LuxLeaks-ek utzi ditu gaizkileak agintzen eta salatzaileak zigortuta

  • Urtebeteko espetxe zigorra gehi 1.500 euroko isuna, Luxenburgoko agintariek mundu osoko oligarkiari zergen iruzurra nola antolatzen zien erakusteagatik. LuxLeaks epaiaren irakasgaiak dio hori dela delitu ekonomikoak salatzera ausartzen direnen saria. Pozik egon behar, gainera, fiskalaren 10 urteko espetxe eskaria saihestu dutelako herritar eta erakunde askoren mobilizazio handiari esker.

Vincent Kesslerren, Antoine Deltour poliziaz inguraturik Luxenburgoko auzitegira iristen, alboan daramala abokatua. Bidegabekeriak salatzen dituzten alerta jotzaileen auziperatze eta zigorrak deitoratu dituzte hainbat erakundek mundu osoan, tartean Nazio
Vincent Kesslerren, Antoine Deltour poliziaz inguraturik Luxenburgoko auzitegira iristen, alboan daramala abokatua. Bidegabekeriak salatzen dituzten alerta jotzaileen auziperatze eta zigorrak deitoratu dituzte hainbat erakundek mundu osoan, tartean Nazio Batuen Erakundean giza eskubideen ardura daukan Alfred de Zayasek.

Antoine Deltour, PricewaterhouseCoopers (PwC) auditoria multinazionaleko enplegatua LuxLeaks eskandaluko informazioa kaleratu zuena, urte beteko espetxez zigortu dute Luxenburgoko sekretu profesionalen legea urratu eta data baseak legez kontra eskuratzeagatik, lapurretagatik finean. Raphaël Halet ere errudun jo dute epaiketan, hamar hilabete berarentzako. Edouard Perrin kazetaria libre geratu da. Aldiz, haiek salatutako iruzurgileak (Amazon, Ikea, Fiat, Pepsi, Apple...) oraindik inork ez ditu auzitara eraman.

Oxfamek esan du: “Zergak ordaintzetik ihes egiten dutenak indarturik atera dira epaiketa honetatik, legea beren alde jarri baita. Hemendik aurrera pertsona izugarri adoretsua izan beharko da zerga iruzurraz hitz egiteko, isun handiei edo espetxera joateko posibilitateari egin beharko baitie aurre”. Garai zailak alerta jotzaileentzako, ingelesez whistleblower, gaztelaniaz alertador eta frantsesez lanceur d’alerte deituentzat.

Luxembourg Leaks edo LuxLeaks izena eman zaio Luxenburgoko ogasun publikoak auditoria konpainien bidez Europa osoko bezeroei zergak saihesteko eskainitako akordioen eskandaluari. 2014ko azaro eta abenduan ICIJ Ikerketako Kazetarien Nazioarteko Kontsortzioak plazaratu zituen LuxLeaks dokumentuak, bi alditan. 28.000 orrialde biltzen zituztenak PwC auditoriako multinazionalak 343 enpresaren enkarguz Luxenburgoko agintariekin bideratutako 548 itun fiskal. Filtrazioak erakusten zuen Luxenburgok iruzurra antolatuta zeukala eskala industrialean.

1990etik hasita Luxenburgo berezitu da finantzen industrian, atzerriko konpainia handien filialak erakarriz, paradisu fiskalen mekanika klasikoak erabilita. Luxenburgoko funtzionarioek horiei zedula berezi bidez (ATA Advanced Tax Agreement  ingelesez) bermatu diete ez pagatzea zergatan etekinen %29 baizik eta %1 edo gutxiago.

Luxenburgoko ogasunaren eta filial sarez babestutako korporazioen erdian,  PwC bezalako auditoriako multinazionalak. Euskal Herrian ere ezagunak dira, konpainia handien eta administrazio publikoen arteko bitartekaritzan. PwC berak esku hartu du, esaterako, Gipuzkoan Zubietako erraustegia finantzatzeko operazioan, swap toxikoen auzian;  auzitara eramanik, epaileek Gipuzkoan ere irabazle utzi zuten PwC.

LuxLeaksek erdiz erdi harrapatu zuen Jean-Claude Juncker, Europako Batzordearen lehendakari izan aurretik Luxenburgoko lehen ministroa izana 1995etik 2013 bitartean. Eskandalua piztean deklaratu zuen sekula ez zuela eskurik sartu dossier bakar batean, Gobernuaren eta konpainien arteko akordiook nazioarteko zuzenbidea errespetatzen zutela, nahiz eta justizia fiskala eta arau etiko eta moralak urratu.

Hala ere, inork ez dio eragotzi lorik Junckerri; zergetan irabazien %29aren ordez %1a ordaintzea lortu zuten konpainiek lasai ederrean segitu dute beren negozioetan, PwCk bezala; eta justiziarekin buruhausteak izan dituzte iruzurra haizatu zutenek.

Zerga ihesaren industria

Antoine Deltour Nancyn (Frantzia) aurkitu du Rue89 aldizkariak, epaiketa baino lehentxeago. Emaztea eta bederatzi urteko alabarekin bizi da. “Zigortzen baldin banaute, helegitea ezarriko dut, ez niregatik baina alerta jotzaileen alde”.

