Unidos Podemosek zerua du eskura, PPk lurreko gobernua

  • Ekainaren 26an hauteskunde orokorrak egingo dira Espainiako Estatuan. Trantsiziotik, lehenbiziz errepikatuko dira indar politikoek gobernua eratu ezin izanaren ondorioz. Podemos eta Izquierda Unida elkarrekin aurkeztuko dira, eta horrek egoera berri bat sortuko du, itxura guztien arabera.

Jose Luis Rodríguez Zapatero Espainiako demokrazia garaiko gobernu lehendakaririk onena izan dela aipatu du kanpainan Pablo Iglesiasek. Edo, besteak beste, esan du baita ere “sozialdemokrazia berri bat” beharrezkoa dela. PSOEren ohiko boto kalan arrantzatzeko makina bat keinu egin ditu Unidos Podemosek eta, inkestei kasu eginez bederen, ezin esan gaizki joan zaionik.

Apirilaren hasieran abenduko hauteskundeetatik gobernu berririk ez zela aterako argi ikusi zenean, alderdi  bakoitzak beste hauteskunde orokor batzuetarako estrategia zehazteari ekin zion. Bigarren itzuli klasiko baten estilora, logikoa zen pentsatzea ezker eta eskuineko erreferentzia bakarra indartuko zela. Eskuinean PP zen erreferentzia hori, ezbairik gabe; eta ezkerrean Podemos, besteak beste, ezkerreko hauteslegoaren zati handi batek PSOE ezkerrekoa baino zentrokoa jotzen duelako. Edozein eratan, Podemos eta Izquierda Unidak bat egin zutenean, ez zen zalantzarik geratzen, eta Unidos Podemos gelditu da erreferentzia nagusi bezala.

Azken bizpahiru asteetako inkesta denen arabera, botoa erabakia duten lau hautesleetatik batek Unidos Podemos bozkatuko du. PPri dagokionez zalantza gehiago dira, baina alderdi bozkatuena izateaz gain, abenduan Ciudadanosera joan zitzaizkion botoak berreskuratuko lituzke. Eta ia inkesta guztietan, Pablo Iglesias eta Alberto Garzónen koalizioak aurre hartuko dio atzera egingo duen PSOEri. Hala ere, inkestetan bada beste datu klabe bat, erabakigarria izango dena: boto eskubidea dutenen herenak bere botoa erabaki gabe du oraindik.  

Zein Gobernu eratuko da?

Ezkerreko hegemoniaren bila, Unidos Podemos eta PSOEren arteko lehia oso gogorra izango da azken minutura arte. Lehenxeago aipatutako ezker-eskuin polarizatze horrek eraginda, halaber, Unidos Podemos eta PPren artean ere beste horrenbeste gertatuko zela irudikatu da, baina ez. PPren estrategian omen da ez borrokatzea gogor Unidos Podemosekin, horrek koalizioa indartzen duelako PSOEren kalterako.

Baina ez ote da PPren interesekoa urteetako bere aurkaria ahalik eta ahulen geratzea? Badirudi ezetz, Jose María Aznar PPko buruzagi ohiak ere horixe gomendatzen ei zuen master batean amaieran Madrilen, La Vanguardiako Enric Julianak gogorarazi duenez:  “PP, PSOE eta Ciudadanosen arteko konstituzio itun handia eratzeko baldintzak sortzea aholkatu zuen Aznarrek, bi errezeta gomendatuz”. Bat, lotu, hurbildu, adostu, lagundu eta txertatzeko lagungarri izan daitezkeen baldintzak sortzen laguntzea; bi, aipatu akordioa laguntzeko beharrezkoak izan daitezkeen sakrifizio pertsonalak egitea. Hau da, Mariano Rajoyren burua eskatzen ari zela.

Azken finean, orain ere bizpahiru aukera nagusi daude Espainiako Gobernua eratzeko. PPrentzat erosoena Ciudadanosekin osatutakoa litzateke. Estiloa eta itxurakeriak baztertuta, oinarrizko edukietan ados dira, esaterako eredu ekonomikoa, Bruselarekiko lankidetza eta estatu egituraketa. PPk, alabaina, ez du baztertu gutxieneko gobernua eratzea. Zer nahiko luke? PSOE eta Ciudadanos abstenitzea eta gero Legebiltzarrean ahal denarekin adostasunetara iristea.

