"Tribunalek ezin dute erabaki herri demokratikoaren ordez"

  • Beskoitze 1952. Abokatua. Zentrista. UDIko kidea (Demokraten eta Independenteen Batasuna). Baionako auzapeza 2014tik. Herriko Etxeko hautetsia 1995etik. Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko presidentea da. Elkarrizketa egin aitzin, hautetsi talde batek Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publikoaren (HELEP/Herri Elkargoa) aurkako helegite hierarkikoa jarria omen zuten. Jean-René Etchegaray agurtu ondoren jakin genuen 60 hautetsik helegitea ezarri dutela auzitegian: “ Tribunalek ezin dute erabaki herri demokratikoaren ordez”, errana zigun auzapezak elkarrizketan. 


2016ko ekainaren 12an
Dani Blanco

Lüküzeko Barthelemy Aguerrek eta Armendaritzeko Lucien Delgue auzapezek Herri Elkargoa egitasmoaren aurkako helegite hierarkikoa aurkeztu omen dute.

Ez dut helegite hierarkiko hori eskuratu. Badakit Parisko Barne Ministeriora iritsi dela. Ez dut ezagutzen bere edukiera, ezta sinatzaileen izenak ere. Ez nau harritu Barthelemy Aguerrek eta Lucien Delguek helegitea jarri izanak. Aguerrek Departamenduko Herrien Arteko Komisioan egina zuen jada proposamena, Euskal Herriko eta Biarnoko bi herri multzo elkargo bakarrean bateratzeko asmoz. Bere proposamena ikonoklasta samarra da. Departamenduko Komisioak ez zuen proposamena aintzat hartu. Helegitearen bultzatzaileek erabaki politikoak tribunalek hartzea nahi dute herritarrek hartu beharrean, baina tribunalek ezin dute erabaki herri demokratikoaren ordez. Abokatua naizen aldetik, 37 urtez zuzenbidean aritu naizen honek ez dizu erranen horrela jokatzea eskandalagarria denik, erran dezaket, horrela jokatzen dutenak ez direla faborerik egiteko ez plazerik emateko ari. Udalerrietako kontseiluek proportzio zinez garrantzitsuan erabaki dute: hautetsien %73k aldeko boza eman du [158 herriko etxeetatik 111 alde eta 47 aurka]. Aldekoek biztanleriaren %66 ordezkatzen dute. Aldekook sistema demokratikoaren barnean ari gara politikan.

Eraginkorra izan al daiteke helegite hori?  

Helegite hierarkikoa, helegite administratiboa da. Administratiboa auzi-prozesalaren aurrekari izan daiteke. Herriko kontseiluen erabakien aurka joateko argudio juridikoak behar dira, baina kasuon, erabakia ez da soilik juridikoa, erabaki politikoa ere bada. Abokatu gisa  mintzo zaitut orain: kontra ari direnek argudio juridiko asko erabili dezakete, baina orain arte ez diet entzun argudio politiko funtsezko bat bera ere. Nik nahiago dut argudio politikoak izatea argudio juridikoak baino.

Eurek diote, politika egiteko era bat dela.

Nik ere politika egiten dut. Denok egiten dugu politika, baina badira erak eta erak. Nik ez dut proiektuaren aurka egotea deitoratzen, Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publikoaren (HELEP) aurka egiteko aukera badago. Alta, helegitearen bultzatzaileek azaldu behar dute zergatik egin duten orain, Frantziako Estatuak lehen aldiz Herri Elkargoa instituzioa sortzeko proposamena egin duenean, gehiengoak bultzatua, gehiengoak baietz esan ondoren. Zergatik erabaki dute tribunaletara joatea, erabaki garrantzitsu hori hartu denean? Euren jarrera arras desegokia da!

Prefetak nola hartu dezake helegitea?

Prefeta estatuaren ordezkaria da, berak estatuaren interesak errespetatuak izatea begiratzen du. Euskal Herria instituzionalizatzeko arduraduna da. Gure lurraldeko hautetsien jarrera legearen markoan dago, herrialdea ahalik eta hobekien ordezkatua eta antolatua izatea da gure xedea. Prefetak ez digu ontzi edo molde gogor bat ezarri, Herri Elkargo bakarra eratzeko aukera eman digu, eta molde hori marko juridiko determinatu baten barnean dago. Guk gure beharren araberako instituzioa eratu ahal dugu, moldea malgua baita, gure ahalen arabera moldagarria betiere. Prefetak ez digu diktatzen zer egin behar dugun.

“Frantziako eskuinekoak, ezkerrekoak eta zentristak gaude Herri Elkargoaren proiektuan, baina maleruski, gure artean jakobinoak ere badaude”

Zein da aitzinatzean eman beharreko lehen pausoa?  

