Ekonomia ostu zigutenekoa

  • Bi pauso nahikoa dira ekonomia adituek landu beharreko gai konplexua dela sinestarazi eta jarrera kritikoa itzaltzeko. Bat: ezinbestekoak diren oinarrizko ezagutzak hezkuntza publikotik kanpo utzi. Eta bi: lantzen denean, ikuspegi neoliberala egia absolutu gisa aurkeztu.

Urko Apaolaza/Argia

Hartu edozein hauteskunde programa eta irakurri puntuz puntu. Uler liteke proposamenen mamia zerga bakoitza edo pentsio sistema zer den argi izan gabe? Jar al ditzake zalantzan Europako Banku Zentraleko handi-mandien adierazpenak beste eredu batzuen berri ez duenak? Sekula oinarrizko formaziorik jaso ez duenak, badaki kontratu, mailegu edo dena delako batean bere izena jartzean, zer demontre ari den sinatzen? Bada, salbuespenak salbuespen, ez; eta hala ere, urtero-urtero milaka nerabek institutua uzten dute sistema ekonomikoaren gorabeherak ulertu eta iritzi propioa garatzeko adinako ezagutzarik jasotzeke.

Enekoitz Etxezarreta EHUko irakaslea eta GEZKIko (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) partaide da. Dioenez, ekonomiaz edozer entzutean, ulertzeko zaila den gauza baten aurrean dagoela sentitzen du jende askok, eta hori ez da kasualitatea. “Behar baino gehiago bihurritzen da diskurtsoa, hizkuntza lar teknikoan plazaratzen dira berriak, jendeak distantzia har dezan eta ekonomiak bere arauak dituela ondoriozta dezan. Ekonomia beti da ‘aditu horiek’ ezagutzen duten zerbait”. Gizarte ekonomiak aldiz, justu kontrakoa erakusten duela uste du: ekonomia gure esku dagoen zerbait izan daitekeela, kolektiboki erabaki sozioekonomikoak hartzeko eta eragiteko gaitasuna dugula.

Oinarrizko ezagutza bermatzea ez da nahikoa

Derrigorrezko hezkuntzatik lan handia egin daitekeela dio Etxezarretak, bai ekonomia pertsonengana gerturatuz, baita balio konkretu batzuk “sen oneko” gisa identifikaraziz ere. Uste bertsukoa da Leire Uriarte MUko irakasle eta LANKIko (Mondragon Unibertsitateko Lankidetzaren Ikertegia) kidea. Hezkuntzaren bidez ekonomiaren inguruko oinarrizko ezagutza bermatzea ezinbestekotzat du, baina garrantzitsua iruditzen zaio hori zein ikuspegitatik lantzen den ere zehaztea. “Hegemonikoa ez den pentsamendu ekonomikoak lekurik ez badu, munduaren gaineko ikuspegi partziala ematen ari gara, sistemarekin bat datorrena. Ez badiegu krisi ekologikoaz eta desberdintasunez hitz egiten, ze pertsona mota ari gara hezten?”.

Ekonomia berreskuratu eta bizitzaren zerbitzura jarri beharra dagoela dio Uriartek. “Fenomeno ekonomikoek bizitza propioa dutela uste dugu, horrela aurkezten digutelako, eta ez ordea, gizakion esku hartze eta erabakien ondorio direla. Hori garbi ikusten ez bada, nekez sinets dezakegu ekonomia egiteko moduak alda daitezkeela”.

Unibertsitatean ere, akritikotasuna nagusi

Derrigorrezko hezkuntzan ekonomiak duen paper urriak desinformazioa dakar, eta oinarrizko ezagutzarik gabe, zaila da gero ikuspegi kritikoa garatzea. Baina goi eta erdi-mailako ikasketak egiteko ekonomia zehar-lerro duen bideren bat hautatu dutenek ere, apenas aurkitu duten euren begirada kritikoa zorrozteko tresnarik. Paulo Guridi bilbotarrak EHUren Sarrikoko fakultatean ikasi zuen Ekonomiako Gradua. Han ikasitako kontzeptuek egia enpirikoaren forma hartzen dutela dio, hala ez badira ere. “Neoklasikoa edo keynesiarra bezalako korronteek esaten dutena errepikatu eta aplikatzera bideratua dago, gogoeta pertsonalerako oso tarte txikia utzita”. Graduan aurkitu ez zuen horren bila egin du ondoren Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko masterra, eta kontraste handia sumatu du. “Irakasleak, kasu askotan, berberak dira, baina askeago sentitzen dira  euren iritzia emateko, eta ekonomiaren hainbat aspektu kritikatzeko gune eta dinamikak sortzen dituzte”.

