Ontzigintza Hondarribian

Itsasoa eskutik eskura

  • Itsasoa gobernatzea ezinezkoa izaki, itsasoan norbera nola gobernatu asmatzean jarri dute adimena ozeanoari begira sortu, hazi eta bizi diren herriek. Berdin egin dute Hondarribiak eta euskal itsas ondoko beste herriek. Ongi joan zaie gainera, eta mende luzez ontzigintzan trebatu ziren puntako ekoizle bihurtzeraino. Etorkizuna, baina, itsasoa bezala, laino dago.

Aitor Kaltzakorta @Kaltzakorta
2016ko uztailaren 10a
Ignacio eta Lazaro Olaziregi Hondarribiako Gabarrariko pabilioian.
Ignacio eta Lazaro Olaziregi Hondarribiako Gabarrariko pabilioian.

Sona handiko ontzigileak eta ontziak sortu eta landu dira Euskal Herriko kale, portu eta ibai ertzetan. Hondartza eta labarretatik harago barnealdea ere ontzi eraikuntzari begira hazi zen garai luze batean, historia, kultura, gizartea eta ekonomia gidatu zituen sektore indartsua belaunaldiz belaunaldi, mendez mende, eskutik eskura iraunaraziz.

Alta, sektorea ez da indartsu dagoeneko, eta ez du ekonomiaren motor edo bela funtziorik betetzen. Iraun egiten du. Areago, iparra bilatzen ari dela esan daiteke, arrantza egiteko kupoak eta beharrezkoak diren beste hainbat neurri urruneko bulegoetan arrantzatu behar diren garaiotan. Itsasora ateratzeko itsasontzi on bat baino gehiago behar da.

Probintziako zentro nagusiena

Hondarribiak protagonismo berezia izan du alor honetan. Lourdes Odriozola Oyarbide historia doktoreak 2003an Hondarribiko Udalarekin batera argitara eman zuen Ontzi eraikuntza Hondarribian 1203-2003 lan mardulak xehetasun handiz kontatzen du iragan zortzi mendeotako emaria.

1203an Gaztelako errege Alfontso VIII.ak Hondarribiko hiribildua fundatu zuen, Bidasoa ibai estrategikoa kontrolpean izan eta Europa Atlantikoarekin merkatal harremanakbermatzeko. XVIII. mendera bitartean Lezo eta Pasai Donibaneko erriberetan egon ziren herrialdeko ontziola garrantzitsuenak eta horrek, Odriozolak jasotakoaren arabera, “Hondarribia Aro Modernoan probintziako ontzi ekoizpen zentro nagusietako bat izatea eragin zuen” .

Garai horretako petrolioa balearen koipea zen, eta hondarribiarrak balea arrantzale bikainak ziren. Hasieran gehienez hamar metro eta bost arraunlaridun txalupa txikiak erabiltzen zituzten, baina baleak euskal kostaldetik urruntzen joan ahala arrantzaleek ere urrutiago –Ternua kasu– joateko ontziak egin zituzten.

XIII. mendean Europa iparraldeko herrialdeetatik iritsi ziren ontzingintza alorreko berrikuntzak, eta euskaldunek horiengandik ikasi zituzten. Ontziak behar propioetara moldatzerik lortu zuten ikasitako teknikak hobetzen eta sektorean aurrea hartzen, XV. mendean perfekzio maila handia lortu eta Europa osoan entzutetsu bihurtzeraino. Batelak, balenontziak, txalupak, karrakak, naoak eta baleontziak egin ziren batez ere Erdi Aroan.

Garai horretan ontziola guztiak hiribilduko harresitik kanpo zeuden: “Santa Mariaren ate inguruko hareatzatik La Roca izenez ezagutzen den tokiraino zeuden ontziak eraikitzeko karroak”. Horiez gain, Errota zaharreko ontziola –1612ko dokumentu batean ageri da–, Erriberako ontziola –1545ean Sancho Alkiza kapitainak nao bat eraiki zuen bertan–, Lonjako edo Puntaleko estalpea, Magdalenako ontziola, Bordalabordakoa, Bizkaia auzoko Errege Ontziola, Irungo ontziola eta Lezo eta Pasai Donibaneko ontziolak zeuden.

