Delinkuentzia bazterrean, biziraun eta borrokan

Larga vida al infierno, RAT-ZINGER. Rock Estatal Records, 2016

“Islamismoak gurea egingo du, gu ezabatu, bere egia bakarraren azpian zapaldu eta ezabatu nahi gaitu. Horregatik, lehenbailehen berarekin bukatu behar dugu, eta horretarako gure muga guztiak itxi behar ditugu, gu babesten gaituzten hesietan zanpatuta eta gu inguratzen gaituzten itsasoetan itota hil daitezen, madarikatuak!”.

Hori guztia jaio ginen unetik gaur egunera arte ezarri dizkiguten gezurretako beste bat da. Izan ere, oligarkia kristauaren balioen azpian alienatuak eta makurtuak gaude guztiok. Puteatutako bizitza miserablearen betiko kontua, gutxi batzuk gure kontu bizi daitezen. Bitartean kapitalismo erasokorrenaren erakusleihoekin itsututa aske garela uste dugu, erosi nahiko genukeena aukeratzeko gai garelako, eskubide guztiak lapurtzen dizkiguten bitartean.

Rat-zinger taldeak irudikatzen du sistema zikin honetaz nazkatuta dagoen kalea, jende soila, batzuen ustez zaborra dena eta prest dagoena bere bizitzari akabera erailtzen emateko, delinkuentziaren bazterretan biziraun eta borrokatzeko hautua egin dutenak. Bai, gero eta gehiago dira, eta are eta arriskutsuagoak.  

14 bolbora eztanda, barrenak lehertzeko gai direnak, arnasa ere eteten dutenak, dagoeneko ez dagoelako ez denborarik ezta munizio nahikorik sotanadun pederasta zein inpunitate osoz aritzen diren eskrupulu gabeko patroiak zigortzeko.

Sofistikazioendako denbora ere pasa da eta disko honetan Bilboko piztiak ia erabat alboratu du aurreko laneko ukitu metaleroa, bizitasun handiko hardcore-punk-rocka lantzeko, azkarrena eta mingarriena. Beraien kantuetan bat egiten dute RIP taldearen Antimilitar gogora ekartzen duten erritmoek, punk-rock gitarreroak, neurririk gabeko punteatzeek, rock-and-roll menderaezinak, Motörhead zainetan, jakina, eta kaleko-rock sinesgarri eta navajeroenak, soilik gutxi batzuek –kalean bizi direnek–, bere esentzian transmititzen dakitena.

Hiru dimentsioko formatu oso bitxian kaleratutako lan honetan Kaos Urbano taldekoen laguntza izan dute, Unete al terror piezan lur azpiko Madril eta Bilbo anaituz. Porco Bravo taldeko Manuk ahotsak sartu ditu No soy Nazareth rock-and-roll azkarrean, jasotako ostia guztien oka eginez. Kaos en mi autobiografikoan Non Servium taldeko lagunek esku hartu dute. Eta Renegados piezako hitzak idazteaz gain, mikroa hartuta Txarly Usherrek abestu du (La Casa Usher, Los Carniceros del Norte, Radio Crimen eta beste talde askotan ibilia).

Dagoeneko aita santu bat akabatu dute; gorrotoz armatuak daude eta inork ez ditu gelditu behar, ez aita santuak ezta haren sasi-amak ere. Bota zure burua albo batera edo armaz hornitu beraiekin estoldatan.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2016ko ekainaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude