Euskaldunok ezagun dugu proiektu bat martxan jartzeko diru-laguntza kolektiboaren ohitura. Zuk ere hartuko zenuen parte batean baino gehiagotan, irakurle, poltsa bidez, bonu edo errifa moduan, zozketaren batean edo zuzenean kontu-korrontean sartuta. Bada orain betiko laguntza ekonomikoari crowdfunding deitzen zaio. Interneten zertxobait moldatzen bazara ziur entzuna duzula hitza, eta akaso kanpainaren batean ere zure ekarpena egina izango duzu. Baina errifak karterako bazter ezkutuenetan bezala galtzen diozu askotan pista crowdfundingari. Bere garaian bueltaka ibili zinela bai, baina askotan ez duzu jakiten azkenean dirurik bota zenuen ere, edo proiektua bera bideratzea lortuko ote zuten ere.
Nire kasuan adibide garbia da Donbass: Gerra Europaren bihotzean dokumentala. Egin ote nuen ekarpenik? Zer gertatuko zen proiektu horrekin?
Bai. Aurkeztu dute ikus-entzunezkoa Ibai Trebiño eta Mikel Arregi egileek. Arrasaten, ekainaren 11n. Donbassen (Donets eta Lugansk eskualdeetan) egin zuten egonaldia 2015eko martxotik uztailera bitartean, Kieveko Maidan plazako mobilizazioen ondoren 2014ko otsailean ukrainar oposizioak orduko Yanukovitx presidentearen aurkako estatu kolpea ematearekin eta interes geopolitikoak tarteko piztutako gerra dokumentatzeko lanetan. Ukrainako armadak jo-puntuan izan dituen zibilen testigantzak jasotzeko aukera izan dute gerra frontean.
Kazetaritza lan bezala definitzen dute egileek dokumentala. Bi aldeen bertsioak jartzen dituzte mahai gainean, eta “komunikabide masiboek Ukrainako gerra zibilari buruz azaldu ez dutena” erakutsi nahi izan dute lan honekin.
ARGIAk dokumentalaren produkzioan eta hedapenean kolaboratu du, eta urte osoko lanaren ostean jada plazaratuta, asmoa dago Euskal Herrian, Espainian eta Portugalen emanaldi bira bat egiteko.