Euskal ontzigintzaren urrezko garai horretan ontzi mota ugari egin zen, hala nola galera (XVI. mendean), naoa eta galeoia (XVI eta XVIII), nabioa (XVIII)… Aurrerago etorri ziren fragata, bergantina, lega, batela, txalupa, gabarra, trainerua, txanela eta abarrak. Ontzi garrantzitsu asko egin zen urte horietan Hondarribian.

Garai berriak

Hondarribiko lehen ontzi lantegi modernoa Aseginolaza ontziola izan zen, San Pedro kofradiaren parean. 1928an egin zuten aseginolazatarrek bigarren pabilioia, eta makinaria asko eta askotarikoa biltzea lortu zuen. XX. mendean Urtizberea, Errazquin, Ecenarro, Elzo, Zuzuarregi, Lekuona, Garin edota Sagarzazu abizenak batu izan dira sektorera. Hondarribian, baina, batez ere bi dira XXI. menderaino ontzi eraikuntzaren lekukoa eraman duten abizenak: Olaziregi eta Iridoi.

Raku bezala ezagutzen zuten Juan Iridoy 12 urterekin hasi zen Aseginolaza ontziolan ofizioa ikasten. Gerratik bueltan erriberako tailer propioa egitea erabaki zuen. 40 urtez egin zuen lan bertan 1972an erretiroa hartu eta Jose Luis eta Jose Maria semeei lekukoa pasa arte. Egun Hondarribiko Arraun Elkartea dagoen pabilioia eraiki eta bertan jarraitu zuten lanean beste hiru hamarkadaz. Belaunaldi berriak egurrezko arrantzontziak eta poliesterrezko batzuk ere egiten zituen arren, konponketek pisu handia zuten Rakutarren jardueran ontziola itxi arte.

Sustrai elkartearen ardurapean Bentako karroan atontzen ari diren Mariñel itsasontzia (Ecenarron muntatua)

Lázaro Olazireguik Iridoyk baino pare bat urte geroago sortu zuen bere ontziola, Pampinot kalean. Honek ere Aseginolazan ikasi zuen ofizioa. Almirante Alonso kaletik pasata Amute auzoan egin zuen pabilioia ondoren. 1965-1966ko Bartzelonako Erakusketa Nautikoan poliesterrezko ontziak ikusi ostean, Lazaroren semeak –Ignacio eta Ramon– material hori erabiltzen hasi ziren motor txikiak eta txalupak egiteko. Ehunka halako ekoiztu zituzten urte horietan.

1991ra arte egin zuten lan elkarrekin Ignaciok eta Ramonek. Ignaciok eta bere seme Lazarok Hondarribian segitu dute, Gabarrarin instalatu ostean, eta poliesterra landu dute batez ere motor txikiak zein baxurako barkuak egiteko.

Hurrengo belaunaldia

Aitonaren izena daraman Lazarok aitarengandik ikasi zuen ofizioa 13 urterekin tailerrean hasita. Ohikoa izan da eskutik eskura egindako transmisioa. Rakutarrei ere aita tailerrean ikusita sortu zitzaien ofizioarekiko afizioa. Arotzak ziren denak, pazientzia, egiten zekitenarekiko pasioa, ausardia, esku fina eta begi ona zituzten lanerako tresna.

Garaiok, baina, irristakorrak dira. Sektorea ahul dago, noraezean, ontziak egiteko laguntzak bukatu dira eta belaunaldi berriak batzeko zailtasunak daude. Lazarok ez du uste ondorengoak ontziolan lanean arituko direnik, baina badu esperantza.

Enrike Lekuona ontzigintza injineruak Iridoi ontziolan egin ditu bere diseinuetako asko. Azkenaldian Arrantzaleen jakinduria hitzaldiarekin dabil, ontzigileen, arrantzaleen eta armadoreen artean sortzen eta transmititzen joan den jakinduriaz eta egiteko moduez mintzo.

