Sortu, iraun, aldatu

  • Eraldaketa sozialaren inguruko eztabaida bero-bero dago Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan oro har. Hitzen gibeleko esanahia zein da? Dena ez da eraldatzaile, dena ez da sozial. Gurean kooperatibek izandako bilakaerari errepasoa egin dio Xabier Itzainak Lanki ikertegiaren Kooperatibagintza Topaketetan. Bere ustetan, gizarte ekonomia indartzen ari den fase berri batean sarturik dago.

Lurzaindia.
Herrikoa sozietatearen ekarpenarekin sorturiko Lurzaindiak laborari gazteak laguntzen ditu. Irudian, Amile Abou-Antoun Arüeko (Zuberoa) bere etxaldean; proiektua aurrera ateratzeko diru bilketa egin du espekulazioaren kontrako taldeak. (arg: Lurzaindia)

“Berrikuntza sozial guztiek ez dute gizarte eraldaketa ekartzen, dependitzen du hitzen gibelean zer ezartzen den”. Horrelaxe laburbildu du Xabier Itzaina Bordeleko Unibertsitateko ikerlariak egun ekonomia eraldatzailearen baitan dagoen eztabaida nagusietako bat. Mondragon Unibertsitateko Lanki ikertegiak ekainaren 3an Eskoriatzan antolatutako IV. Kooperatibagintza Topaketetan hitz egin zuen Itzainak.

Topaketek kooperatibagintza eta eraldaketa sozialaren arteko harremana aztertzea zuten helburu, eta bi mundu horietan dabiltzan eragileak elkartu ziren. Xabier Itzainak antropologiaren arloan duen esperientzia baliatu zuen azaltzeko badaudela zuzenki ekonomikoak ez diren arrazoiak garapen ekonomiko eraldatzailea ekar dezaketenak: “Guk lurralde erregimena deitu diogu”. Bere hitzetan, lurralde bateko eragileen artean dagoen konfidantza, erregulazio ekonomiko eta politikoa, eta arazo publikoak definitzeko parte-hartze maila funtsezko dira “tokiko garapena” gizarte ekonomiaren ardatz bihurtzeko. Premisa horrekin, Iparraldean gizarte ekonomiak izandako ibilbidearen irakurketa egin du ikerlariak, eta hiru fase bereizi ditu: sortu, iraun eta aldatu.

Sortu: euskal mugimendu kooperatibista

70eko hamarkadan hasten da Ipar Euskal Herrian gizarte ekonomiaren “ziklo modernoa”, Itzainaren aburuz. Noski, hori baino lehen ere bazen: XX. mende hasierako txuri eta gorrien –klerikal monarkistak eta antiklerikal errepublikarrak– arteko lehian sorturiko sareak, baserritarren auzolana, edo arrantzale kooperatibak.

Nolanahi ere, duela 40 urte kooperatiba mugimendu berria hasi zen eraldaketa sozial helburu argi eta garbi batekin; enpresa horiek sortzea ez zen erabaki “arrazionala” izan ekonomiaren ikuspegitik: “Beti adibide bera jartzen dut, baina hala da, altzari kooperatiba baten sortzaileak erraten zidan: ‘hastapenean, 1982an sortu genuenean, baginen 40 langile eta geure artean inork ez zekien karrera bat ere egiten, baina lehen motibazioa zen lana sortzea herrian’”. Hain zuzen ordukoa zen lana herrian lelo ezaguna.

Ipar Euskal Herriko langile kooperatibek mugimendu sozialtzat zuten euren burua, baina Hegoaldean Mondragonek kooperatibismoa modu integratuan garatzeko emandako pausoei beha beti ere. Horrela sortu zen 1982an Lana elkartea, bere araudian “euskal mugimendu kooperatibista” gisa definitzen zena. Bestalde, 1979an Hemen elkartea sortu zen eta 1980an Herrikoa sozietatea, aurrezki herrikoiak bultzatzeko.

Itzainak azaldu duenez, euskal nortasunak badu leku handi bat mugimendu horretan: “Ez euskalduntasun idealizatu bat baizik errealitateari errotua”. Horri esker Hego Euskal Herritik laguntzak jasotzen hasiko dira kooperatiba proiektuak, eta Frantziar Gobernuak aurka jotzen duenean mobilizazio garrantzitsuak egingo dira finantzaketa horren defentsan. Tokiko garapena arazo soziopolitiko bezala ikusten hasia zegoen beraz. Hegoaldeko ideia batek indarra hartu zuen gainera: barnealdearen industrializazioa. “Sinplifikatzeko –dio Itzainak–, Iparraldeko abertzaleek beren lurraldea azpigaratua bezala ikusten zuten”.

