Balentrien alde ilunaz

Oso futbol zalea ez izan arren, ni ere poztu egin nintzen Osasunaren balentriarekin. Ekaineko larunbat hartan, festaren eztanda ikaragarriaren lekuko isil eta arretatsu izan nintzen. Ilunetik aski izaten dugunez, festaren argiari besterik ez erreparatzea erabakia nuen, jendearen zoramenaren lekuko izatea ederra dela iritzita: karrikak eta ostatuak leporaino, jendea dantzan, oihuka, saltoka…

Bestalde, gurea bezalako gizarte hain zatikatuan gutxitan gertatzen da abertzale, erregionalista eta sozialistak arrazoi berberagatik alaitzea. Eta bada, noski, kontent egoteko beste arrazoirik, Osasuna zalea izan ala ez: klubak guztiokin duen zorra aiseago kobratuko dugu lehen dibisioan bigarrenean baino. 

Honaino, ederki dena. Kontua da herri zoramenaren aparra gora zihoan neurrian kontrako bidean hasi zitzaidala barneko bozkarioa, hura guztia gehiegi zelakoan: goizaldeko ongi etorri jendetsua, agintarien omenaldia, jokalariek heroien antzera karrikaz karrika eginiko ibilaldia, hedabideen arreta neurriz gainekoa… Zer nahi duzue esatea: hasierako helburua bazter batean utzita, iganderako festaren iluna nagusitzen ari zitzaion barneko bozkarioari.

Aldarte aldaketa arrazoitu nahian-edo, berriki irakurri eta apunteen koadernotxoan jasotako esaldia gogoratu nuen. Ismael Santos saskibaloi jokalari ospetsuarena da, elkarrizketa batetik hartua: “Kirol profesionalak –dio galiziarrak– funtsik gabeko automatak sortzen ditu. Zer irabazi, horixe balio duzu. Partida irabazten duen jaurtiketa egiten baduzu, heroia zara; huts egiten baduzu, berriz, kakati handiena. Dena azken emaitzaren arabera epaitzen da, eta hori bidegabea eta pobrea da”.

Esaldia irakurtzen ari nintzela, irrati esataria hurrengo denboraldiko euskal derbiez ari zen: “Bost euskal talde lehen dibisioan, hogei derbi!”. Hura entzun eta segituan telebistak horrelakoetan eskaintzen dizkigun irudiak ikusi nituen: bi taldeetako zaleak nahasturik daude, Estafetan edo Fermin Calbetonen, nor bere elastiko eta lepokoarekin, zerbeza eskuetan, oihuka. Hogei aldiz denboraldian.

Eta ni, etor litekeenaz jakitun, Xabierko San Frantziskoren beso ustelgabeari erregutuz, behin eta berriro: “Arren, derbien aurreko erreportajeetan atera dezatela noizbait Juan Luis Zabalak Txistu eta biok liburuan deskribatzen duen futbol zale motaren ordezkaria: ‘Ez nauzue harrapatuko Realaren elastikoa jantzita edo Realaren garaipen bat jauzika eta oihuka ospatzen. Aitortua baino isila da nire Realzaletasuna, espanturik gabea’”.

Hogei euskal derbi: hogei aukera profil horretako zaleren bat elkarrizketatu eta derbien aitzineko erreportajeetan berritasunik eskaintzeko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Diferentziak

Datozen hauteskundeak bereziak dira, hauteskunde guztiak diren moduan; bat ez dela esaten diguten egunean izango da berezia, esaten digutenean “aurten gertatuko den guztia, gertatu da lehenago ere”. Asko erabakitzen omen dugu. Beldur pixka bat ematen du, ez? Zer? Zer... [+]


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


Europa gainbeheran?

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori... [+]


2024-04-14 | Gorka Menendez
Aste Santua eta ramadana

Urteak daramatzat nire herriko Elkarlaguntza Sarean militatzen. Bertako Etxebizitza Sindikatuan zenbait jatorritako jendea batzen gara eta komunitate musulman handia dago. Aurten, ramadana dela eta, Elkarlaguntza Sare osotik gau batean ramadan gosaria egin dugu. Eztabaida sortu... [+]


Eguneraketa berriak daude