Zahartzen naizenean

Jonathan Swift (1667-1945).
Jonathan Swift (1667-1945).Charles Jervas

Laracor (Irlanda), 1699ko uda. Jonathan Swift idazle, politikari eta elizgizon irlandarra jaioterrira itzuli zen, eta hamabost eliztarreko kongregazio txikiaren ardura hartu zuen Dublinetik 32 kilometrora dagoen herrixkan. Lan gutxi zuenez, lorategia zaintzen, bikarioetxea berregiten eta, besteak beste, zahartzaroaz hausnartzen ematen zuen denbora.

Artean, 31 urteko Swift gazteak ez zeukan libururik argitaratuta, mende laurdena falta zen Gulliverren bidaiak (1726) bere lanik ezagunena amaitzeko, eta mende eta erdi haren aurreikuspen gaitasun harrigarriaz jabetzeko; Gulliverrek bidaiak nobelan Marteko ilargiak izan zituen hizpide, baina, ofizialki, Marteren bi satelite naturalak, Fobos eta Deimos, 1877an aurkitu zituen Asaph Hall astronomoak.

Hala ere, ordurako gizon zentzuduna zela ezagun zuen, zahartzarora iristean izan nahi zuen jarreraz egindako hausnarketak erakutsi bezala. Paper batean eskuz When I come to be old (Zahartzen naizenean) izenburua idatzi zuen, aldamenean urtea (1699), eta, ondoren, honako zerrenda hau:

“Ez naiz emakume gazte batekin ezkonduko.

Ez dut gazteen konpainia onartuko, gazteek benetan nirekin egon nahi dutenean izan ezik.

Ez naiz ezatsegina, betiluna nahiz mesfidatia izango.

Ez diet iseka egingo egungo ohiturei, esamoldeei, modei, gizakiei zein gerrei.

Ez ditut haurrak gogoko izango, eta ez diet niregana hurbiltzen ere utziko. (Egileak berak eskuizkribuan urratua).

Ez diet istorio bera pertsona berdinei behin eta berriro kontatuko.

Ez naiz diruzalea izango.

Duintasuna edo garbitasuna zainduko ditut, ezatsegina izateko beldur bainaiz.

Ez naiz zorrotzegia izango gazteekin, eta haien gaztaroko erokeria eta ahuleziekin barkabera izango naiz.

Ez diet mirabeei edo bestelako alproja berritsuei jaramonik egingo.

Ez diot inori gehiegizko aholkurik emango eta enbarazurik egingo, besteek eskatzen ez badute.

Zenbait lagun onek puntu hauetatik zein eta zertan ez ditudan betetzen esatea nahi dut, eta horren arabera nire jarrera zuzendu.

Ez dut gehiegi hitz egingo, batez ere nire buruaz.

Ez dut iraganeko nire edertasunaz, indarraz edo damekiko esku onaz arrandia egingo.

Ez dut emakume gazteengandik lausengurik onartuko eta ez dut sinetsiko haiek ni maite nazaketenik, et eos qui hereditatem captant, odisse ac vitare [eta herentzien bila doazenak gaitzetsi eta saihestu nahi zituela, alegia].

Ez naiz baikorra ez dogmatikoa izango.

Ez naiz arau hauek guztiak betetzen tematuko, azkenean bat bera ere beteko ez dudan susmoa baitut”.

Egile batzuek diote bizitzako azken 15-20 urteak depresioak jota eman zituela Swiftek. Beste batzuen ustez 1738an hasi zen gaixotasun seinaleak ematen eta 1742an enbolia batek hitz egiteko gaitasuna eta gainerako buru-ahalmenak galtzea eragin omen zion. Kontua da haren beldurrik handiena, ahalmen mentalen urritasuna, gauzatu zela, eta gaztaroan idatzitako zerrenda ganoraz betetzeko aukerarik ez zuela izan. 1745ean hil zen, 77 urte zituela. Eta haren azken nahiak behintzat bete zituzten ingurukoek. Pobreen artean banatzeko eta zoroetxe bat eraikitzeko erabili zituzten Swiften ondasunak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude