Politika berria? Telesailetakoa

  • Fikziozkoak diruditen politikariekin aspertuta zaude, baina biak bananduta, fikzioa eta politika, atsegin dituzu? Zorionekoa zu, azkenaldian telesail politikoen loraldi txiki bat bizitzen ari baikara. Euskal Herrian tradizio txikia du generoak, baina gaiak pizten dituen pasioak kontuan izanda, akaso atzerriko ereduek emango dute pistaren bat une honetan fikzioz umezurtz dagoen Euskal Telebistan zerbait berria sortzeko.

Inor ez da errugabea ‘1992’ telesail italiarrean: enpresari handiak, politikariei eskupekoak eta pikutara doan alderdi sistemaren erdian bizi dira protagonistak.
Inor ez da errugabea ‘1992’ telesail italiarrean: enpresari handiak, politikariei eskupekoak eta pikutara doan alderdi sistemaren erdian bizi dira protagonistak.

Ezin lehiatu Goenkale erraldoiarekin, baina bere laburrean, ETBn ikusi ahal izan ditugu agintari politikoak protagonista dituzten bi ekoizpen esanguratsu. 1980ko hamarkadara bidaiatu behar dugu lehenbizikoa begiz jotzeko: Bai, ministroa BBCko ekoizpena euskaraz bikoiztuta ikusi ahal izan zuten telebista autonomikoaren aurreneko ikusleek, baita haren jarraipen gisa pantailaratu zuten Bai, lehen ministroa ere. Hamar bat urte geroago inauguratu zen euskarazko telesail politikoen etxeko produkzioa. Asmatu duzu, 1997an estreinatu zen Jaun ta jaberi buruz ari gara: Eneko Olasagasti kapitain zuen taldeak Ajuria Enea okupatu zuen eta komediak hain ondo funtzionatu, ezen zenbaitek pentsatzen baitu Lizarra-Garaziko akordiorik ez zela posible izango Arizkorretaren Gernikako piperrik gabe. Zerrenda hor bukatuko zen, duela gutxi hedabide honetan Hiru Damatxo ideia faktoriak Txoministak telesaila estreinatu izan ez balu. Lehen denboraldian Errioxa zortzigarren euskal probintzia gisa aldarrikatzen duen alderdi politiko berriaren sorrera kontatu digute, The office estiloan.

Hirurak aztertuta, elkarren arteko diferentziak handiak diren arren, euskaraz emititu diren telesail politikoek orain arte bi oinarrizko osagai izan dituztela esan dezakegu: existitzen ez den edo zehazten ez den alderdi bateko kideak dira protagonistak kasu guztietan; eta politika –gai serioa inondik ere–, umorez lantzen dute.

Moko okerreko demokratak

Izango da hemen fikzioari –eta kulturari oro har– katarsi kolektiborako baliagarri izan dadila besterik ez diogula eskatzen, ez benetako gauzei buruz jardun dezala; baina harrigarria da politika hain modu sutsu eta banderizoan bizi duen herrian gaiak telesailetan tarte handiagoa ez hartu izana. Ideia originalak ez dira falta, euskal literaturari begiratzea besterik ez dago pantaila txikira egokitzeko moduko istorioak aurkitzeko; eta gainera, azkenaldian atzerrian ugaritzen ari den generoa da.

The West Wingek zabaldu zuen 1999an azken hamarkadetako telesail politiko berrien ildoa eta zazpigarren denboraldiraino iritsi zen AEBetako Etxe Zuriko gorabeheretan oinarrituta. 2010eko hamarkadara etorrita, Black Mirror serie britainiarreko lehen kapituluak, adibidez, kontatzen du sare sozialen bidez zabaldutako mehatxu batek Erresuma Batuko lehen ministroari egin diezaiokeen, tira, “zerrikeria”. House of cards izango da, dena den, ingelesez sorturiko telesail politikoen artean azkenaldian zeresan handiena eman duena: Kevin Spaceyk hezur haragiztatzen du Frank J. Underwood AEBetako kongresista demokrata gupidagabea David Fincherrek (Seven, Fight Club) zuzendutako telesailean.

Eta horietan jada ez dago komediarik: politikaren alde gordina erakusten duten telesailak dira, thrillerretik hurbilago sitcometik baino.