Bertako arrantzaren eta ontzigintzaren etorkizunaz kezka ageri du: “Hemen dugun arrantza selektiboarentzat garai txarrak dira eta mundura atera behar dugu negozio eredu berriak bilatzeko. Ez hori bakarrik, Euskal Herrian baditugu baldintzak berriro ere puntako ontzigintzan aritzeko, baina apustua eta inbertsioa falta dira. CAF edo Irizarren antzera berrikuntzarekin saiatuz gero egoera irauli daiteke”.

Enrike Lekuona ontzigintza ingeniariaren marrazkia.

 


Ontzigintza kanaletik interesatuko zaizu...
La Naval konkurtsoan, 'Living Stone' ontziolatik kanpo, eta langileen etorkizuna kolokan

Langileek hiru hilabeteko erregulazio espedientea onartu dute, kable-ontzia amaitzeko “bermeak” edukitzearen ordainetan. Gaur aurkeztuko du konkurtsoa ontziolaren zuzendaritzak.


La Naval konkurtsoan, 'Living Stone' ontziolatik kanpo, eta langileen etorkizuna kolokan

Langileek hiru hilabeteko erregulazio espedientea onartu dute, kable-ontzia amaitzeko “bermeak” edukitzearen ordainetan. Gaur aurkeztuko du konkurtsoa ontziolaren zuzendaritzak.


Pribatizazioak ontziola eskoratu du azkenean

Sestaoko La Navalek abuztuaren 30ean hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen, bere 220 lanpostuak oso kolokan jarriaz. Langileak ez daude geldi eta irailaren 21ean manifestazioa egingo dute Ezkerraldean. Izebergaren punta baino ez da, ontziolarentzat lan egiten duten azpikontratetako eta enpresa hornitzaile txikietako ehunka lagun askoz okerrago baitaude. Hondamendia 2006an hasi zela dio zenbaitek, Espainiako Gobernuak La Naval esku pribatuetan utzi zuenean.


2017-09-21 | ARGIA
La Navalen eraikitzen ari diren itsasontzia eramaten saiatu da bere armadorea

Armadorearen hainbat marinel gauez azaldu dira Sestaoko ontziolara eta amarrak askatzen saiatu dira azalpenik eman gabe. Langileek Ertzaintzari abisua jo ostean alde egin dute.


2017-08-31 | Juan Mari Arregi
La Navaletik harago

La Navalen finantziazioak huts egin du bankuek egin dutelako huts. Euskal industria indartzea eta lanpostuei eustea helburu duen banku publikoa behar dugu, eta hor egon beharko luke Kutxabankek.


La Navalek konkurtsoa aurkeztuko du

Ontziola historikoa ez dela “bideragarria” argudiatuta, balizko hartzekodunen esku utziko dute konpainiaren etorkizuna.


2017-02-02 | Jon Goikolea
Flotazio-marra

Zirrara sortzen du karro azpian jarri eta begirada jasotzeak. Zirrara sortzen du tamainak, izeberg bat moduan, itsasotik ateratako baporea gauza handia baita. Zirrara sortzen du arrantzak herri bat nola moldatu dezakeen pentsatzeak.


Burgostik Pasaiara itzainen atzetik

Burgos, Errioxa, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoan barrena heldu dira Pasai San Pedrora bike eta alkitran upelez betetako hiru gurdiak. Desagertzeko zorian dauden idi eta mendi-behiek (200 ale baino ez dira geratzen) tiratuta osatu dute ibilbidea, duela zenbait mende egiten zen bezala. Aurretik itzainak eta atzean hamaika lagun zutela sartu ziren hilaren 19an Albaolaren eraikinera. Han eraikitzen ari diren XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika zuten zain.


Euskal ontziolei emandako diru-laguntzak legezkotzat jo ditu Luxenburgoko auzitegiak

Auzitegiak atzera bota du Bruselak Espainiako ontziolentzako hobari fiskalez hartutako erabakia eta inbertitzaileek ez dute dirurik itzuli beharko.


2014-05-09 | ARGIA
Navaleko langileen ustez kontratu berriak ez du denentzat lanik ziurtatuko

Ferry bat eraikitzeko kontratua sinatu du Sestaoko La Naval ontziolak eta horri esker bi urterako lan karga ziurtatu du. Langileen ustez ez da nahikoa denek lan egin ahal izateko.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude