argia.eus
INPRIMATU
Hirutasuna
Jakoba Errekondo 2016ko ekainaren 15
Argazkia: Jakoba Errekondo
Argazkia: Jakoba Errekondo

Hiru elkar hartuta. Gure kultura atlantikoko lurretako hirutasun nagusia badator. Artoa-babarruna-kuia. Oraintxe sortzen ari dira, hiru bat eginda. Soroari, kulturaren alorrari etekin hobea ateratzeko elkartasuna. Babarrunak lurrari nitrogenoa ekarriko dio, sustraietan apopilo hartuko dituen bakterio nitrofiloen bidez. Nitrogeno hori ederki baliatuko dute artoak eta kuiak. Artoak lastoa edo zuztarra eskainiko dio babarrunari luzatzeko eta lurreko hezetasunari ihes egiteko. Artoaren hostoak, erreten antzekoa edo aska-itxurakoa bera, ihintza oinaren aldera bideratuko du, babarruna ere ureztatuz. Artoaren hostailak itzala ematen die babarrunaren lekei, azal fineko ale goxoak ekar ditzan. Kuia, berriz, ederki hedatuko da soroko zirrikituetan. Artoa, babarruna eta kuia diren ganbaretan betor negu gorriena!