Hego Euskal Herriko pentsiodunak eta Espainiako Estatukoak larrituta daude pentsioen eltzeitsuaren likidatze etengabearen aurrean. Espainiako Lan Ministeritzak Erreserba Funtseko 8.700 milioi euro erabili zuen uztaileko pentsioak ordaintzeko. Operazio horren ondoren oparoaldian aurreztutakotik 25.176 milioi euro baino ez dira geratzen. Erritmo horretan, eltzeitsua 2017 amaieran hutsik egongo da. 2011n 67.000 milioi euro zeuden bertan. Zer gertatu da egoera horretara iristeko?
Bost milioi lagun daude langabezian Espainian eta Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenak –horiekin ordaintzen dira pentsioak– egunetik egunera gutxiago dira. Ez soilik gutxiago, enplegu prekario eta behin-behinekoen ondorioz soldatak murriztu direnez, kotizatzen dutenek kopuru txikiagoan egiten dute. PPren Gobernua kotizazio tarifa finkoa sustatzen ari da kontratazioa suspertzeko, eta horrela, Gizarte Segurantzarako diru-sarrerak ez dira nahiko.
Egoera horren aurrean eta pentsioak bermatzen segi nahi badugu, prekarietatea errotik desagerrarazi behar dugu eta enplegu duinaren eta egonkorraren alde egin, egungoak baino soldata txukunagoak behar ditugu. Horrez gain, hobeto kudeatu behar da hau guztia. Hego Euskal Herrian, estatutu eta hitzarmenen bidez teorikoki badugu Gizarte Segurantzarako eskuduntzarik. Baina Madrilek konpromiso hori urratzen du eta ez digu uzten esku hartzen. Hortxe beste arrazoi bat nazio subiranotasuna aldarrikatzeko, Gizarte Segurantza propioarekin gure pentsioak bermatuko baditugu. Jakina, hemen ere egin ditzakegu gauzak gaizki. Baina kontrol politiko, sindikal eta soziala askoz handiagoa eta hobea litzateke. Borroka egiteko jomuga izan daiteke.