Beraien hizkuntza aldaketen ikertzaile

  • “Haurra, nerabea, gaztea... pertsona da. Ez etorkizunekoa, baizik eta gaur egungoa. Ez da helduon desioen asebetetzaile, baizik eta bere helburuak edo nahiak beteko dituen pertsona osoa”. Lorea Agirreren aipu bat da, Jaime Altunak Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntz mudantzak nerabezaroan artikuluan jasoa. Soziolinguistika Klusterrak ematen dituen Hausnartu sarietan bigarren postua lortu zuen Altunaren lanak.

Barrutik ateratako moduan hitz egiten dutela diote gaztetxo ikertzaileek, baina euskaraz eta gaztelaniaz gehiago edo gutxiago egiten dute norekin dauden eta non dauden kontuan hartuta. Ezkerretik eskuinera, Elena Fonseca, Maria Castaño, Ainhoa Melero, Ola
Barrutik ateratako moduan hitz egiten dutela diote gaztetxo ikertzaileek, baina euskaraz eta gaztelaniaz gehiago edo gutxiago egiten dute norekin dauden eta non dauden kontuan hartuta. Ezkerretik eskuinera, Elena Fonseca, Maria Castaño, Ainhoa Melero, Olatz Egia eta Monika de Albiños. Dani Blanco

Nerabeen hizkuntza aldaketak aztertu ditu Altunak bere lanean. Horretarako, ohikoa ez den metodologia erabili du. Nerabeak bihurtu ditu ikertzaile eta laneko protagonista. Sarri hitz egiten da nerabeez, baina gutxitan uzten zaie eurei hizketan.

Maria Castaño, Ainhoa Melero, Monika De Albiños, Elena Fonseca, Olatz Egia eta Xuban Ceccon Donostiako Zurriola Ikastolako ikasleak izan ziren ikertzaile aritu ziren nerabeak. Euretako bostekin hitz egin dugu ikerketaz eta hizkuntza praktikez.

Pozarren jaso zuten ikertzaile izateko aukera. Altunak koaderno batzuk banatu zizkien: “Egunean egindako ekintzak eta bakoitza zein hizkuntzatan egiten genuen idatzi behar izan genuen hamar egunez”. Inoiz aurretik egin gabeko ariketa izan zen gazteentzat, izan ere, haien hitzetan “automatikoki” aldatzen dute hizkuntza batetik bestera eta inoiz ez dira pentsatzen hasi aldaketa horiek noiz eta nola egiten dituzten.

Esperientzia polita izan dela uste du Egiak, izan ere, gazteei “gutxiegi” ematen zaie ahotsa: “Asko eskertu dugu Jaimeren ikerketa, entzun gaituelako; askotan jende handiak guri buruz hitz egiten du guri ezer galdetu gabe”. Adibide bat jarri du: “LOMCE legeaz inork ez digu ezer galdetzen, nahiz eta gu garen kaltetu nagusiak”. Egiak azaldu du eurek ez dutela “jende handiari” buruz hitz egiten, eta beraz, beraiek ere ez luketela nerabeei buruz hitz egin behar, “ez behintzat gure iritzia aintzat hartu gabe”.

Hizkuntzatik hizkuntzara saltoka

Gustura egin zuten ikerketa, eta baita ondorioak atera ere. “Inoiz ez dugu hizkuntza batean bakarrik hitz egiten”, azaldu dute. “Erraztasun handiarekin hitz egiten dugu bi hizkuntzatan, eta ohartu gabe aldatzen dugu hizkuntza batetik bestera”, azaldu du Melerok. Uste du kontua dela norekin eta zein espaziotan hitz egiten den: “Nik batzuekin beti euskaraz egiten dut eta beste batzuekin, berriz, beti gaztelaniaz”.

Gelan euskaraz egiten dute, horretan bat egin dute guztiek. Nahiz eta pasillora irtendakoan euskara “galdu” egiten den. “Gorputzaren kontua dela uste dut, hau da, gelan gaudenean gorputzak euskaraz egiteko eskatzen digu; eta gelatik irtetean berriz ez hainbeste”, azaldu du Egiak.

Irakaslearen figura ere guztiek aipatu dute. “Gelan, irakasleak behartu-edo egiten gaitu euskaraz hitz egitera, baina irakaslea aurrean ez dagoenean azkarrago jotzen dugu gaztelaniara”, dio Fonsecak. Dena den, Melerok uste du lagun taldeak ere asko egiten duela: “Guk koadrilan gehienbat euskaraz egiten dugu, baina beste lagun talde batzuek gaztelaniara gehiago jotzen dute”.