Euskal Herria Italia da ala Danimarka?

Baina mundu anglosaxoia urrun dago eta, Brexitarekin edo gabe, politika ulertzeko duten modua diferentea da. Ikusle euskaldunak gure zera publikoaren antza izango duen telesail politiko bat behar baldin badu, ez du gaizki egingo erreferente europarragoak deskarg… ejem, DVDan erosita.

Jarri Danimarka, adibidez: bost milioi biztanle, hondartzara joateko klima aparta eta 26 erraustegi. Ia Euskal Herrian zaudela esango zenuke. Michael Laudrupen pase milimetrikoez geroztik, herrialdeak esportatu duen gauza interesgarrienen artean dago 2010etik aurrera emititu zen Borgen telesaila.  Birgitte Nyborg hautagai moderatua du protagonista eta lehenbiziko bi denboraldietan –hirugarrena ikusi gabe uzten baduzue ere ez duzue gauza handirik galduko– lehen ministro kargua eskuratu ondoren biziko dituen intriga eta buruhausteak kontatzen ditu.

Kapitulu asko Makiaveloren zitekin hasten diren arren, Nyborg ez da botereari eusteko edozer egiteko prest dagoen horietako bat. Politikaren alderdi humanoa erakustea du telesailak bertute, kargua eta familia uztartzeko zailtasunak adibidez –protagonista gizonezkoa balitz gaia planteatuko ote zuten, beste artikulu baterako utziko dugu–.

Nolakoa litzateke euskal politikari buruzko thrillerra? 'Borgen' eta '1992' inspirazio iturri onak izan daitezke

Bada zerbait, halere, Borgen ikustean nahiko sinesgaitza gertatzen dena hemendik begiratuta: Euskal Herriko politika ez da hain “garbia”. Espainiako Estatuarekin alderatuz kultura demokratikoan traineru batzuetako aldearekin irabazten dugula sinetsita bizi gara, baina Danimarkarekin konparatuz akaso ez gara hain galant ageri. Eta azkenaldian albistegiek ustelkeria kasuak jai eta aste kontatzen dizkigutenez, gehi, Euskal Herria Italia dela zientifikoki demostratzeko asmoz lanean ari den elkarte bat ere martxan denez –jarraitu @EHitaliaDA Twitterren–, 1992 telesailari erreparatzea izango da onena.

Politikari ustelak, enpresariak, eskupekoak, hondoratzen ari den alderdien sistema… 1990eko urteen hasieran ezagun samarra egiten zaigun koadro batean murgilduta zegoen Italia. Garai hartan bizi dira telesaileko protagonistak: Di Pietro fiskalaren bulegoan lan egiten duen polizia, enpresari handi baten alaba, Lega Nord alderdi ultraeskuindarrean lekua aurkitzen duen Golkoko Gerrako beteranoa edo gaztetan komunista izan ondoren publizitate munduan bukatu duen exekutibo agresiboa, besteak beste.

Urtearen kronologiari segituz kontatua, pertsonaietan oinarritutako serie honetan inor ez da errugabea, ustelkeriak dena zipriztintzen du eta joko horretan sartu ala ez erabakitzea da geratzen den aukera ia bakarra. Baina, era berean, dena oso azkar aldatzen ari da eta egoera berriak esperantzak sortzen ditu. Duela bi hamarkadako Italian, zerbait berria ekarriko zuelakoan, italiar askok Silvio Berlusconi izeneko zaldiaren alde egin zuten apustu. Il Cavaliereren genesi politikoaren kronika gisa ere ulertu daiteke lehen denboraldia: nola hasi zen dena aldatzen, funtsean deus aldatu ez zedin.

Ezaguna egiten? Ez da izango hemen antzekoa gertatzen ari dela uste duzuelako? Gutxienez honelako ekoizpenak egiteko probestuko balitz, zerbaitek arinduko liguke politikaren pena.


ASTEKARIA
2016ko uztailaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Telesailak
Lodiek ez dute lekurik film eta telesailetan

Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]


2022-09-05 | Sustatu
Boterearen Eraztunak telesaila euskarazko azpidatziekin estreinatu da

Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]


Euskarara bikoiztuko dute "The Lord of the Rings" telesaila

Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.


Eguneraketa berriak daude