaztelaniazko bertsioak eta euskarazkoak ez baitiote gauza bera.

Kontratazioetan hizkuntza irizpideak jarri ditzake udalak

UEMAko udalei kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzea errekurritu zieten, argudiatuz kontratazio prozesurako legea Espainiar Estatukoa dela. Udal Legeak ordea, udalei eskumen hori eman die zerbitzu publikoa eskaintzeko kontratazioak egiten dituztenerako. Adibidez, kiroldegia esleitzerakoan hizkuntza irizpideak ezarri ahalko ditu udalak. Aldiz, zalantzazkoa da berdin egin dezakeen obra publiko bat esleitzerakoan, kasu horretan herritarrekin harreman zuzenik ez baitago.

Zerk egiten du traba?

Zinegotziak ez badaki euskaraz?

Udal Legeak euskararen aldeko erabakiak mugatzeko joera du. Esate baterako, udal barneko jarduera euskara hutsean izan daitekeela dio, baldin eta hautetsiak gai badira euskaraz moldatzeko. Beraz, hautetsien hizkuntza gaitasuna muga modura planteatzen da, norbaitek alegatzen badu ez dakiela euskara gaztelaniaz eman behar zaio. Egia da ordea, beste artikulu batean ikuspegi positiboa eskaintzen duela eta dio zinegotziak euskaraz ez baldin badaki jakitea sustatu behar dela, nahiz eta gero ez duen zehazten sustapena nola egingo den.

Euskara hutsean bezala, gaztelania hutsean

Lehen ere administrazioen arteko harremanetan dokumentuak euskaraz bidaltzeak balio juridikoa bazuen, baina liskarrak sortu izan dira, euskara hutsez  zirelako eta ez bi hizkuntzatan. Udal Legeak balio juridiko osoa eman die euskara hutsezko dokumentuei. Beraz, gaztelania hutsezko dokumentuek ere balio bera dute. Adibidez, udal batek besteari euskara hutsean bidal diezaioke dokumentua, eta besteak gaztelania hutsean erantzun.

Diru-laguntzetan hizkuntza irizpideak ezin ezarri

Bereziki udalerri euskaldunetan, arautzen ez diren gauza asko berriz ere betiko legepean geratu dira. Diru-laguntzak dira horren adibide. Diru-laguntzetan ezin ziren hizkuntza irizpideak sartu eta hemendik aurrera ere ez. Esate baterako, udalak ezin du agindu 25 urtetik beherakoentzat ekitaldiak antolatzeko diru-laguntzak lortu nahi dituenak euskaraz egin behar duela.

Bandoak euskara hutsean?

Zehaztu gabeko beste kontu bat. Udalerri euskaldunetan herritarrekin zuzeneko harremanetan euskara hutsean aritzea zilegi da. Aldiz, zalantzazkoa da zabalkunde orokorreko testuetan nola jokatu. Adibidez, bandoa jar daiteke euskara hutsean eta ohartxoa jarri esanez gaztelaniazkoa nahi duenak udalean eskatzeko? Herritarraren hizkuntza eskubideak urratu dira?

Aurrerapauso nabaria

2015eko martxoan ARGIAk azala eman zion udalerri euskaldunak epaitegietan jasaten ari ziren jazarpenari. Orduan genioen Euskararen Legeak ez zituela babesten udalerri euskaldunak, gaztelania alboan ez bazuen euskarak bakarrik ez zuela baliorik. UEMAk Udal Legea oso lege positibotzat du, aurrerapauso handiak eman direla uste du, nahiz eta “ez den guk egingo genukeen legea, hala balitz bereziki jasoko zuen irizpide propioak jarri ahal izatea baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten udalerrietan”.

Udalerri euskaldun askok arnasa hartuko dute lege berriari esker, nahiz eta badituen zirrikituak eta Carlos Urquijo EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkariak, hala nahi badu, lana izango duen.

Kanal honetan artxibatua: UEMA

UEMA kanaletik interesatuko zaizu...
2017-07-06 | ARGIA
Euskara eta turismoa lotzeko ekimenak landu dituzte Oriok, Zumaiak, Azpeitiak eta Nafarroako Gobernuak

UEMAren ustez Nafarroako Turismo Planak euskara kultur ondare garrantzitsutzat hartu izana aitzindaria da.


