argia.eus
INPRIMATU
Ontzi gobernantza
Bea Salaberri @beatxo 2016ko ekainaren 23a

Ikasturte bukaerak maiz adierazten du prestakuntza saioetara joatea, hartzaile umil, behingoz begiak zabalik egoteko beha besteen iradokipenei, edo gure ikasleak bezain indiziplinatuak agertzeko. Nola gerta.

Aurten Vent debout elkartearekin ikasteko parada ukan dut. Hastapenetik kuriositate puntu batekin joan naiz: berehala elkartearen izena gertatu zait deigarria. Nengoen, “haizean zutik, haize zuta” zer deabru zitekeen eta zirrimarratu lehen irudia Titanic filmekoa izan zen eta bigarrena nihauren buruarena enbata altxatu arau Hendaiako itsasbazterrean zut tematzen.

Prefosta, zer dakit nik itsasoko gauzez! Barnealdekoa naiz! Istripuz izan ez balitz, itsasoa ez nukeen ikusia hogei urteak gabe! Ontzi gobernantzan, frantsesezko vent debout da ibilera bat, haizea kontra denekoa. Hortik goiti argiago ukan nuen ikastaroaren izenburu ulergaitza. “Vent Debout, ibilmolde popular eta demokratikoa”, ulerturik parada zitekeela nork bere barkua nola zuzendu ikastea, noiz eta sustut haizea kontra denean eta ekipaia handia. Haizeen kontra joaten tematuz gero, aitzina egin ez, eta gibelera egiten baita, irakatsiko ziguten beraz nola egin, balekibale, aitzina egiteko molde bat atzemateko.

Kostaldekoek badakikezue hori, nabigatzaileek badituztela beste ibilera batzuk, ahalik eta molde eraginkorrenean joateko, erran nahi baitu, abiadura onean baina ontzia uzkailtzeko edo sobera inarrosteko arriskurik gabe ere, etengabe bilatuz haizearen norabidearekin angulenik egokiena, ez sobera saihetsetik, ez sobera gibeletik, belak behar den heinean zabalduz, eta horrela dabiltzala, zeharka, sigi-saga, uhinek eta oldarrek bultzaturik, batean ezker, bestean eskuin, helmugarantz pixkanaka, aitzina eta bat beti, denbora hartuz eta indarrak neurtuz, ahalik eta lasterren ez, seguruen baizik ez joateko.

Hori izan da hain zuzen, eskaini dizkiguten formakuntza egun horiez gogoan atxiki dudana. Ororen buru, helburua argi eta bidea batera egin nahi duen taldeak, ibilmolde popular, demokratikoagoa nahi duenak, boterearen banaketa eta parte-hartzea bultzatu nahi duenak, jai daukala baina eskura dituela hainbat teknika, marinelek nola.

Horien artean, bada bat interesgarria, konferentzia keinukatua deitua, gauzak teorizatu gabe, esperientzien kontaketatik ondorioztaraztea dute helburutzat hitzaldi hauek, bizipena (zentzu guzietan) hitzen bidez plazaraziz. Terminologia astuna eta eskema korapilatsuak baztertuz, azalpen desdramatizatua da, zeinetan gauzak desteorizatzen ikasten den, hizlaria desakralizatuz baita segurtatuz jakintza denen eskura ezartzen dela, ez dela elite baten altxorra. Hots, desteorizatzen birbanatzea planteatzen eta lantzen da etengabe, denen artean helburu berera heltzeko baina bortxan haizearen kontra egin ordez, pausoak egokituz eta bidea partekatuz kideekin.

Oroz gainetik preziagarriena izan da oinarrizkoa duten kontzeptua aplikatzea: hitza askatzea, zernahi aipatzea baina denek hitz egitea. Besteei entzutea iraultza dela entzun diot norbaiti; isiltzea bada iraultzailea baita, besteen aditzeko sustut.

Parte-hartze eta partekatze mota horrekin, agian ez goaz zuzen helmugara gaitzeko erritmoan, zeharbide eta negoziazioak badira: bizkitartean paregabea da sentitzen ahal den proiektuen aitzinamenduan, baita maila pertsonaleko aberastearenean ere. Hala sentitu naiz behintzat.

Isiltzea, entzutea, eskua uztea, konpartitzea, berdintasuna, norbanakoaren garapena. Maite dut ekaina, ikastaroak egiteko sasoia, soluzioen garaia, hobexeak bihurtzen saiatzekoa.