Egungo beharretara egokitu gabeko azpiegitura

  • Añanako Kuadrillaren ureztatze planak eztabaida eragin du Araban. Espainiako Gobernuak eta Arabako Foru Aldundiak bultzaturiko egitasmoak hainbat putzu eraikitzea aurreikusten du; Barróngo urtegia litzateke proiektuaren azpiegitura nagusia. 1999an diseinaturiko egitasmoa izanik, ezbaian dago bideragarritasuna: ur eskariaren eta eskaintzaren artean sekulako aldea egon liteke.

Barrón-Añana Urtegiari Ez plataforma

Añanako Kuadrillako laborariek badute ureztatzeko azpiegitura beharrik eta urteak daramatzate putzu eske, baina 2015eko abuztuan Barróngo urtegia eraikitzeko asmoa publiko egin zen arte, ez zuten azpiegitura handirik espero. Are gutxiago, inguruko nekazaritzaren gainbehera ikusita: arestian nekazari askok eman zuen izena Ureztatzeko Taldean, baina egun, horien %8 inguruk besterik ez du jarraitzen laborantzan.

Proiektuaren aldekoen aburuz, nekazaritzaren gainbehera iraultzeko tresna izan daiteke urtegia. Alegia, ureztatze azpiegiturek laborariak erakarriko lituzkeela uste dute, eta horrek lagunduko lukeela populazio galerari aurre egiten.

Lurrak ureztatzeko asmoz eraikitako Arabako urtegi handienetarikoa litzateke Barróngoa, 182 milioi euroko aurrekontuarekin. 70-80 hektarea okupatuko lituzke eta 4,8 hektometro kubo ur pilatzeko gaitasuna izango luke. Laborantza lurrek duten beharrei erreparatuz, gehiegi, hainbat bizilagunen aburuz. Batzuek informazio falta salatu dute eta, jakin-minak bultzaturik, antolatzen hasiak dira: Barrón-Añana Urtegiari Ez plataforma sortu dute.

1999an diseinaturiko egitasmoa zaharkiturik dagoela iritzita, ikerketa sozioekonomiko eguneratua aldarrikatzen dute urtegiaren aurkakoek. “Lehenik eta behin inguruan zenbat nekazari dauden jakin behar lukete bultzatzaileek, euren lurrak ureztatzeko gisa honetako azpiegitura baten beharra zenbatek duten alegia”, dio plataformako Maite Cruzek. “Halakorik egin ezean, sekulako aldea egon daiteke eskariaren eta eskaintzaren artean”.

Barrón eta Gineako lurrak hartuko lituzke urtegiak, baina inguruko herrietan ere izango luke eraginik. Presaren 35 metroko horma nagusia Atiega herritik gertu eraikiko litzateke, eta horrek kezka eragiten du. “Hormak eztanda eginez gero, herri guztia itoko da”, adierazi du plataformako beste kide batek, Txus Fernandezek. Atiegara iristeko errepidea lekuz aldatzea ere ekarriko luke azpiegitura eraikitzeak.

Halako azpiegitura baten beharra gaur egun zenbat nekazarik duten neurtu beharko litzateke, urtegiaren aurkarien ustez
Nori interesatzen zaio?

Egitasmoaren bultzatzaileek hainbat fasetan banatu dute prozesua. 2008an ekin zieten lanei eta oraingoz hiru putzu eraiki dituzte; horietako bat ez da erabiltzen, bizilagunen arabera, beharrik ez dagoelako. Horregatik, urtegia eraikitzeko bestelako interesak egon daitezkeela iritzi dute. “Usain txarra hartzen diogu proiektuari, enpresa interesatu asko egon daiteke”, azaldu du Fernandezek. Espainiako Estatuko hormigoiaren eta uraren alorreko presio taldeak aipatu dituzte bizilagunek. Horien artean dago Acuamed, Espainiako Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioaren menpeko enpresa publikoa, gaur egun iruzur auzi batean murgilduta dagoena.

Alta, Arabako nekazari guztiak ez daude ados plataformaren aldarriarekin. Batzuek uste dute ez dela ikerketa sozioekonomikoa egiteko unea. “Ezin dugu etengabe egoera ikertu, urteak daramatzagu ureztatze azpiegiturak exijitzen eta behingoz obrei ekin dietenean ezin dugu proiektua geldiarazi. Barróngo urtegiaren aurka egoteagatik ezin dugu egitasmo osoa eten”, adierazi du UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko presidente Javier Torrek.

Ezin daiteke uka laborarien artean badela eztabaidarik eta UAGA da horren isla. Barróngo urtegiaren auzian bateko eta besteko iritziak ditu sindikatuak ere, eta kide batzuentzat ezezaguna da gaia. Horren aurrean, egitasmoaren aldekoak bereganatzea baino, Barróngo urtegiaz ezer ez dakitenak informatzea du plataformak lehentasun.

Desjabetuak ere ezjakin

Barróngo urtegiak okupatuko lukeen lurraren %100 laborantza lurra litzateke, inguruko nekazarien jabetzapekoa. Lurrak galduko lituzketenen artean dago Maite Cruz; oraindik ez daki zer jasoko duen nahitaezko desjabetze horren ordainetan. Hori bai, argi du jarrera: “Nik ez dut dirurik nahi. Ustiategiaren %50 kentzen badidate, zer egingo dut?”.

