Ongi etorri munduko industria kutsatzaileenetako batera: zinema

  • 1922 urtean Robert Flaherty-k Nanook of the North dokumentala estreinatu zuenean, gizakia eta ingurune naturalen arteko erlazio zaila islatu zuen, zazpigarren arteari zinema etnografikoaren ateak irekiz. Geroztik, eta azken urteetan batik bat, ohikoak dira naturaren gaia eta batez ere, gizakiak ingurumen horri egindako kaltea tratatzen dituzten ikus-entzunezkoak. Baina, zenbaterainokoa da kontzientzia ekologikoa zineman?

Gaizka Izagirre
2016ko uztailaren 10a
Jeremy Irons ‘Trashed’ filmean. Kontzientzia ekologikoa zabaltzeaz gain, filmak ekoiztean ere geroz eta garrantzitsuagoa da ingurumena zaintzea.
Jeremy Irons ‘Trashed’ filmean. Kontzientzia ekologikoa zabaltzeaz gain, filmak ekoiztean ere geroz eta garrantzitsuagoa da ingurumena zaintzea.
Pantaila aurrean

Pixar faktoriaren Wall-e film zoragarrian bi robot protagonistez gain, zeharkako hirugarren pertsonaia bat loratzen dela ohartuko zineten: zaborra. Gizakiak sorturiko kutsadurak eta zakarrak lurrean bizitzea ezinezko bihurtu duenez, planeta utzi eta hasierako egoera berreskuratzeko intentzioz, garbiketa robot batailoi bat uzten dute. Erabili, bota eta beste norbaitek gure “arazoa” konpon dezan itxaron. Ez pentsa, aurkezpen komertzialak dioen bezala, “maitasun zibernetiko bati buruzko kontakizun” sinple bat denik. Zaila iruditzen zait “umeentzat” katalogatua dagoen film bat hau baino “helduagoa” izatea.

Askoz ere tratamendu zorrotzagoa erabiliz, logikoa den bezala, dokumental ugaritan ere ikusi dugu gaia: Agnès Vardak zuzenduriko Les glaneurs et la glaneuse dokumentalean adibidez, zabor artean bilatzea prozesu zehatz kontsideratzen duten talde bat ezagutu genuen. Vardak Frantziako hiri eta landa eremuetatik bidaiatu zuen, ikusten zuen guztia kamerarekin grabatzen, bilketa horretatik bizi ziren pertsonak ezagutzeko aukera eskainiz. 2009. urteko Plastic Planet dokumentalean aldiz, mende bat baino gutxiagoko bizitzarekin, unibertsala eta ezinbestekoa bihurtu den materialaren kalteak ezagutu genituen: plastikoa. 2012an, Jeremy Irons aktore ezaguna munduko hondakin guztien efektua eta garrantzia azaltzen saiatu zen Trashed lanean. Mundu osoan barrena bidaiatu zuen, toki zoragarri baina era berean kutsatuak erakutsiz. Eta agian ezagunetarikoa: 2007. urteko An Inconvenient Truth dokumentalean, berotze globalaren arriskuen eta horren eragile nagusien berri eman zuten. Klima aldaketarena egia deserosoa omen da zenbait agintarirentzat, hortik filmaren izenburua.

Momentuz oso urrunetik ukitu duen arren, pantaila txikiak ere jorratu du gai hau. Azken urteetan Europa iparraldeko telesailetan loratzen ari den fenomeno txiki bat izan liteke horren froga: eko-telesailak. Energia berriztagarriak ardatz dituen Bedrag telesail danimarkarra adibidez. Edo Okkupert norvegiarra, orain urte batzuk zientzia fikziozko gidoi bat izan zitekeena, baina geroz eta gertuago ikusten dugun errealitatea islatzen duena. Klima aldaketaren ondorioz eta baliabide natural eskasak direla eta, norvegiarrek petrolio eta gas gehiago ez produzitzea erabaki dute. Hori dela eta, Errusiak Norvegia inbaditzen duen gertuko etorkizun batean kokatzen gaitu istorioak. Ekintza honekin, herrialdeko ustiapen osoaren kontrola eskuratu nahi dute.

Eta azkenik, sinbolismoz jositako Jordskott telesailean, etengabe ikusten ditugu Suediako kokaleku naturaletako zuhaitzak, tramaren ezinbesteko elementu bihurtuta.

Pantaila atzean

Luze hitz egin daiteke pantaila aurrean ingurumenaren gaia nola tratatu den aztertu nahi izanez gero. Baina zer gertatzen da kamera atzean? Mundu osoan eta batez ere Hollywooden egunero izaten diren milaka errodajeetan sortzen den zaborra nola kudeatzen da? Jasangarriak al dira gaur egungo grabaketak? Ze tarte okupatzen du birziklapenak?