Oraingoan ere botoek abenduko ataka estua ekartzen badute, ez da baztertzekoa aipatutakoa. PSOEn bertan ere bada antzerako ideiarik bota duenik: joan den astean, alderdi sozialistako gai ekonomikoen koordinatzaile Jordi Sevillak adierazi zuenez, berriz blokeorik egon ez dadin, nahiko izan beharko luke Diputatuen Kongresuan gehiengoa lortzea. Ate horretatik PP eroso pasatuko litzateke gobernua eratzera.

Sevillaren hitzak doinu onekoak dira PSOEko baroiak eta Felipe Gonzalezen belarrietan, baina ez Sanchezenetan. Alderdia bitan zatitua dago halako egoera baten aurrean: Unidos Podemosen aurretik gertatuz gero eta aukerarik balego, Sanchez eta beste asko prest leudeke haiekin gobernua eratzeko; PSOEko goardia zaharra ez.

Azken bizpahiru asteko inkesta denen arabera, botoa erabakia duten lau hautesleetatik batek Unidos Podemos bozkatuko du

Eta atakarik estuenean, hor legoke koalizio handiaren gobernu aukera, bankuek, Bruselak eta enpresarien elkarteek gustukoena dutena: PP, PSOE eta Ciudadanos. Guztiz baztertua dago Iglesias lehendakari lukeen gobernua, ezta PSOEk eta Unidos Podemosek horretarako indar aski balute ere.

Zorra… zer zor?

Edozein gobernu aterata ere, usoak belatzari nola egin beharko die aurre Bruselako atzaparrei. Aurten Espainiako gobernuak %5,1eko defizitarekin amaitu du, aurreikusitakoa baino puntu bat gehiago, horrek dirutan 10.000 milioi euro esan nahi du. Gaia hauteskundeetatik ateratzeko, 2.000 milioiko isuna ere atzeratu dio Bruselak Espainiako Gobernuari, honek defizit helburua ez betetzeagatik. Krisiaren hiztegira jo eta zenbaki horien esanahia argia da: murrizketa latzak. Nondik egingo diren aurreikustea ere ez da gaitza.

Hori baino egoera orokor zorrotzagorik ere izango du edozelako koloretako gobernuak, funtsean zorrari lotutakoa. Lehenbiziz mende oso batean, Espainiako Estatuaren zor publikoak bere BPGaren tamaina gainditu zuen iragan maiatzean; hau da, bilioi batetik gorakoa da. 2007an Espainiaren zor publikoa %37koa zen, 384.000 milioi euro; 2012an PP gobernura iritsi zenean bazen 782.000 milioi eurokoa; eta 2016an 1,09 bilioi eurokoa. Aurten Estatuko administrazio publikoen kutxetatik 35.000 milioi euro aterako dira zorraren interesak ordaintzeko.

PPren estrategian omen da ez borrokatzea gogor Unidos Podemosekin, horrek koalizioa indartzen duelako PSOEren kalterako

Baina nork entzun zuen zorra berba, adibidez, lau hautagai nagusienen debatean? Ez han, ez kanpainan oro har, gaia ez da ia ukitu. Unidos Podemosek ere ateratzen ez duelako kexu da Eric Toussaint ekonomilari frantziarra: “Ezkerreko alderdietan ere, zorra zalantzan jartzea gai baztertu moduan jorratzen ari da eta horrek kezkatzen nau. Dirudienez, alderdiak saihesten ari dira gaiari buruz posizio bat hartzea”. Ekonomilariak argi dauka edozein gobernuk ere jai duela politika aurrerakoiak egiteko, zorroaren zati bat kitatu gabe. Urrutiago ere badoa: “Espainian aldaketa gobernu batek Europako Batzordea eta Europako Banku Zentrala desobeditu beharko lituzke eta haiei aurre egin (…) Aldaketarako programa sakon batekin, Grezia, Portugal eta Espainia eurotik atera beharko lirateke”.

Katalunia eta independentzia prozesua

Edozelako gobernuren beste patata beroetakoa hauteskunde ondorengo Katalunian izango da. Prozesu independentistak indarra galdu du eta horretan ados dira independentziaren bultzatzaile nagusiak ere. Generalitateko aurrekontuen inguruan Junts Pel Sí eta CUP akordioetara ez iristea izan da prozesuak jasotako azken kolpea. Espainiako Gobernu berriak Generalitateak bultzatutako Konstituzio prozesuari egin beharko lioke aurre 2017an, teorian urte horretan desegin beharko bailitzateke Generalitatea eta hauteskunde konstituziogile berriak deitu, baina ez dago batere garbi zer gertatuko den. Lehenik, aurrekontuen aferak ekarritako hausturaren ondoren, Carles Puigdemont presidenteak irailerako iragarri duen konfiantza mozioa gainditu beharko du. Gero ikusi beharko da zer gerta litekeen independentziari buruzko alde bakarreko erreferendumarekin: CUPek hori nahi du, ERCk ez du gaizki ikusten, Puigdemontek dio aztertu behar dela eta CDCko sektorerik uzkurrenak entzun ere ez du nahi.

Adostutako erreferendumaren bila joango da Generalitatea Madrilera, baina ez du doinu berririk entzungo Moncloa zaharrean; erreferendum adostuaren aldeko Unidos Podemosen oihartzunak Madrilgo kaleetan galduko dira. Independentistak haien bidean tematzen badira, Madrilekiko talka denbora kontua besterik ez da. En Comú Podemeren hauteskundeetako arrakastak dena desaktibatzen ez badu behinik-behin.

Elkarrekin Ahal Dugu nagusi

Iragan abenduan Ahal Dugu gailendu zitzaion bototan EAJri EAEn (316.441 / 301.585) eta bigarren indarra izan zen Nafarroan, UPNren atzetik (101.901 / 80.961). Oraingoan, inkesta denek EAEn lehen postua ematen diote Elkarrekin Ahal Duguri (EAD), bototan zein eserlekutan. Joeretan, EH Bilduk bere bi eserlekuei eutsiko lieke, PPk ere bai  bere bakarrari eta PSOEk hirutik bat gal dezake, Arabakoa. Herritarrek desberdin bozkatzen dute autonomikoetan eta orokorretan, baina ezin da ahaztu datorren udazkenean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango direla eta orain joera batzuk bederen ikusiko direla.

Lehenbiziz Elkarrekin Ahal Duguk irabaz ditzake hauteskundeak Nafarroan, botoen %35,9rekin UPN-PPri gailenduz (%28,8)

Berrikuntza handiagoak aurreikusten dira Nafarroan: Metroscopiaren arabera, lehenbiziz EADk irabaz ditzake hauteskundeak, botoen %35,9rekin UPN-PPri gailenduz (%28,8). UPNk ez du hauteskunderik galdu 1989tik. PSNren egungo eserlekua zalantzan legoke. Geroa Baik eta EH Bilduk ere, abenduan bezala, ez lukete ordezkaritzarik. Hauteskunde desberdinak diren arren, berriz geldituko da nabarmen egungo foru gobernua sostengatzen duten bi indar nagusien ahuldadea. EH Bilduk eta Geroa Baik proposatu zuten aldaketaren lau alderdiak elkarrekin joatea, baina Ahal Duguk eta Ezkerrak uko egin zioten. EH Bilduk eta Geroa Baik baztertu egin zuten elkarrekin joatea. Bakoitzak bereari eutsi beharko dio orain.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako hauteskunde orokorrak 2016
Atutxak ukatu egin du Rajoyren inbestiduraren truke PPk Urkullu babestuko duenik

EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak uste du Urkulluk “babes ezberdinekin gobernua osatzeko behar den lidergoa” lortuko duela irailaren 25eko hauteskundeetan.


PPren mehatxua: Rajoy presidente ala hirugarrenez hauteskundeak Eguberrietan

Ciudadanosek Espainiako Estatuko Kongresuan dituen 32 diputatuen babesa jasoko du Rajoyk inbestidura saioan eta aurreikusten da Coalición Canariako diputatu bakarrarena ere izango duela. Lehenengo itzulian presidente izendatzeko gehiengo osoa behar du, eta hortaz, beste... [+]


Urkulluren iritziz hirugarrenez hauteskundeak izango dira Espainiako Estatuan

EAJk Rajoyri ezetz esango diola errepikatu du lehendakariak Radio Euskadin eginiko elkarrizketan.


2016-07-10 | Igor Estankona
Liburua
Barrutik

Askatasunak leku bat hartzen dizunean egunerokoan, haren alde egin behar duzunean halabeharrez, beharrizan bihurtu dizutenean flotatzea, orduan berdin zaizu ze kartzelatan zauden, kartzela propioetan ez erortzea da garrantzitsuena: “Ez galdetu non nagoen, berriz ere./ Hemen... [+]


Diskoa
Bi kantu zirraragarri

Bi kantu entzun daitezke Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak Madrilgo Acuarela diskoetxearekin kaleratu duen binilozko singlean. Biak oso onak, zirraragarriak.

Rock, folk, blues eta psikodelia aireak suma daitezke kantuetan, doinu iradokitzaileak. Moldaketak eta apainketak oso... [+]


Eguneraketa berriak daude