Umoreari buruzko solasaldia


2016ko ekainaren 19an

Zigor: Egun on, Luzio. Ia ez zaitut ezagutu ere egin. Bizarra utzi duzu eta kilo dezente galdu ere bai. Ene, beste bat ematen duzu-eta. Lehen luze zinen, baina orain are luzio.

Luzio: Egun on, bai, Zigor. Eskerrak, ba, argalduagatik ezagutu nauzun, bestela, orain arte egin didaten hitz jokorik onena entzun gabe igaro beharko bainuke eguna.

Zigor: Serio ari zara? Ba, oraintxe bururatu zait, hitz egin ahala. Benetan ez nekarrela presturik. Batek daki holakoak nondik etortzen diren. Egia esan behar badizut, burua egiten nuen zu ez zinela oso hitz joko zalea.

Luzio: Umorearen defendatzaile sutsua naiz ni. Inoiz iritsi naiz pentsatzera txistea eta olerkia familia bereko bi ahaide baino ez direla, hala batean nola bestean elementuen disposizioak duen berebiziko garrantziagatik eta osagai bakar bat bere tokitik kentzeak ekar dezakeen osokoaren suntsiketagatik. Txistean edo poeman ez luke soberako ezer beharko. Txistea (eta haren baitan hitz jokoa ere) hitzezko umorearen unitate minimoa da, literaturarena olerkia (edo bertso-lerro betegin bat) den bezalaxe.

Zigor: Horregatik, seguruenik, hain txiste kontalari txarra naiz. Bat kontatzen hasten naiz eta graziadun eztena, behar duen tokian gabe, aurreratzen dut edo desaktibatzen dut lehenago esandako zerbaitekin. Askotan pentsatu dut buruz ikasi behar nituzkeela familia afarietan botatzeko (ohitura handia baitu nire neskaren familiak bazkalondoan istorio barregarriak elkarri kontatzeko), eskolan ikasarazten zizkiguten olerki edo bertsoen moduan. Nire aitaginarrebak, esaterako, beti berberak kontatzen ditu eta beti hitz bakar bat ere aldatu gabe.

Luzio: Zu txiste kontalari txarra zara, txistea azaldu nahi duzulako, baina errezitatu behar zenuke, bai. Poema bat ere ez dago azaltzerik. Nik esan nezake Sandro Pennak baduela olerki bat, non esaten baitu gazte izatea beti zentzumenetara isurita egoteaz ez damutzean datzala, eta zu ados egon zintezke, baina nik olerkia hitzez hitz errezitatu arte ez zenuke benetako zirrara sentituko. Poema eta txiste on batek beti du zerbait gogoangarritik.

Zigor:  Zuretzat, beraz, zirrara eta algara gauza bera dira?

Luzio: Gaur baietz uste izatera lerratuko nintzateke. Emozio bat hitzen disposizio egoki (edo, nahiago baduzu, eder) eta ezinbestekoak eragina. Horrek ez du kentzen, poesia molde guztiak estimatzen ez ditudan bezala, umore klase batzuek beste batzuek baino balio gehiago izateak. Umore kontzeptuala (bi ideiaren arteko talka agerrarazten duena) edo egoerazko umorea (ohitura baten absurdua bistarazten duena) askoz nahiago dut hitzekin jokoa egiten duen umorea baino. Beste hizkuntza batera itzuli ezin daitezkeenak hobe niri ez konta.

Zigor: Esango nuke jarrera esnob xamarra dela, autogorroto apur bat erakusten duena.

Luzio:  Ez dut inor sutara botako hitz joko bat egiteagatik. Baina, nire ustez, a) irudimen eskasagoa erakusten du, b) beste umore motetarako bidea zailtzen du, c) halako kratilismo merkearen arriskua dakar, eta d)…

Zigor: Aber, aber, aber. Kratilismo?

Luzio: Bai. Platonen solasalditik (Kratilok uste du hitzak eta beren esanahi sakona estuki lotuta daudela). Hitz jokalariak bi hitzetatik berri bat sortzean –“hago hitzilik”, demagun, edo euskahalduna– hor errebelazioren bat bilatzeko tentaldia izan dezake. Poesia txarrean bezalaxe.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude