Gerra galdua

2008an izan genuen sentsazio izugarri hura, mundu “osoko” sistema kapitalistaren porrota bazitekeela pentsatzea, beldurgarria batetik, motibatzailea bestetik, pasatu zaigu. Benetan, ez nuen uste izan horrelako desestabilizazioa egon zitekeenik. Bestela pentsatzen nuen: arlokako krisiak izango zirela, beti ezagutu izan ditugun moduan, baina sistema osoa, nahita, desorekatzea ezinezkoa zela, hainbeste egokitzapen eta gero.

Baina ez! 2008tik aurrera, kapitalismoak egin duen sistemaren “autobirrintzea” eta berreraikitzea harrigarria izan da. Nik uste, Lehen Munduan ezkerreko sentitzen garenok, ekonomiaz jantzita ez gauden gehientsuok, ahozabalik utzi gaitu gertatuak. Hori gaitasuna, dozena erdi urteetan, ekoizpena erabat txikitu eta modu berriak asmatzeko, eraikitzeko eta martxan jartzeko. Eta gu, atzaparra zurrupatuaz ikusle lez, “ezer” egin gabe (hamaika ekintza eta ekitaldi egin ditugu bai, baina ez eraginkorrak, eta gehienak dagoenari eusteko asmoz). Zer egin, ordea, horrelako uholde erraldoiaren aurrean?

Sei urteren buruan, denda edo taberna txikienetatik hasita, estatu osoak ezabatu dira. Enpresa txiki eta handiak pikutara joan dira; bankuak eta entitate finantzarioak itxi dituzte, beste batzuk reflotatu eta bat egin; Irak, Libia, Siria eta Afrikan egitura estatalak desegin, milioika jende migratzaile bihurtuz, milioika jende sakrifikatuz; zerbitzu publikoak murriztu dira ia toki guztietan, lan baldintzak gaiztotu munduko ertzetan esklabismoraino, eta jendarte aurreratuenetan ere prekarietatea gailendu da. Dena gure begien aurrean.

Eta atzera begiratzean, orain, zera iruditzen zait, desestabilizazio hori ez dela izan deskontrolatua, eta estatuburu morroien laguntzaz gain, botere ekonomikoaren menpeko politikariez gain, soldatapeko kazetari eta epaileez gain, norabide bat egon dela, gehiengoak ez genekiena, inoiz jakingo ez duguna, gure nahimenaren gainetik inposatu zaiguna, ezinbestean, euren etekinak pilatzen jarraitzeko.

Azken urteetan ARGIAn idatzi ditudanak berrirakurri eta, nago, inozo bat besterik ez naizela, eta irakurri nauzuenak ere bai, nik esandakoari noizbait arrazoia eman badiozue behintzat. Hitz eta ideia landuak, desio antzuak, borondate oneko berba hutsalak. Hazkuntzaren beharra zalantzan jarriz, oinarrizko soldata aldarrikatuz, soldatapeko lanaren kontra, ekonomia planifikatuaren alde, merkatutik kanpoko eremuak sortu beharra... Arrastorik utziko ez duten kontzeptuak. Ja.

Jendarte aurreratuetan geure burua ezkertiartzat dugunok, amateur gizagaixoak besterik ez gara izan, eta eurak, benetan profesionalak, ideia argikoak eta eraginkorrak. Hurrengo krisi handia ez dut ezagutuko, baina pentsatzen dut hobeto prestatuta egon beharko dugula –dutela–, indar gaizto honi aurre egiteko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Diferentziak

Datozen hauteskundeak bereziak dira, hauteskunde guztiak diren moduan; bat ez dela esaten diguten egunean izango da berezia, esaten digutenean “aurten gertatuko den guztia, gertatu da lehenago ere”. Asko erabakitzen omen dugu. Beldur pixka bat ematen du, ez? Zer? Zer... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


Europa gainbeheran?

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori... [+]


2024-04-14 | Gorka Menendez
Aste Santua eta ramadana

Urteak daramatzat nire herriko Elkarlaguntza Sarean militatzen. Bertako Etxebizitza Sindikatuan zenbait jatorritako jendea batzen gara eta komunitate musulman handia dago. Aurten, ramadana dela eta, Elkarlaguntza Sare osotik gau batean ramadan gosaria egin dugu. Eztabaida sortu... [+]


Eguneraketa berriak daude