Bizilagunek ez dakite zein baldintzatan egingo diren nahitaezko desjabetzeak, ezta noiz egingo diren ere. Horregatik, egitasmoaren alde daudenei entzuteko eta eztabaidatzeko prest ager daitezen eskatzen diete: “Aintzat har dezatela, gutxi batzuen mesedetan, hainbat bizilagunek lurrak galduko ditugula. Gure lekuan jartzea besterik ez dute”.

Ura ponpatzeko beharra: egitasmoaren porrota

Quejo, Nograro eta Barrio herriak lirateke Barróngo urtegiaren iturburu. Arabako Foru Aldundiaren esanetan, printzipioz ez legoke ura ponpatu beharrik, urak bidea bere kabuz egingo duen esperantza dagoelako. Hala ere, Aldundiak onartu du, beharra balego, ura Osmatik ponpatzeko aukera ere aurreikusi dela. Uraren prezioa garestituko luke horrek eta urtegia ez litzateke bideragarria izango nekazarientzat. Proiektuaren porrota izango litzateke. Kasu horretan, UAGAren babesa ere galduko luke egitasmoak.

Lurzoruaren egoerak eragina du ura ponpatzeko beharrean. Plataformako kideak hasiak dira beren kabuz ingurunea aztertzen eta orain arteko datuek ez diete baikortasunerako biderik ireki. Ebroko Ur Konfederazioak harturiko laginen arabera, Barróngo lurzorua iragazkorra da; hori oztopo litzateke ura pilatzeko.

Sustatzaileen aburuz, nekazaritzaren gainbehera irauteko tresna izan daiteke Barróngo urtegia

Arabako Foru Aldundiak aurretik ere eraikiak ditu ureztatze azpiegiturak lur iragazkorretan eta esperimentuak ez du emaitza onik lortu. Bizilagunek Noryesteko egitasmoa dute gogoan: Arabako Foru Aldundiak 30 milioi euroko inbertsioa egin zuen Uribarri Arratzua urez hornitu nahian. Jasotzen duen uraren %4 besterik ezin du pilatu lur iragazkorretan eraikitako azpiegitura horrek.

Prozesu parte-hartzailea ireki nahian

Aldarria indartzeko ahaleginean, Barrón-Añana Urtegiari Ez plataformak fase berri bat ireki du, eztabaida Arabako Foru Aldundira eramanez. Alderdiekin batzartu da, baina ez du guztien onespena erdietsi: EAJ eta PP urtegiaren alde daude, eta Ciudadanosek eta PSE-EEk gehiago ikertu behar dela diote. EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi aurka azaldu dira.

Proiektua adituek eta herritarrek esku hartuko duten prozesu parte-hartzaile baten bidez birpentsatzea litzateke hurrengo urratsa, plataformaren ustez. Lanean dihardute hori lortzera bidean, batzar informatiboak eta mahai inguruak antolatuz. Informazio faltari aurre egin eta Barróngo urtegiaren eraikuntza eztabaidagai publiko bilakatzea da haien helburua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barrongo urtegia
2017-05-30 | Arabako Alea
Eragin handiak izango ditu Barrongo urtegiaren obrak ondare arkeologikoan

Laurogeitik gora errota, zubi, aztarnategi, ermita, gaztelu, bide eta antzinako herrixka harrapatuko ditu Barrongo urtegiak. 431.645 euroko inbertsioa kalkulatu dute ondare arkeologikoan izango dituen kalteak txikiagotzeko.


2016-10-11 | Arabako Alea
Barrongo urtegiaren kontra bildu dira Arabako Diputazioaren aurrean

Añana Kuadrillako bizilagunek Gasteizko kaleetara eraman dute Barronen egin nahi duten urtegiaren kontrako protesta, eta Diputazioaren aurrean elkarretaratzea egin dute. Batzar Nagusiaren osoko bilkura zegoela baliatu nahi izan dute urtegiaren egitasmoaren salaketa... [+]


2016-05-24 | Arabako Alea
Alderdiak deitu dituzte ekainaren 7an Barrongo urtegiari buruz hitz egiteko

Arabako Kongresurako zerrendaburu guztiak bildu nahi ditu Barrongo urtegiaren kontrako plataformak mahai-inguru batean urtegiari buruz hitz egiteko. 


2016-04-05 | Arabako Alea
Arabako Kontzejuen Elkarteak Barrongo urtegiaren egitasmoa arbuiatu du

Arabako Kontzejuen Elkarteak Barrongo urtegiak kaltetuko dituen bizilagunekin bat egin du, eta egitasmoa gelditzeko exijitu du. Beharrezkoa ez den azpiegitura dela salatu dute.


2016-02-18 | Arabako Alea
Barrongo urtegiaren obra gelditzeko mozioa atzera bota dute Arabako Batzar Nagusiek

Arabako Batzar Nagusiek atzera bota dute asteazkenean Barrongo urtegiaren obra gelditzeko eskatzen zuen mozioa. EH Bildu, Podemos eta Irabazi biltzarkide taldeek defendatu dituzte Barrongo Urtegiari Ez plataformaren eskaerak.


Eguneraketa berriak daude