"Onartu beharra dago emakume zuri gisa toki pribilegiatuan garela"

  • Emakume arrazatua du gogoetaren subjektu Naïma Hamrouni ikerlari feminista quebectarrak. Le sujet du féminisme est-il blanc? Femmes racisées et recherche féministe (Feminismoaren subjektua zuria ote da? Emakume arrazatuak eta ikerketa feminista) liburua atera berri du beste hainbat ikerlarirekin batera. Intersekzionalitateari eta feminismoaren deskolonizazio beharrari buruzko obra ezinbestekoa.

“Gaur egun, feminismoa gero eta gutxiago da zuria: jakintza, esperientzia, bizipen eta borroka minoritarioei bideratu beharreko tokiaz gehiago gogoetatzen da eta emakume arrazatuen lanak gehiago irakatsiak dira”.
“Gaur egun, feminismoa gero eta gutxiago da zuria: jakintza, esperientzia, bizipen eta borroka minoritarioei bideratu beharreko tokiaz gehiago gogoetatzen da eta emakume arrazatuen lanak gehiago irakatsiak dira”.

“Emakume arrazatua” terminoa erabiltzearen beharra azaldu duzue liburuan.

Arrazaren eraikuntza soziala azpimarratzeko erabiltzen dugu termino hori, batzuen nagusitasuna eta besteen zapalkuntza dakartzan ezberdintze sistema hori isilean ez uzteko. Biologikoki jende arrazarik ez dela errateko adostasun zientifikoa izan arren, kategorizazio sozial hori hor dago eta arrazatuek pairatu behar izaten dute.

Jakintza oraindik deskolonizatu beharra dela diozu.

Feminismoa ez ezik, orokorki gizarte zientziak dira deskolonizatu behar. Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako ekoizpen zientifikoak luzaz ez dira kontuan hartu. Gaur egun oraindik gutxiesten edo gaitzerraten dira, exotikotzat estereotipatuz. Emakume arrazatuei buruzko ikerketa nagusiek usu huts egin izan dute subjektu horien ahotsa kontuan hartzeko saiakeretan. Horrez gain, bizitu esperientziez emakume arrazatuek duten irudikapen propioei ez diete kasurik egin. Hori horrela, estereotipoen mantentzean parte hartzen dute: zapalkuntza patriarkal ala erlijiozkoaren biktimatzat itxuratzen dira, edota kategoria pasibo eta agentibitaterik gabekotzat.

“Feminismoaren subjektua zuria ote da?” galderari zer erantzuten diozu zuk?

Emakume zurien bizipenak izan dira luzaz mugimendu feministaren eta teoria feminista dominanteen subjektuak. Adibidez, 60 eta 70eko hamarkadetan, kontrazepzio eta abortu eskubidea  mugimendu feminista mainstream-aren aldarrikapen nagusi zen bitartean, esterilizazio bortxatuaz ziren gehienbat kezkaturik emakume beltzak eta autoktonoak; norbere gorputzaren kontrolaren aldarria ezberdin kontsideratzen zuten. Gaur egun, feminismoa gero eta gutxiago da zuria: jakintza, esperientzia, bizipen eta borroka minoritarioei bideratu beharreko tokiaz gehiago gogoetatzen da eta emakume arrazatuen lanak gehiago irakatsiak dira. Adibidez, kurtso osoak dira feminismo post-kolonialei, autoktonoei, musulmanei ala beltzei zuzendurik. Baina paradoxikoki, ikasketa feministaren barruan aparteko toki bat zuzentzeak feminismo zuri mainstream-aren eta jakintza feminista arrazatuen arteko bereizketaren atxikitzea ere sustatzen du.

Feminismo deskolonizatu baten giltzak zein dira?

Argi ukan beharra dago emakume guztiak ez direla egoera berean eta zapalkuntza ezberdinak bizitzen ditugula. Onartu beharra dago ere emakume zuri gisa toki pribilegiatuan garela. Hori onarturik, gaiaz zuzenki hunkiriko emakumeei hitza utzi behar zaie, Bel Hooksek zioen modura “mugimendu feministaren jabe” baikinan jokatzea ekidinez. Elkartasuna gauzatzeko moduak berriz pentsatzean datza kolonialismoa eta infantilizazioaren luzatzea saihesteko baldintza: emakume arrazatuen aldarrikapenen transmisio uhal gisa jokatuz dute emakume zuriek  zinezko sostengu aktiboa erakutsiko.

Intersekzionialismorik gabe ez dago “gu emakume” subjektu arras inklusiborik.

Hainbat zapalkuntza sistemaren inbrikazioa bizi dute emakume batzuek. Sexismoaz gain, heterosexismoa noski, baita arrazakeria ere, emakume arrazatuek adibidez. Kontua ez da erratea emakume horien bizipena okerragoa ala larriagoa dela, baina bai kualitatiboki ezberdina dela, eta argi ukaitea injustizia horiei emango zaizkien erantzunak ezberdinak izango direla.

“Deshumanizazio sexualizatua” kontzeptua erabiltzen duzu.

Filosofia politikoan, herritarrek bizitu injustizia eta berdintasun eza dituzte behatzen justizia banatzailearen eta onarpenaren teoriek. Emakume arrazatuek jasan injustiziak ezin dira mugatu enplegura iristeari, errentari, botereei ala funtzioei –justizia banatzailea– edota ezberdintasun kulturalaren ezagupen baikorrari –ezagupenaren teoria–. Deshumanizazioa bizi dute: gizakia baino gutxiagotzat hartuak eta tratatuak dira. Gutxienez bi arlotan sentitzen dute hori: psikologikoan, haien agentibitatea ukatua zaie eta hautu autonomoak egiteko gaitasuna berriz ezeztatua zaie. Hala nola, hijaba duen emakumea derrigorrez alienatua dela entzun ohi dugu. Bigarrenik, arlo fisikoan arraza kategoriari uztarturiko bortizkeria sexuala bizi dute. Adibidez, buruzapi musulmana errotik kentzen zaienean edota jatorriari loturiko irainak pairatzen dituztenean.

“Gu emakume” inklusibo bakarra ala hamaika “gu emakume” txiki ?

Beharrezkoak izateaz gain, emankorrak dira aniztasuna eta ezberdintasuna. Nire ustez, talde feminista ezberdinak mantentzean eta noizbehinkako aliantzak egitean datza benetako askapen borrokarako giltza. Perspektiba nagusien partetik gauzatu bazterreko indarren errekuperazioa eta gutxiengoan direnen ezabaketa saihesteko balio du ere feminismoaren baitako ezberdintasunen balorazioak.

‘Black’ feminismoa oinarrian

“Pertsonalki edota hurbilekoek bizitu bizipenak hitzez adierazirik kausitu nituen Bel Hooks, Audre Lorde eta Angela Davis idazleen obrak irakurtzearekin, besteak beste. Egunerokoan bizitutakoaren zentzua eta zehaztasunak kausitu nituen idatzi horietan. Orduan nuen zapalkuntza sistemen inbrikazioaz kontzientzia hartu”.


ASTEKARIA
2016ko uztailaren 17a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-02 | Euskal Irratiak
Maialen Berra Zubieta: "Baionan ere queer mugimendua bada"

Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.


Eguneraketa berriak daude