Marina Sánchez:
“Propaganda neoliberal erabatekoa da ekonomia fakultateetan ikasten dugunaren %90”

Ez da soilik Euskal Herriari eragiten dion gaitza. Marina Sánchez valentziarra ekonomia feministan aditua da, ez ordea Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia Graduan ikasi zuenari esker. “Propaganda neoliberal erabatekoa da ekonomia fakultateetan ikasten denaren %90. Asko jota kurtso bakoitzeko ikasgai bakarrak biltzen ditu bestelako ikuspegiak, eta azaletik gainera”. Ernai antolakundeak gonbidatuta zenbait hitzaldi egin ditu egunotan Euskal Herrian: estalpean geratzen den soldataz kanpoko lanez, bizitzaren jasangarritasunaz… Eta hori guztia ere ekonomia badela aldarrikatuz. “Horrek, esaterako, ez du apenas lekurik unibertsitateetan”. Irakasle batekin elkarlanean ekonomia kritikorako talde bat sortu zuten lehenengo ikasturtean, eta horri esker unibertsitatean baino askoz gehiago ikasi duela dio.

Salbuespenak egon badaude

Badira egoeraren larriaz jabetuta bestelako bideak lantzen ari direnak. GEZKIren funtzioa, esaterako, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaskuntza eskaintzan Gizarte Ekonomiaren inguruan dagoen hutsunea betetzen laguntzea da. Hala dio Etxezarretak. “Gizarte ekonomiak, eta nagusiki kooperatiben mugimenduak, Euskal Herrian izan duen garrantzia kontuan hartuz, ez da zentzuzkoa unibertsitateko programetan hain presentzia eskasa izatea”.

Alde batetik, GEZKIko kide gehienak graduetako irakasle diren neurrian, gizarte ekonomiaren gaiari tokia egiten saiatzen dira: euren irakasgaietan tarte bat eskainiz, kanpoko hizlariak gonbidatuz edo gradu amaierako lanetarako gaiak proposatuz, besteak beste. Eskaintza formal horretaz gain, prestakuntza osagarria eskaintzen diete ikasleei, urte luzetan zehar antolatu izan dituzten jardunaldien bitartez. Beste sail eta institutu batzuekin lankidetzan aurrez aipatutako “Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa” graduondoko unibertsitate masterra ere eskaintzen dute.

Hezkuntzarekin zuzenean lotutako graduetan ere ari dira ekonomiaren inguruko hausnarketei tokia egiten, bai behintzat Mondragon Unibertsitatean. Lan horretan dabil Leire Uriarte. “Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntza graduan, bigarren mailan, eskola eta gizartearen arteko lotura lantzen dugu. Eskolaren erronken inguruko gogoeta egiten dugu gaur egungo gizarte aldaketen testuinguruan. Gizarte joera nagusiak ulertzea ezinbestekoa da eskolaren gizarte funtzioen gaineko hausnarketa egin ahal izateko, eta gizarte dinamiken baldintzatzaile handienetarikoa da ekonomia”.

Kapitalismo neoliberalaren ezaugarriak eta eragina aztertzeaz gain, saiatzen dira bestelako egiteko moduak badaudela erakusten, Uriartek azaldu duenez: “Ekonomiak izan beharko lukeen helburuaren inguruan ere hausnartzen dugu: zertarako ekonomia? Gizartearen beharrei erantzuteko edo ahal beste irabazi lortzeko?”.

Caixabankek babestutako hezkuntza

Telebistan ikus eta entzuten dugunak ere badu eraginik ekonomiaz dugun ezagutza eta pertzepzioan. Zer esanik ez, txikienen kasuan. Euskal Telebista Publikoan haurrentzako 3txulo saioan ekonomiaren oinarrizko kontzeptu zenbait azaltzen dituen Ekonomikeriak izeneko tartea dute: inbertsioa, deflazioa, banku dirua, barne produktu gordina… Saioa aproposa da hedabideetan ekonomiaz aritzean gehien errepikatzen diren kontzeptuetara hurbilpen bat egiteko, baina gaur egun bankuek, espekulazioak edo etengabeko hazkunde nahiak duten eraginarekiko diskurtso kritikorik apenas sumatzen da. Askori ez zaio harrigarria irudituko, tartea Caixabank-ek babesten baitu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia soziala
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-09 | Enbata
Euskal Monetak mugaz gaindiko tresna amankomuna gogoetatzen

Euskal Monetak garapen handia ezagutu du azken urteotan Ipar Euskal Herrian. Europako tokiko moneta indartsuena bilakatu da. Sortu zenetik, Hego Euskal Herrira hedatzeko asmoa integratu zen proiektuan. Mugaz gaindiko tokiko moneta osagarri baten sortzea lantzen hasia da Euskal... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Hazien lezioak, lan produktibo eta erreproduktiboak bereizteaz

Haziekin hamaika metafora eta hitz joko egin dira. "Zerbaiten hazia izan", "proiektu baten hazia erein", "etorkizunerako haziak"... esamoldeak ezagun zaizkigu. Zerbait berezia dute haziek.


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Eguneraketa berriak daude