PwCn gazterik hasi zen, Bordeleko merkataritza eskola amaituta. 2008ko krisiarekin jabetu omen zen Luxenburgok darabilen fiskalitate-saihestearen garrantziaz. Aldatu nahian, INSEE Estatistiken eta Ekonomia Ikerketen Frantziako Institutuan postua eskuratu lehiaketaz eta PwCri agur esan, bizi berri bati ekiteko.  Ez ordea  aurretik PwCko zenbait dokumentu bero hartu gabe.

Bere eskuetatik pasatako 350 ATA kopiatu zituen: “Edonor izan daiteke alerta jotzaile. Nik ez dut egin agiriak kopiatu eta kazetari bati ematea besterik. Gero gertakizunak buru gainera heldu zaizkit, bai, baina aurretik ez nuen horrelakorik pentsatu”.

Cash Investigation telebista saioko Edouard Perrin kazetariak zabaldu zituen lehenbizikoz. Oihartzun handiegirik ez zuen lortu, baina nahikoa PwCk barne ikerketa hasi eta Deltour atxilotu arazteko. Komisaldegian “oso bakarrik sentitu nintzen, galdu samar” aitortu du. Nazioarteko auzi penaletan berezitua den William Bourden abokatuak gomendatu zion jada anonimotasuna mantendu ezingo zuenez, onena publikoki aurpegi ematea izango zuela. Argitara azaltzearekin afera elur bola bezala gizendu zen hedabideetan.

Milaka gutun, dozenaka elkarrizketa eskari... Hasieran pertsonalki erantzuten zuen, gero sostengu talde batek hartu zuen lana. Denen beharra izan du auzi egunak iritsitakoan. Epaiketaren gastuak ere batzordeak hartu ditu bere gain. Frantziako finantza ministro Michel Sapinek publikoki defenditu du, INSEEko arduradunak ere bai.

Deltourren defentsa beti izan da argia, lanceur d’alerte moduan aurkeztu da, etekin pertsonalik bilatu ez duen ohartarazletzat. “Harro nago salaketok ondorio zehatzak ekarri dituztelako, hartu ditudan arriskuak zerbaiterako balio izan dute. Europako arauetan aurrerapen bat egin da”. Frantzian Sapin 2 legea aipatzen da, administrazioaren gardentasuna eta salatzaileen segurtasuna bermatu behar dituena.

LuxLeaksen bigarren iturriak, Raphaël Haletek, ez du zorte bera izan. Kalte-ordaina kobratuta kaleratzearen truke PwCrekin konfidentzialtasun klausula zeukanez sinatua, publikoki ezin izan du aurpegirik eman. Horrek utzi du laguntza ofizial eta finantzazkorik gabe epaiketan, eta Deltourri eman dioten Europar Herritarraren Saria gabe. Haletek auzian bertan egin du jauzia eta hasi da publikoki mintzatzen.

Deltour langile kualifikatua zen moduan, Halet idazkari xume bat zen, dokumentuak eskanerrez pasa eta kopiatzearen arduradun. Cash Investigation programan ikusi zuenean lehen filtrazioa, orduan ohartu omen zen bere lan mekanikoaren garrantziaz. Eta kazetariari dokumentu gehiago eskuratu zizkion.

Epaiketan Haletek azaldu zuen nola pasatzen zizkien ATA itunak egunero Luxenburgoko ogasuneko funtzionarioei, eta zein azkar bideratzen zituzten, hiru minututan milioika euro jokatzen zen ATA bakoitza. Munduko edozein herrialdek zergatan kobratu gabe utzitako milioi asko.

Adibidez. Walmart amerikarrak Luxenburgon, denda bakar bat eduki gabe,  64.2000 milioi dolar balio duten 22 sasi-konpainia dauzka eta 2010-2013 epean 1.300 milioiko etekinengatik %1 baino gutxiago ordaindu zuen. Industria hori antolatu zuen Jean-Claude Juncker da gaur Europako gobernuaren lehendakari. Otsoa ardion artzain.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ustelkeria
Ustelkeriaren normalizazioa

904.000 milioi euro. Hori da ustelkeriaren kostua urtean Europar Batasunean, 2020an egindako ikerketa baten arabera. 2008. eta 2020. urteen artean 3.743 ustelkeria kasu plazaratu ziren komunikabideetan Espainiako Estatuan, horietatik 109 Hego Euskal Herriari zegozkien. Atzera... [+]


Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


'Bidegi auzia' berriz ireki eta txosten independentea egiteko agindu du Gipuzkoako Auzitegiak

EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]


Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


Iberdrolaren kontrako isuna 85 milioi eurotik 5,4 milioira jaistea eskatu du fiskalak

Ustelkeriaren kontrako Espainiako Estatuko fiskalak berretsi du Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu zuela 2013an, eta urtegietatik ura kentzen aritu zela frogatutzat eman du, konpainia elektrikoaren kontra egiten ari diren epaiketan.


Eguneraketa berriak daude