Prefetak egungo herri elkargoen fusioa ordenatzeko erabakia hartu behar du ekainaren hasieran. Guk, 2017ko urtarrilera bitartean, HELEP eta Herri Elkargo bakarra ezartzeko bitartekoak landu behar ditugu. Sei hilabetez lan tekniko eta politiko gaitza dugu. Ikuskaritza lana da. Herri elkargoen [10 dira] bateratzeak egoera berria ekarriko du. Fusioak elkargoen eskumenak baterarazi behar ditu: funtzionarioen zereginak batu behar ditugu, baita finantzen bitartekoak ere, fiskaltasuna eta hornidurak barne. Lehenbiziko ikuskaritza prestatzeko, oraingo herri elkargoen hamar presidenteak talde aztertzailea eratzeko lanean ari gara, ni barne; Hautetsien Kontseiluko presidente naizen aldetik. Ondoren, gure azterketa bideratu behar dugu eta kabinet –herrien arteko fusio lanetan adituak– espezializatu eta pribatu baten esku utzi. Kabinetaren ondorioetan oinarrituta, funtsezko erabakiak hartuko ditugu egitasmoa abiatzeko.

Fiskaltasuna omen da arazoetako bat, hirigune eta herriguneen arteko desorekak direla eta. Enpresa handi eta txikien arteko harmonizazioa lortzea zaila da, antza.

Ez da egia fiskaltasuna dibergentzia puntu bat dela, biziki eztabaidatua izan da. Fiskaltasunaren inguruko gorabeherak arautu daitezke. Etxeko fiskaltasuna, pertsonen eta norbanakoen fiskaltasuna ez da aldatuko Herri Elkargo bakarra eratuko delako. Enpresen fiskaltasuna, hirien eta herrien arteko deliberoen arabera aplikatuko da, batzuetan igoerak izanen dira, baina fiskaltasun edo zerga hauen igoerak eragin apala izanen du enpresetan. Gainera, malgutasunez ariko gara: elkarren arteko desorekak harmonizatzen joateko zergak hamabi urteko epean ordaintzeko aukera izanen da. Herrien elkargoen arteko langintzak ez ditu arazoak ezarriko fiskaltasunari dagokionez. Gobernantzari buruzko gorabeherak izan daitezke, oraindik ere hainbat gai erabakitzeko daudelako.

Hala nola…

Adibidez, Estatuak mendiko eta landako hainbat lurralderi eman behar dizkien dotazioak edo hornidurak oso konplexuak dira. Atala partikularra da.

Itsasaldea eta barnealdearen arteko oreka erdiestea garrantzitsua da ere bai.

Baiki. Baina, landa eskualdeek Estatuaren aldetik jasotzen dituzten hornikuntzak ez dira aldatuko Herri Elkargo bakarra eratuko delako. Kasurako, Barthelemy Aguerren eta bere lagunen argudioak zinez paradoxikoak dira. Antolaketa berrian barnealdeko eskualde zenbait galtzaileak izanen direla diote, itsasaldeak barnealdea irentsiko duela, eta aldi berean, kontrakoa diote: barnealdeko herriek menpe hartuko dituztela itsasaldekoak, herri eta hauen ordezkari kopurua gehiago direlako. Denetarikoak eta edozein gauza erran dute, hitz kontraesankorrak barne. Izatez, landa lurraldeek jasotzen dituzten horniduretan –elkartasunezko hornidurak edo baserri mundua sustatzeko dotazioak–, jabeen herentzian eta etxaldeen segidan ez da aldaketarik izanen. Estatuaren erreformaren barnean ematen ari diren neurrietan ezarriko dira berme horiek. 

“Erreforma hau ez doakio identitateari. Errepublikako lurraldeak antolatzeko ekimen berria da, herri arteko komunitate handiak sortzea xede duena”

Garraioan ere aipatu dira aldaketak.

Garraioari dagokionean, Estatuaren diru-sarrera edo laguntza, garraioaren fiskaltasun arauari atxikia dago. Horri buruz ez ditugu erantzun definitiboak, finkatu gabeko puntua da. Gobernuak finantza lege berria prestatu nahi du abendurako. Estatuak lege erreforma berria aplikatu nahi du garraioaren diru-sartzeari buruz eta tasa tipoen gainean. Antza denez, landa eremuko enpresen tasak diferentziatuak izanen dira hiri-guneko enpresen tasetatik. Garraio optimoa duten eskualdeen antzeko diru-sartzea izanen da garraio eskas dutenentzat, edota garraio zerbitzua ziurtatuta ez dagoen landa eskualdeetan. Estatuaren administrazioa hiriguneak eta landa eremuak harmonizatzeko lanean ari da.

Departamentutik Herri Elkargora iragaten ari gara. Trantsizio garaian gaude, antza.

Trantsizioa ezohiko garaia da. Big Bang instituzional moduko bat bizitzen ari gara Frantzian. Erregio handiak eratu berri dira, eta gu horietako batean gaude. Austriaren lur zabalera eta Danimarkaren heineko biztanleria dituena. Europako herrialdeak eta estatuak dira biak. Horien tamainako erregio baten barnean bagaude, egizu kontu. Funtsezkoa da horretaz ohartzea, herrien bitartekoak gutxitzen ari direlako. Erregioak handitzen ari dira eta Herrien Arteko Elkargoak sortzen, gurea bezala, esaterako. Erregioek pisu handia hartuko dute. Departamendua Frantzian iraganeko egitura izatera pasako da laster. Politikoki eta juridikoki arrunt inportantea da aldaketa, Departamenduak konpetentzia orokorren klausula galdu baitu, honezkero ez dute turismoaren, ekonomiaren, ezta garraioaren ardura ere. Une honetan, gai sozialen ardura besterik ez dauka.