Efektu berezietarako sortzen diren eztandak, argiztapen ikaragarriak, eraikitzen diren dekoratu eta agertoki erraldoiak… Kaliforniako UCLA unibertsitateak 2006an argitaratutako ikerketa baten arabera, bertako ingurumenean Hollywoodeko zinema eta telebista industriek, hotel, ehungintza, automobil edo aeronautika sektoreek baino eragin kaltegarriagoa dute. Petrolio industriak soilik gainditzen ditu. Urteko 140.000 tona partikula kutsakor baino gehiago sortzen ditu eta Los Angeles hirian azaltzen den smogaren arduradunen artean daude ikus-entzunezko industriak.

Aurre eta postprodukzio faseak kontuan izan gabe, edozein errodajetako ohitura txarren Top-5 bat egin dugu:

1) Diesel argi instalazio bat behar izaten dute grabaketa set guztiak argiztatzeko. Egunean 18-20 ordu egon daiteke piztuta, astean 6 egun, 5-10 astez edo gehiago.
2) Kamioi eta furgoneta ugari erabiltzen da grabaketa ekipo guztia garraiatzeko baita errodaje batean lanean dabiltzan ehunka pertsonak ere.
3) Cateringetan plastikozko ehunka edalontzi eta plater erabiltzen dira. Ur botila ugari botatzen dituzte eta horrekin batera, alferrik galtzen den ura, jendeak ez duelako errodaje guztian botila gainean alde batetik bestera ibili nahi.
4) Arte alorrean erabiltzen den material gehiena bota egiten da. Apenas dagoen berrerabilpenaren kulturarik.
5) Aro digitalean gauden arren, eta kalte hau pixkanaka murrizten ari den arren, egunero hainbat paper pakete erabiltzen da oraindik, gidoi edo sekuentzia konkretuen testuak inprimatzeko.

Adibide jasangarriak

Talde ugari mobilizatu da azken urteotan konpromiso ekologista baten alde. AEBetako elkarte zinematografikoak bultzaturiko jardunbide egokien gida edo Hollywood Goes Green ekimena sortu dira, adibidez, estudioek ingurumenarekin modu arduratsuan lan egiteko konpromisoa sendotu dezaten: hondakin guztien %65 birziklatzea, erregaiak biodieselarekin ordezkatzea, kontsumo baxuko bonbillak erabiltzea, mezu elektronikoak paperezkoengatik ordezkatzea, paper birziklatua ahalik eta gehien erabiltzea, zinema izarren hegazkin pribatuak kendu eta hegaldi konbentzionalak lehenestea, set guztiak material birziklatuekin eraikitzea…

Baina ahalegin horrez gain, benetako konpromisoa sustatu beharko lukete eta adostasun orokor bat lortu. Are gehiago mezu ekologikoa duten filmek. 2004. urteko The Day After Tomorrowekin egin zuten bezala adibidez: gehiegizko gertaera katastrofiko bat irudikatu zuten, berotze globalak lurra glaziazio egoerara bultzatuko zuela erakutsiz; eta ia 700 milioi dolarreko irabaziak izan ondoren, ekoizleek 200 milioi inguru zuhaitzak landatzeko eta beste hainbat ekintza jasangarri bultzatzeko erabili zituzten. Hori bai, errodajean sorturiko 10.000 tona karbono dioxidok eragin zituen kalteak euren kontzientzian sorturiko zurrunbiloa baretzeko neurria baino ez zen izan. Ez da horrelako zalaparta eta handikeriarik behar, txikitik eta egunerokotasunetik egin beharreko aldaketak baizik.

Askoz interesgarriagoa da 2009an Sam Mendesek zuzendu zuen Away We Go filmaren filosofia. Bizi diren herria abandonatu eta haurrarentzat leku egoki baten bila joko duen bikote baten istorioa kontatzeko asmoz errodatu zuten filma. Baina batez ere, zinema ekologikoki jasangarria eta arduratsua egin daitekeela frogatzeko. Esfortzua nahiko handia izan zen, ia mende batez zinema modu bakarrean egin baita: kutsatzen. Green Media Solutions aholkulari taldearekin batera, argiztapen guztiarentzat biodiesela erabili zuten; lan-taldea eta material guztia alde batetik bestera mugitzeko kotxe hibridoak eta bizikletak; plastikozko botilak guztiz debekatuta zeuden, aluminiozko termo berrerabilgarriak erabili zituzten horien ordez; ontziteria guztia biodegradagarria zen; dekoratuek sorturiko hondakinen %51 berrerabili eta gainerako %49 birziklatu zuten; eta materia organiko gehiena konposta egiteko erabili zuten.

Beste ekoizpen batzuetan ere esfortzu txikiak antzematen dira: HBOren Boardwalk empire telesail bikainean, adibidez, jantzi guztiak bigarren eskukoak dira eta ibilgailu guztien herena hibridoak. Meryl Streep protagonista zuen It’s Complicated filmean sobratu zen fruta eta janari guztia banatu egin zuten. Matrix errodatzen amaitu zutenean dekoratu guztiari bigarren erabilpena bilatu zioten: Mexikon bizi ziren errekurtsorik gabeko familientzat etxeak eraikitzeko erabili zituzten.

