Uda iritsi da: zapla, muturrean! Hogeita hamar gradu erreetatik gora ibilita, kiskali gaitu. Baita itzaletan harrapatu duena ere. Bero saparen haize sargoriak itzala ere txigortzen du. Ohore handiena duen zuhaitzaren itzala izanagatik ere, erre!
Izan erre, nork ez du zuhaitzaren itzala maite? Maiz, zuhaitza bera baino gehiago estimatzen dugu bere itzala. Noiznahi epaitu, moztu eta merke asko emango genuke zuhaitza, baina sanferminetako eguzki lamatan bere itzal muttur hori garesti asko ordainduko...
Zuhaitzen balioaren berri ez dugulako. Hutsaren hurrengoa zaizkigulako... erromantiko, bukoliko eta mainontzi gaudenean izan ezik. Basoan, mendian, erreka bazterrean... Hor kikiltzen gara zuhaitzak nor badirela aitortzeraino. Kale kantoian, etxe aldamenean, espaloi arteko txokoan aitortza hori nekezagoa zaigu.
Bada, Doug Kelbaugh arkitekto laudatuak, AEBetako etxeek dirutan duten balioaren kalkuluan zuhaitzek nolako eragina duten aztertu du. Eta emaitza aizkorakada latza da zuhaitzak gutxiesten dituztenentzat: zuhaitz batek etxearen balioari 6.300 euro eransten dizkio. Eta, deskuiduan, etxea zuhaitz ilaraz jantzitako kale batean badago, 20.000 euro gehiago balio du. Zuhaitzen ohorea eta itzala.