argia.eus
INPRIMATU
Kontsultak, Gipuzkoa Zutik, manifestazioak... bor-bor batzuk epelean
Xabier Letona Biteri @xletona 2016ko ekainaren 07a
Jon Urbe/Argazki Press

Bozkatzeko eskubidea zuten herritarren %30ak bozkatu du euskal estatuari buruzko galdeketa prozesuan. Gutxi da hori independentzia lortzeko, pausu handia ostera ibilbide horretan. Besterik gabe, duela hiru urte sortutako gizarte mugimendu xume batek antolatu duelako halako prozesu korapilatsua.

Bai, Gure Esku Dagok antolatu zuen erabakitzeko eskubidearen gainean Euskal Herriak ezagutu duen mobilizaziorik ikusgarriena, Durango eta Iruñea lotu zituen giza katea. Baina hau beste urrats bat izan da, hainbat arrazoirengatik eta bi bederen merezi du azpimarratzea: bat, halako kontsulta prozesu bat bideratzeko tresneria indartsu eta ondo olioztatua behar da, juridikoki, politikoki eta sozialki; bi, mobilizazio-festa batetik independentzia edo burujabetzaren alde bozkatzera jotzea jauzi oso garrantzitsua da.

Orain lasai asko egin den bezala, egin daiteke Euskal Herri osoan 2019an edo 2020an. Gutxieneko baldintzarik baldin bada behintzat. Ez duela benetan erabakitzeko balio? Jakina, baina balio du herritarren borondatea gaur egun islatu daitekeen ahalik eta era gardenean adierazteko, eta horrek balio politiko handia du.

Kataluniako adibidea oso argia da: uste dut 2014ko azaroko erreferendumaren atarian inork gutxik pentsatuko zuela ekitaldi hark etorkizunari begira hartuko zuen indar sinbolikoa. Zergatik? Gauza askorengatik, baina batez ere eskubidea zuten herritarren %47k bozkatu zuelako eta gainera Espainiako Konstituzio Auzitegiak debekatu egin zuenean. Kataluniako independentistenean bakarrik ez, data hura Madrileko bihotzean ere iltzatua geratu zen.

Bitxia da, gainera, ikustea noiz eman den hemengo emaitza interesgarri hau. Katalunian udalerrietako 2009ko kontsulten lehen olatuan %27ko partehartzea izan zuten, noiz eta Konstituzio Auzitegiak Estatutu B erria bapo orraztu ondoren, Katalunia Madrilgo zentralismoaren aurkako su-mendia zenean. Hemen, kontrara, emaitza hau etorri da independentismoa basamortuko zeharkaldia egiten ari denean.

Kontsulten estrategia hau, gainera, errepide eta estadioak gainezka jartzekoa baino lurtarragoa eta seguruagoa dela ikusi da. Oraingoak herrietan jendeen arteko igurtzi handia eskatzen du; kalean independentista edo soberanista ez diren herritarrengana hurbiltzen da –klabe funtsezkoa–; eta ez du termometro errazek neurtu dezaketen helburu kuantitatibo zehatzik. Hori bai, emaitza arrakastatsuek 2017 eta 2018ko erronkak zailtzen dituzte, konparaketarako datuak hor izango dira eta. Baina hor da koxka, ezta?

Joan den asteburuak erakutsi du, halaber, independentziaren aldeko borrokak jadanik ez duela zergatik irentsi behar bestelako gizarte esparruen lana, elkar elika dezaketela baizik. 34 herritan euskal estatuaz galdetu zen; Baztanen Lekarozko Aroztegiako egitasmoaz egin zen kontsulta, eta herritarren %27k parte hartu zuen hartan, gehiengo oso handia kontra agertuz; Donostian Gipuzkoa Zutikek astebetez Gipuzkoako Plazan irautea lortu zuen, gero eta herritar eta ilusio gehiago erakarriz gainera; eta Iruñean manifestazio oso jendetsuak euskaraz bizi nahi duela aldarrikatu zuen, aldaketaren instituzioak aldi berean akuilatu eta sostengatuz.

Badirudi bor-bor batzuk bederen ari direla sortzen euskal gizarte erosoaren epelean.