Ekainaren 1eko ETBren iluntzeko albistegia Gipuzkoako taberna batean ikusi zuenak, labur jakin zuen tentsio momentu batzuk gertatu zirela Donostian ertzainen eta Gipuzkoa Zutikeko gazteen artean, betikoak izan behar zuten, ertzainek makilaz jo behar izan zituzten antza. Zer azio berri asmatu ote zuten?
Irudi labur horien ostean, luzeago, Biriatuko autopistako peajea sindikalistek blokaturik, bengalak sutan, bidea etenda comme-il-faut, protestan ari direnen ordezkari baten deklarazioak, gero muga aldeko blokatzeen irudi gehiago, ondoren beste baten iritzia… Hau bai mobilizazio polita, txukuna, europarra, frantsesek badakite, Occupy Wall Streeteko amerikarrek bezala, ai M15eko indignado madrildarrak. Ondo ematen dute Teleberrin.
Ekainaren lehenbiziko asteazken arratsaldean Donostiako bulebarretik Gipuzkoako plaza arteko ibilaldian izan ginenok ez genuen ezagutu guk ikusia ETBn azaldutakoan. Aldiz, han gertatu zenak telebistako istorio on baterako eman zezakeen. Gipuzkoa Zutik? Guk azalduko dizugu bi minututan. Dena denen bistan egiten dutenez, zergatik ez ditu ezagutu behar euskaldunak 800 pertsona haien aurpegiak, hango giroa, aldarrikapenak, argudioak, moduak?
Esan liteke bigarren fase batean sartu dela Gipuzkoako erraustegiaren aurkako mugimendua, duela gutxi arte ez zen esistitzen, orain gerrako etsaitzat borrokatzen dute. Isilik dagoen Diario Vascok laster ekin behar dio, matxinoek hedabide elektronikoetan oihartzun pittin bat gehiago lortu bezain pronto.
Arratsalde hartan, lehengo Bar Lasarteren parean, Gipuzkoa Zutiken banderaren inguruan jendea eserita, adineko amandre bat hurbildu zitzaien ertzainei, kazetariek entzun ahal izan zioten: “Jaunok, oso urduri jartzen nauzue, zuen arma horiek guztiak eskuetan, orain dela 40 urte bezala, baina gazte horiek esku hutsik datoz, mesedez, utz itzazue bakean… Zuen alde ere ari dira borrokan!”.
Pello Zubiria