“Basoari tratu oso txarra eman diogu azken urteetan, baina kontuan izan toki askotan tratu bortitz horren ondorioak ikustean hasi direla alternatibak sortzen”. Euskal Herrian momentu horretan gaudela uste du Keko Alonso biologoak, alegia, basogintzaren baitan bestelako ereduak martxan jartzeko une egokia iritsi dela. Eta horretarako lanean dabil, hausnarketa bultzatzen eta kontzientziak pizten.
Gaztetatik hasi zen biologo asturiarra bere inguruko basoetan gertatzen ari zenaz arduratzen. Han eukaliptoen monolaborantza izan zen erabateko protagonismoa hartu zuena, inguruko paper-fabriken mesedetan eta tokiko baso aniztasunaren aurka. Euskal Herrian, dudarik gabe insignis pinuak bete du paper hori: Pinus radiatak.
Gipuzkoako eta Bizkaiko baso azaleraren %70 inguru insignis pinuaren monolaborantzek hartzen dute egun. Zuhaitzez hitz egin beharrean basoez hitz egingo bagenu, hariztia (Quercus robur) Gipuzkoan galtzeko arriskuan dagoen landare formazioa dela kontatu digu biologoak.
Euskal Herrian pinuarekin gertatu dena, hala ere, ez da salbuespena. XIX. mende erdi-bukaeratik Europa guztian antzeko moduan eman da prozesua, ideia berarekin: kalitate erdi-baxuko zuhaitzak azkar sortzea, egurretarako edo paperetarako erabiltzeko.
Alonsok, beste biologo edota ekologo askok bezala, monolaborantzako zuhaitzen esparruei ezin zaiela “baso” deitu adierazi du. “Basoa ekosistema bat da guretzat, organismo askoren multzoa da, baldintza naturaletan. Gizakiak egoera natural hori hainbeste aldatzen duenean, ekosistema izateari uzten dio”.
Etxegintza burbuilarekin alderatu daiteke insignis pinuarekin gertatu dena, Alonsoren ustez: “Denek atera dute puska pinuen monolaborantzatik: landatzen duenak, zerratzen duenak, erretzen duenak, paper bihurtzen duenak... Orain, ordea, burbuila lehertzen ari da, prezioak asko jaitsi direlako, besteak beste”.
Krisi/aukera hori aprobetxatu beharra dago biologoaren ustez, egoerari buelta emateko eta benetan bestelako basogintza baten alde egiteko. Berak argi du: badago alternatibarik. 50-60ko hamarkadetan nekazaritza ekologikoak bizi zuen egoerarekin alderatu du egungo basogintzaren momentua. Garai hartan nekazaritza eredu hori bazterrekoa zen, ez zeukan ia indarrik eta bazirudien ezinezko izanen zela pausoak ematea. “Ez da erraza izanen, baina bide berri horiek irekitzeko jendearen prestutasuna beharrezko izango da”.