"Ez dakit gaur egun zinema militanteaz hitz egiterik dagoen"

  • Gaur egungo irudi askotan aurkitzen ditugu garai bateko protesten eszenak, behin eta berriz errepikatuko balira bezala. Zinemari esker jakinarazten zaizkigu aspaldiko promesa politikoak, bete gabe geratu zirenak, egun betetzear daudenak. Erresonantzia horiek aztertzea da Pablo La Parra valentziarraren lana New Yorkeko Unibertsitatean; hilabeteotan Tabakaleran dabil egoiliar, bere proiektuan sakontzen.

“Ez da kasualitatea egunotan garai bateko film-artxibo militantea berrerabiltzea eta berrinterpretatzea; esan liteke iraganeko irudi horiek baldintzatu egiten dutela orainaldia irudikatzeko dugun gaitasuna”.
“Ez da kasualitatea egunotan garai bateko film-artxibo militantea berrerabiltzea eta berrinterpretatzea; esan liteke iraganeko irudi horiek baldintzatu egiten dutela orainaldia irudikatzeko dugun gaitasuna”. Argazkia: Dani Blanco

Zehazki, zer ari zara lantzen Tabakalerako egonaldi honetan?

Garatzen ari naizen proiektuaren izenburua Europa, geroaldi burutua da. Ikerketa lana da, publikoari zuzendutako egitarau batekin osatzen dena. Funtsean, proiektuaren xedea da praktika zinematografiko garaikideak eta 60ko eta 70eko hamarkadetako zinema militantetik sortutako artxiboa harremanetan jartzea.  

Zinema militantea garaiko errebolten erretratua da?

Zinema militante deiturikoaren bilakaera liluragarria izan da. Ez zen mugimendu koherente eta bateratua izan, zinema eta politikaren arteko harremana birdefinitzen saiatu ziren praktiken multzo heterogeneoa izan zen. Zinema horren garapena bereizezina da nazio askapen mugimenduetan eta 68ko errebolten testuinguruan sortu ziren disidentzia politikoen forma berrietatik. Esango nuke zinemagile haien interesa ez zela film bidez garaiko giroa erretratatzea soilik; borroka horien guztien parte aktibo izan nahi zuten.

Baina horretarako zinema arau askotaz libratu behar zen, ezta?

Jakina. Horrek zinearen ekoizpenerako baliabideak errotik aldatzea eragin zuen, egiletza kolektibo zein asanblearioak entseatuz eta orduko militanteen parte-hartzea ziurtatuz. Pelikulen banaketari dagokionez, haien zirkulazioa bermatzeko sare autogestionatuak osatzen zituzten eta jendearen esku egon zitezen fabriketara edota ikasgeletara eramaten zituzten. Eztabaida sakonak sortzen ziren eta ekintza politikorako tresna bihurtzen ziren.

Zein da film-artxibategi horren interesa zure ustez?

Kristin Ross-ek dioen modura, 68ko maiatza izan da, beste askorekin alderatuz, narratiboki gehien desitxuratu den pasarte politikoa: urte haietako borrokak 80 eta 90eko hamarkadetako narrazio neoliberalek filtratuta iritsi zaizkigu eta horiekin ulertzen ez ditugun gertakariak kontatzen zaizkigu, distortsionaturik eta despolitizatutako estereotipoen bidez. Zinema militantea borroka horien guztien erdigunean sortu zen, eta horregatik militanteak eurak ikusten ditugu hitza hartzen. Nire ustez, gerturatze horrek oso esperientzia maila bitxia eskaini digu: gaurko irakurketatik iraganean ongi edo gaizki zer egin zuten aztertzea baino, modu sentikorrean garai bateko praktika eta subjektibitate politikoekin kontaktuan sartzea da interesgarriena. Zein mundu amesten zuten? Nola lortu nahi zuten? Nola adierazten zuten gogo hori?

68ko irudiek eta gaur egungo mobilizazioetan ikusitakoek harremanik al dute?

Krisiak eta egun ematen ari diren borrokek Europa neoliberalaren erabateko porrota utzi dute agerian. Ezagutzen dugun Europa hau 60ko hamarkada luzean eman ziren borroka guztien arrastoen hondarretan eraiki da. Nolabait esatearren, ematen du garai hartako irudiek ez gaituztela abandonatu eta gaurko une historiko eta sozialean baino ezin dugula ulertu ezkutuan gordetzen duten promesa politikoa. Ez da kasualitatea beraz, egunotan garai hartako film-artxibo militantea berrerabiltzen eta berrinterpretatzen ari dela ikustea; esan liteke iraganeko irudi horiek baldintzatu egiten dutela orainaldia irudikatzeko eta erakusteko dugun gaitasuna.  

Zinemagileen eta egitura politikoen arteko harremana ez da beti xamurra izan...

Nire ustez, zinema militantearen alerik interesgarrienak alderdi eta sindikatuetatik kanpo egindakoak izan ziren. Alderdi batzuek zinemarekiko interesa erakutsi bazuten ere –batez ere, Italiako Alderdi Komunistak–, uste dut, orokorrean, etengabeko tentsioak bizi zuela harreman hori. Oinarrizko arazo bat zegoen: zinema militanteak errepresentazioaren ohiko moduen kritika zorrotza egiten zuen, behetik egindako diskurtsoaren ekoizpena aldarrikatzen zuen eta horrek zuzenean egiten zuen talka alderdi leninisten logika bertikal eta hierarkikoarekin. Auzi hori oso argia da off ahotsaren erabilerarekin: dokumental politikoaren ikuskera klasikoaren aurrean –non narratzaile orojakileak eszenak egoki kontatzen baitizkigun–, zinema militantearen pelikuletan narratzaile kolektiboek hartu zuten hitza. Askotan egin izan da zinema militantearen karikaturizazioa, sinplistatzat eta lausotzat joz, baina artxibo honen tentuzko azterketa batek garaiko subjektibitate politikoen aberastasuna erakusten digu.

Egiten al da gaur egun zinema militanterik?

Ez dakit gaur egun zinema militanteaz hitz egiterik dagoen. Jadanik ez da termino hori erabiltzen, eta garai historiko eta sozial jakin batera bideratzen gaitu. Proiektu honekin dugun asmoa ordea, praktika bisual garaikideen eta artxibo militante horren artean dauden erresonantziak aztertzea da. Gaur egun irudi alternatiboen politizazioa, haien distribuzioa edo erakustaldia ahalbidetzen duten estrategia asko ezin dira aztertu zinema militantearekin duten harremana ulertu gabe. Erresonantzia horiek leku askotan daude: zinemagileengan, egungo kooperatibetan, zine-forumetan, gune autogestionatuetan, okupatutako plazetan…

Baliabideak

“Oso garrantzitsua da ulertzea zinema militantea ekoizpen modu jakin batzuk eskuratzearekin lotuta zegoela: subestandar formatuek (8x16 mm) zentsurarekiko eta sare komertzialekiko independentzia ekarri zuten, tresneria arinek ahalbidetu zuten filmazioak eta proiekzioak eramatea errebolta sozialak gertatzen ari ziren lekuetara. Gaur egungo mugimendu sozial eta politikoek baliabide digitalak eta sare sozialak bere egiten dituztenean antzeko zerbait iradokitzen ari dira: diskurtso disidenteen zirkulazioa eta ikusgarritasuna ematen da eta, era berean, bestelako medioetan tokirik izango ez luketen subjektibitate politikoentzako leku dira”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude