Swindon (Ingalaterra), 1998. Blunsdon Ridge erromatar bidean, gurdien joan-etorriak galtzadan utzitako erreiak alde batean bestean baino askoz sakonagoak zirela aurkitu zuten arkeologoek. Bideak harrobi batera zeramanez eta, beraz, gurdiak bertara hutsik joan eta handik zamatuta itzultzen zirenez, ibilgailuek ezkerretik zirkulatzen zutela ondorioztatu zuten.
Eta ez soilik Inperioko leku urrun hartan; Antzinaroan, Egipton, Grezian eta Erroman behintzat, zaldizkoek eta gurdiek bideen ezkerreko aldetik joateko joera zutela uste izan dute adituek, hala nola Cyril Northcote Parkinson (1909-1993) historialari britainiarrak.
Zaldizko eta gurdi gidari gehienak eskuinak zirenez, bridei ezkerrarekin heldu eta eskurik trebeena libre uzten zuten, behar izanez gero, ezpata erabiltzeko adibidez. Gurdi gidariek ere eskuinean eraman ohi zuten usta edo zigorra, eta ezkerretik gidatzeak bide bazterreko oinezkoei nahi gabe jotzea saihesten zuen.
1300. urtean Bonifazio VIII.ak zirkulazio dekretu bat jarri zuen indarrean lehenengoz, San Pedro basilikara joateko San Angelo zubiko arazoak konpondu nahian. Erromako puntu jakin horretan eskuinetik joan beharko zen handik aurrera.
Baina Europan ez zegoen arau finkorik. Iraultza aurreko Frantzian, esaterako, estamentuen arabera, alde batetik edo bestetik zirkulatzen omen zuten: eskuinetik joateko ohitura nahiko zabaldua zegoen, baina nobleziak nahiago zuen ezkerretik joan. 1792an gobernu iraultzaileak eskuinetik gidatzeko dekretua onartu zuen, baina Napoleonen armadak lortuk zuen arau hura, ez soilik Frantzian, baizik eta konkistatutako lurraldeetan ere, indarrean jartzea, esaterako, Herbehereetan, Polonian, Suitzan eta Espainian.
Batzuek diote Bonaparteren apeta hutsa izan zela, edo frantziar armadaren nagusitasuna adierazteko keinua. Beste batzuen ustez, garai hartan tropen zirkulazioa oso sarria zenez, eta askotan bideetan topo egiten zutenez, eskuinetik joateak eta armak kanpoaldean eramateak barne liskarrak saihesten laguntzen zuen. Horregatik eutsi omen diote uharteetan –Erresuma Batuan, Japonian eta Australian, esaterako– ezkerretik gidatzeari, tropak itsasoz mugitu ohi zituztelako.
Kolonizazioaren garaian, kolonizatzaileen arabera arautu zen zer alde erabili, eta XX. mendearen lehen erdialdean araudiak bateratzeko joera eta, hortaz, eskuinetik gidatzeko ohitura zabaldu zen.
Egun, herrialde gehienetan eskuinetik gidatu behar da, baina ez dirudi herrialde "ezkertiarrak" aldez aldatzeko asmorik dutenik, 1967an suediarrek arazo handirik gabe egin daitekeela frogatu zuten arren.