Zergatik du hizkuntza batek beste batek baino botere handiagoa?

Udalak euskalduntzen ari diren arren, udalerriak erdalduntzen ari direla adierazi du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Horren aurrean, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa lantzeko hezkuntza proiektua jarri du martxan UEMA osatzen duten herrietako ikastetxe guztietan. Oñatiko Txantxiku Ikastolan eta Elkar Hezi Ikastetxean izan da ARGIA.


2017-06-23 | ARGIA
EAEko Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Planaren aurkako epaia eman du

Bost artikulu baliogabetu ditu, besteak beste, kontratazio administratiboarena eta diru-laguntza jasotzaileen betekizunena. Foru Aldundiak epaia errekurrituko du.


Nola bultzatu turismoa herri nortasuna eta euskara kaltetu gabe

Azpeitiko Udalak www.azpeitibizi.eus webgunea zabaldu berri du. Herrira turismoa erakartzeko tresna da, luzea izan nahi duen prozesuaren abiapuntua baino ez. Ondoko gogoeta egin du Udalak: lehentasuna ekonomia sustatzea da, eta turismoa horretarako bideetako bat. Turismoa indartzeak ordea, nola eragingo du udalerri euskaldunean? Nola ekarri bisitariak herri nortasuna galdu gabe?


Errefuxiatuen harrera protokoloan euskararen irakaskuntza sartzea eskatu dio UEMAk Eusko Jaurlaritzari

Asilo eskaera egiten duten pertsonen harrera prozesuak kudeatzeko protokolo bat proposatu du Eusko Jaurlaritzak. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak salatu duenez, ez du euskararen irakaskuntza aintzat hartzen. Gizarteratzea kudeatzeko euskararen transmisioaren garrantzia azpimarratu du.


2017-01-10 | ARGIA
Euskararen arnasguneen aitortza lortzeko bidean urratsak eman nahi ditu UEMAk 2017an

Larrabetzun aurkeztu du UEMAk larunbatean, urtarrilak 15, herri horretan egingo duen batzar nagusia. Puntuetako bat, hain zuzen, Larrabetzuk eta beste lau udalek (Areatza, Ataun, Errezil eta Mendaro) mankomunitate kide izateko egindako eskaria formalki onartzea izango da.


Medikuen eta pediatren lautik bat ez da gai euskaraz egiteko

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak), erakundeak berak biltzen dituen 76 udalerrietan familia eta larrialdi medikuen eta pediatren euskara gaitasuna neurtu du. 76 udalerriak Hego Euskal Herrian daudenez, Osakidetzako eta Osasunbideako profesionalak dira denak. 289 profesional zenbatu dituzte UEMAko udalerrietan. 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. Familia eta larrialdi medikuen %22 da gai ez dena eta pediatren %35.


2016-07-19 | ARGIA
Euskara lehenetsiko dute Kutxabankek eta Laboral Kutxak UEMAko 38 udalerritan

Azpeitian bildu dira UEMAko, Laboral Kutxako eta Kutxabankeko ordezkariak, hala nola UEMAko 38 udalerritakoak –30en kasuan, alkateak–, bi kutxa horietako bulegoetan euskarari lehentasuna emango dion neurri sorta hitzartzeko. Hogei udalek kutxetako bakarrarekin sinatu dute hitzarmena, gainerakoek biekin.


2016-07-08 | ARGIA
Udal Legea: Espainiako Gobernuak euskara hutsezko aktak baliogabetu nahi ditu

Udal Legea apirilean onartu zen EAEn eta euskara ataleko artikuluek udalerri euskaldunei babes handia ematen dietela aitortu dute eragileek. Aterpea galarazteko lehen saiakera iritsi da.


2016-07-07 | ARGIA
Osakidetzak mediku erdaldunekin ordezkatu ditu euskaldunak

UEMAk eta hainbat udalerrik salatu dute herritarren hizkuntza eskubideak urratu eta osasun zerbitzuaren kalitatea kaltetu dituela Osasun sailak.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude