Inmaculada Echevarría nafarra 2007an hil zen, Granadako (Espainia) ospitale batean, hamarkada batez arnas makina bati iltzatuta bizi eta gero. Echevarría 2002ko Gaixoaren Autonomiaren Legeaz baliatu zen aspalditik adierazita zuen hiltzeko nahia bete zedin. Tratamenduari uko egiteko eskubidea erabiliz, bizirik eusten zion makina amata ziezaioten lortu zuen, nahiz eta medikuek –erlijio ordena batek kudeatutako erietxean zegoen– ez zuten haren eskaria berehalakoan aintzat hartu.
Aditu askoren esanetan, Echevarríaren heriotzak agerian utzi zuen “makinaren zortearen” paradoxa. Fernando Marínen hitzetan, “Inmaculadak hiltzeko aukera izan zuen makina bati iltzatuta egoteko ‘zorte ona’ eduki zuelako; bere kasa arnasa hartzeko ‘zorte txarra’ izan balu, ezin izango zukeen hiltzeko borondatea gauzatu. Erabat zentzugabea da, baina horixe da egoera”.