Argi dago zinema arma izan daitekeela, bozgorailua, lupa, klase sozial desberdinetako pertsonen hausnarketa bultza dezakeen komunikabide oso eraginkorra. Adibide hauek ordea, salbuespena dira eta ez araua. Tamalez, oraindik, zinemaren industria munduko kutsatzaileenetakoa dela esan behar dugu.

Kanal hauetan artxibatua: Zinema  |  Kutsadura  |  Kontsumismoa

Zinema kanaletik interesatuko zaizu...
2017-11-14 | Mikel Asurmendi
Hazparneko Zinegin festibalaren VI. Edizioa "Euskara munduan, besteen ahotan" lemapean

Euskal Herriko Zinema eta Dokumental ekoizpena da Zinegin Festibala, Hazparnen (Lapurdi) antolatua. VI. Edizioa da aurtengoa, azaroaren 16tik 19ra bitartean, “Euskara munduan, besteen ahotan” lemapean. Koldo Izagirre eta Patxo Telleria zinegileak izanen dira Lapurdin aste honetan, baita Joseba Sarrionandia ere, Hemen eta han filmaren bitartez. 


"Errementari" garaile, Beldurrezko Astean

Patxi errementariaren ipuin klasikoa berreskuratzen duen eta Arabako garai bateko euskara erabiltzen duen Errementari euskal pelikula izan da ikusleei gehien gustatu zaien film luzea (8,34ko nota jaso du) eta beraz, Paul Urkijoren lana izan da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko 28. Asteko irabazlea.


2017-11-03 | Miren Osa Galdona
'Non' filma ikusteko aukera egongo da Iparraldeko hainbat herritan

Ximun Fuchs eta Eñaut Castagnet zuzendariek lehen luze metraila eskainiko dute Iparraldean, azaroan zehar.

 


2017-11-03 | Uriola.eus
'Kurdistan begiratuz' zine zikloa Bilbon

Zine Kurduaren II. zikloa datorren astelehenean hasiko da Bilbon. Kurdistan begiratuz izenarekin, hiru film ikusteko aukera egongo da.


2017-10-26 | Santi Leoné
Marketinak ez du genero zinemaren akabera ekarriko (zerbaitek ekartzekotan)

"Marketinak dezepzioa eragiten du, bai, baldin eta marketina sinesten badugu". Gaizka Izagirrek ARGIAn idatzitako artikulu baten harira, Santi Leoneren hausnarketa 'Odolaren mintzoa' blogean.


"Ahoz ahokoa ahalbidetzen ari da egunez egun 'Handia'k zifra onak mantentzea"

"Ostiralean Handia estreinatu zenean ongi funtzionatu zuen, baina ez modu ikusgarrian; bat-batean larunbatean izugarrizko datuak iristen hasi ziren, eta igandean are datu hobeak; ilara handiak herrietan, sarrerak agortuta areto batzuetan, txaloak hainbat emanaldiren amaieran… eta gu txoratzen", kontatu digu Jon Garaño zuzendariak.


2017-10-25 | Uriola.eus
Zinebiren 59. edizioaren egitaraua aurkeztu dute

Bilboko dokumentalen eta film laburren nazioarteko jaialdia den Zinebik bere 59. edizioko egitaraua aurkeztu du. Azaroaren 10ean irekiko dituzte ateak eta aste betez hainbat fikzio, dokumental eta animaziozko filmak egongo dira ikusgai.


2017-10-25 | Ahotsa.info
Estreinatu dute "Pasaiako Badia" dokumentala

Iruñean estreinatu dute Pasaiako Badiako sarraskiaren inguruko dokumentala, arrakasta haundiz eta oso kritika onarekin. 1984ko martxoaren 19an Pasaian jazotako gertaerak ditu oinarri dokumentalak.


"Jane, Tarzan ez zen horren guay" eta "Zulo" filmak garaile Euskal Zine Bileran

40. edizioa agurtu berri du Lekeitioko Euskal Zine Bilerak. Film onenaren saria Begoña Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay lanak lortu du profesional mailan eta Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolaren Zulo filmak amateur mailan.


2017-10-15 | Gaizka Izagirre
Marketina beldurrezko filmekin akabatzen ari da

“Urteko beldurrezko film beldurgarriena”, “sekulako beldurra pasako duzu”, ”Sitges-en estreinatu zen eta zorabioak eragin zituen”… amua heltzeko helburuarekin, azken urteetan genero honetako ekoizpen bat estreinatzen den bakoitzean, esaldi horiekin bonbardatzen gaituztela ohartuko zineten. Baina ez hori bakarrik, erabiltzen dituzten trailerrak ere ileak puntan jartzeko modukoak izaten dira. Behin filma estreinatu eta aretora joaten garenean ordea, ez... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude