Napoles, 1528. Pedro Bereterra itsasgizon, militar eta ingeniari nafarra hil zuten Castelnuovo gazteluan. Karlos V.aren soldadu espainiarrek preso hartua zuten eta, itxuraz, gazteluko gobernadoreak berak asfixiatu zuen, Bereterra estimatuari urkamendiaren desohorea saihesteko aukera emateko.
1460 inguruan jaio zen Garden, Erronkarin. Gaztetan joan zen Italiara, Zangozan ezagutu omen zituen merkatari genoar batzuekin batera. Haien zerbitzura hasi zen lanean eta, ondoren, Napolesko errege Fernando I.aren seme Joan kardinalaren agindupean jardun zuen, hura 1485ean hil zen arte.
Badirudi kortsario ere aritu zela Napolesen zerbitzura, horren berri zehatzik iritsi ez zaigun arren. Florentziarrekin bat egin zuen Genoaren aurka. Eta Adriatikoko itsas potentzia nagusi zen Veneziako Errepublikako ontziren bat harrapatzea ere lortu zuen.
1500ean Gaztela eta Aragoiko armadak preso hartu zuen eta haiekin bat egin zuen, nagusiki Afrika iparraldeko gerretan aritzeko. Orango konkistan eta Bugia nahiz Tripoliko guduetan jardun zuen, besteak beste, eta Italian bertan, frantziarren aurka aritzea ere egokitu zitzaion. Fernando Katolikoak Oliveto konde titulua eman zion eta kapitain jeneral kargua lortu zuen. Frantziarrek Ravennan hartu zuten preso 1512an eta, hiru urte giltzapean egon ondoren, konde tituluari eta karguei uko egin eta frantziarrekin bat egin zuen aurrez kide izan zituen espainiarren aurka, azkenekoz giltzapetu eta hil zuten arte.
Zenbait historialarik, espainiar historiografia militarrak nagusiki, traidoretzat jo izan du Pedro Bereterra, baina kontua da bere zerbitzua armadei eskaini baino, armadek eskatu zutela haren zerbitzua. Itsasoan trebea bazen, are estimatuagoak ziren haren gaitasunak lehorrean. Infanteria antolatzeko metodo berritzaileak erabiltzen zituen eta, batez ere, gotorlekuak erasotzeko mina bereziak asmatu zituen, garaiko gerra estrategietan eragin handia izan zutenak.
Iruñean bada Oliveto Kondea izeneko etorbide bat. Tituluari uko egin ziola kontuan hartuta, ez dakigu haren omenez ala gaitzespenez jarri zioten izena kaleari.