Eskolatik kanpo, asteburuetan esaterako, bi hizkuntzatan aritzen dira. “Lagun taldearen arabera, hau da, ikastolako lagunekin irteten banaiz euskaraz gehiago egiten dut, baina beste eskoletako lagunekin banago, agian gaztelaniaz”, azaldu du Egiak. Castañok eta Fonsecak aldiz, azaldu dute eurek asteburuetan gaztelaniaz egiten dutela gehien.

Etxeko hizkuntzak ere ba omen du garrantzirik, nahiz eta Egiak aitortu duen bere gurasoak erdaldunak badira ere, eta bere lehen hizkuntza gaztelania izan arren, aise moldatzen dela eta erabiltzen duela euskara.

Kontsumoa

Gaur egun, aurrez aurre bezainbeste hitz egiten dugu internet bidez. Whatsappari dagokionean, gazteek diote aurrez aurre erabiltzen duten hizkuntza bera erabiltzen dutela: “Lagunari bestela hitz egiten diodan hizkuntza berean hitz egiten diot whatsappez”. Dena den, sare sozialetan euskara oso gutxi erabiltzen dute: “Instagramen esaterako gehienbat gaztelania eta ingelesa erabiltzen ditut”, azaldu du De Albiñosek.

Telebistan zer ikusten duten azpimarratzekoa dela uste dute. De Albiñosen iritziz, ETBn esaterako, apenas dagoela beraientzako eskaintzarik: “Euskal Telebistan bi aukera daude, edo Doraemon ikusten duzu edo antzinako gauzei buruzko dokumentalak”. Bat dator Egia: “Arrazoi du Monikak, Herri People eta Azpimarra ikusten dituzu edo bestela marrazki bizidunak”.

Telebista gaztelaniaz kontsumitzen dute guztiek, nahiz eta musikan hizkuntza aniztasun handiagoa duten. “Nik musika gehienbat euskaraz entzuten dut, ez bereziki letragatik baina musika dantzagarriagoa egiten zait”, esan du Egiak. De Albiñosek berriz, honela azaldu du: “Pozik nagoenean euskarazko kantuak entzuten ditut eta triste nagoenean gaztelaniazkoak”. Castañok eta Fonsecak berriz, aitortu dute eurek gaztelaniaz eta ingelesez entzuten dutela gehien.

Etiketen pisua

Etiketek berebiziko pisua  izaten dute, eta agian gehiago adin horietan. Elkarrizketatutako gazteek azaldu dute beste ikastetxeetako jendeak “euskalduneros” deitzen dietela euskaraz hitz egiten dutelako, nahiz eta eurekin gaztelaniaz aritzen diren. “Altus markako arropekin eta mendiko botekin ibiltzen garela ere maiz esaten digute, baina ez da egia”.

Ikerketa egin ostean denbora batez hizkuntza aldaketekiko “kontzienteago” izan zirela esan dute, baina dagoeneko ahaztu egin omen zaie: “Gaia ateratzen denean berriro gogoratzen gara, baina egunerokoan hizkuntza aldaketak oso barneratuak ditugu”.

Lan fina egin zuten ikerketan Altunaren ustez eta eurek ere atera zituzten ondorio interesgarriak.

“Konturatu gara askotan guri buruz ikertzen dutela kanpotik begiratuta, eta ez guri galdetuta”, azaldu du Egiak. Gainera, ikerketaren ondoren hizkuntza joerekiko “kontzienteago” direla esan digute: “Ohartu gara pertsonaren eta lekuaren arabera hizkuntza batean edo bestean hitz egiten dugula”.

Dena den, guztiek argi dute inoiz ez dutela hizkuntza bakarrean hitz egiten: “Beti nahasten ditugu gutxienez bi hizkuntza, baita esaldi berean ere”, azaldu du Egiak. De Albiñosek eman dio azalpena horri: “Niri asko kostatzen zait itzulpenak egitea bai euskaratik gaztelaniara baita alderantziz ere, eta beraz ateratzen zaidan moduan botatzen dut”.Horrela, “ateratzen zaigun moduan eta gorputzetik” hitz egiten dute Zurriola Ikastolako sei ikertzaile gazteek.


ASTEKARIA
2016ko ekainaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-17 | Garabide
Manuel Lekuona saria jaso du Iñaki Martinez de Lunak

Euskal komunitateari egindako ekarpena aitortzen dion saria jaso du Garabideren lehendakari den soziolinguista arabarrak.


Eguneraketa berriak daude