Iraun: lurraldearen lehen ezagupen ofiziala

80ko hamarkadan kooperatiba batzuek iraungo dute, beste batzuk ordea desagertu egingo dira. Sare txikia izaki, enpresa garrantzitsu batzuen porrotak trabatuko du mugimendua, hala nola 1985ean Arrosako Denek altzari fabrika ixtea. Faktore ekonomikoak daude atzean, baita tentsio politikoa ere. Asko gogoratuko dira 1984an Denek, Alki eta beste zenbait lantegi kiskali zituela suak, GALek errefuxiatuen kontra aldarrikatutako erasoetan.

Frantziako Estatuak kooperatibekiko zuen ikuspegiak ere ez du lagunduko. 70eko hamarkadan langabeziaren aurkako tresna bezala hartzen dira, bada 80koan beste elkarte batzuei emango zaie funtzio hori. Tokiko garapenaren arloan, ordea, gogoeta zenbait bultzako ditu Estatuak eta horien ondorioz sortuko dira lurraldeari lehenbizikoz ezagupen ofiziala emango dioten hainbat erakunde. Itzainak Garapen Kontseiluari jarri dio arreta: “Interesgarria da ikustea gizarte zibila ordezkatzen duen erakunde horretako lehen lehendakari eta zuzendariak kooperatiben mundutik datozela. Beraz, kooperatibetako jendeak beti tokiko garapenaren problematizatzearen bihotzean daude”.

Ramuntxo Kanblong dugu horietako bat, 1975ean Copelec Ipar Euskal Herriko lehen kooperatibaren sortzailea, 1994an Garapen Kontseiluko presidente egin zuten eta honela azaldu zion ARGIAri garai berean: “Enpresak kanpotik etortzen ziren eta Frantziako garapenari esker bizi zen Iparraldea. Eta hori izan da garrantzitsua, hemengo jendea bera hasi dela gauzak sortzen, garapen endogenoa behar baitzen”.

Aldatu: mugimendu sozial berriak

Xabier Itzainak dioenez badira 10 urte gizarte ekonomia Iparraldean beste fase batean sartua dela, eta joera hori indartzen ari da gainera. Hori erakusteko mugimendu sozial berrien ekarpena nabarmendu du.

Azken hamarkadan ekimenak etengabe sortu dira finantza solidarioan, emazte eta gazteek enpresak sortzeko, laborantzan… 2005ean Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortu izana itu bat izan zen, eta berrikiago euskal moneta abiaraztea ere bai. Itzainaren ustez 70eko mugimenduaren segida izan liteke, baina desberdintasun batzuekin: “Gehiago aipu da orain ingurumena, trantsizio energetikoa, genero berdintasuna… eta gutxiago barnealdearen industrializazioa”. Industriaren alboratze horrek kooperatibista historikoengan kezka sortu duela ziurtatu du Itzainak.

Kontsumo ereduan eta mugimenduaren aniztasunean ere aldaketa nabarmena da –ekologista, laborari edo feministez gain, sindikalgintza frantsesaren zati bat ere barnebildu du–, eta kooperatibak berak ere aldatu dira. 2002an legediak “Interes orokorreko sozietate kooperatiboa” sortzeko aukera eskaini zuen Italiako kooperatiba sozialek inspiratuta, eta orain partzuergo anitzek har dezakete parte enpresan. Kanaldude herri telebistaren adibidea jarri du Itzainak, forma hori hartu baitu Aldudarrak Bideo kooperatibak, eta horri esker Garazi Baigorri herri elkargoa sartu da bertan.

Gobernantza politikoan gertatzen ari diren funtsezko aldaketek ere tokiko garapenean eta gizarte ekonomian eragina izango dutela iragarri du ikerlariak: “Hasteko, jada esaten ahal dugu eztabaida publiko bat ireki duela herri elkargo bakar bat osatzeko harturiko erabakiak eta lurraldearen bilakaeraren aspektu guztiak landuko dira hurrengo hilabete eta urteetan”. Garapen eredu berriak sor litezke hortik, Itzainaren aburuz, eta nork daki, agian Hegoaldea jarriko da Iparraldeari beha orduan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kooperatibagintza
2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Ertzeko bizitzen auto-eraketa sareak eta KoopFabrika

Niretzat Talaios kooperatibaren eta Olatukoopen bitartez kooperatibismoan eta ekonomia eraldatzailean jardutea zer den galdetzen didatenean, erantzuten dut izan dela lanaren eta kolektiboaren bitartez emantzipaziorako bideari ekiteko aukera. Eta bide horretan, oso garrantzitsua... [+]


2023-10-29 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute

Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]


Transmisio eta berreskurapen kooperatiboaren beharraz

Uztailaren hasieran jakin dugu gure herrian langileon etxe askotan ospakizunerako ezinbesteko izan diren pastel eta gozoen De Paula lantegia itxiko dutela. Erretiroa hartuko omen dute gozogileek, eta noski, erretiroa hartuko duten langileek deskantsurako eskubide osoa dute,... [+]


Eguneraketa berriak daude