argia.eus
INPRIMATU
Gure lotsaizun eta utzikeriaren hilotzak
Juan Mari Arregi 2016ko ekainaren 15

Gerratik eta gosetik ihesean Europara babes bila doazen migratzaileen olatuak jarraitzen du. Azkeneko urtean milioi bat lagunetik gora aritu da gure artean babes bila. Milaka bidean geratu dira. Batzuk Mediterraneoaren itsas hondoan daude, munduko hilobi handiena, beste batzuk itsasertzean aurkitu dituzte itota. Aurten 3.000 lagunek galdu dute bizia Mediterraneoa igaro nahian. Duela bi aste Libiako itsasertzean 250 hilotz berreskuratu ziren. Jadanik ez dira albiste. Gure lotsaizun eta utzikeriaren hilotzak dira.

Europak segitzen du migrazio hori gorenean zegoenean hartutako konpromisoak bete gabe mugak ixten. Europar herritarrek euren gobernuak bultza beharko lituzkete konpromiso horiek betetzera. Hauteskundeak dauden tokietan, orain Espainiako Estatuan izango diren moduan, herritarrek exigitu behar diete politikariei benetako hausnarketa errefuxiatuek jasaten duten egoeraz. Soluzio ekonomikoak aurkitzeko ordua da –inbertsioak alegia–, baita politikoak ere –elkarrizketa eta negoziazioa gatazkaren alde ezberdinen artean– migratzaileen jatorriko herrietan aurki dezaten Europara ihes egin behar ez izateko modua. Bidean hainbeste hildako egotea eragotziko luke horrek, hainbeste etsipen, europar babestokia bilatzen dutenen artean.

Arazoa jatorrian konpontzen ez den bitartean, Europak, Espainiako eta Frantziako estatuek eta Euskal Herriak, baliabide ekonomiko, politiko eta sozial guztiak jarri beharko lituzkete milaka migratzaile horiek aterpea eta ostatua jaso dezaten, bizitzari duintasunez ekin diezaioten berriz. Euskaldunok, historiako zenbait momentutan beste herri batzuen babesa jaso genuen. Orain guri dagokigu hori egitea.