Herri Elkargoak bereganatuko al ditu konpetentzia horiek?

Beharko ere. Herriko etxeak gero eta desjabetuago geratzen ari dira, ez dute bitartekorik. Sortzen ari diren ingeniaritza lan-molde berriak ez zaizkio iristen, beren konpetentziak indarrean jartzeko bitartekariak ez dituzte menperatzen. Horregatik Herri Elkargoak ahalmen horiek hartu behar ditu bere gain, bera da hori bermatzeko erakunde bakarra. Batzuek diote, Herri Elkargoak herrien akabera ekarriko duela. Alderantziz,  Herri Elkargoa salbamendurako erakunde bakarra da.

Batzuen ustez, Herri Elkargoa abertzaleen aldarrikapenei erantzuteko eratuko dela.

Hori faltsua da. Erreforma hau ez dagokio identitateari. Errepublikako lurraldeak antolatzeko ekimen berria da, herri arteko komunitate handiak sortzea helburu duena. Frantziako Barne Ministerioak ez du bitarteko instituzional bat sortu, nortasunaren aldarrikapenei erantzuteko. Ni ez naiz abertzale, eta  hala izan gabe ere, gure lurraldearen aldeko proiektu ona dela erran dezaket. Aldi berean uste dut, herrialde honek normaltasun instituzionalaren beharra daukala. Beraz, hainbat abertzalek pentsatuko dute hau dela etapa bat Euskal Herria instituzionalizatzeko. Ni, abertzale askoren gisara, Lurralde Kolektibitate espezifikoaren alde nintzen. Baina aldarrikapen hori, egungo gobernu sozialistak errefusatu zuen. Haatik, HELEP egitasmoa ez dugu abertzaleen eskaerari erantzun bezala hartu behar. Abertzaleak ez dira inoiz etapa honen aldekoak izan, baina ez dira kontra jarri ere. Funtsean, Frantziako eskuinekoak, ezkerrekoak eta zentristak gaude, baina maleruski, gure artean jakobinoak ere badaude. Dena den, gehiengoak adostu du bide hau urratzea. Proiektu hau ez da ezkerrarena, ez eskuinarena edo dena delakoena. Ekimena ezkerreko gobernu batek onartu duen lege bati esker [NOTRE legea] aurrera joan da, ezkerreko gehiengoa duen parlamentu batek onetsia. Hartara, ez dut ulertzen bidean jarrera oztopagarriak izatea.

Batzuek diotenez, Herri Elkargoa Baionari eta Jean-René Etchegarayri esker eratuko da. Bestela ia ezinezkoa litzateke.

Baiona garrantzitsua da gai honetan, gainera bera izan da jarrera hartzen lehen hiri handienetako bat. Baina, ez da bakarrik Baiona, HELEPren aldeko gehiengoaren baiezkoa Baionaren baietzik gabe ere aterako zen aitzina. Egia da, Baionako 48.000 biztanleak Euskal Herriko 295.000 biztanleen artean egoteak biziki laguntzen duela. Niri dagokionez, egitasmo hau ez da atzokoa, hogei urte luze dira euskal instituzioaren alde engaiatua naizela, helburu horretara iristeko bide egiten ari naiz, baina ez naiz bakarra. Hautetsi anitz ari dira, joera politiko guztiak ordezkatzen dituztenak.

Herri Elkargoa eratze bidean, euskararen inguruan kezka dago.

Euskararen Erakunde Publikoa (OPLB) Hautetsien eta Garapen kontseiluek zutik ezarri zuten bitartekoa da. Eskertu beharreko lan handia egin da haren bidez. Orain, azken Lurralde Kontratua (Estatua-Erregioa) sinatu dugu Estatuarekin, eta bereziki, Kontratuaren Euskara atala aintzat hartu dugu. Guk behin eta berriz hauxe azpimarratu dugu: kontratua sinatu dugu eta berau berrikusteko klausula bat ezarri ere bai. Kontratua 2020. urtera arte sinatua da, anartean badago elkar ikusteko hitzordu bat, Estatuaren aldetik onartua. Kontratua 2017an berrikusiko dugu. Erabakia Estatua, Erregioa eta Departamenduaren esku dago oraindik ere, baina guk Estatuak hizkuntzari ekarri behar dion sostenguari buruz hitza hartzea badugu.  

Herri Elkargoak euskarak behar duen berezko saila izanen al du?

Hazparneko tailerretan Kultura eta Hizkuntza saila landu da. Euskarari eta OPLBri sostengua ematen jarraitu behar dela kontuan hartu da, legearen bitartez. Uneon, OPLBren diruaren finantzazioa %9 herriko etxeek emana da. Gainerakoa, Estatu, Erregio eta Departamendutik heldu da. Hautetsien Kontseiluaren aburuz, Estatu-Erregio-Departamenduarekin kontratua amaitzen denean, 2020. urtean, herriko etxeen diru laguntza %9tik %21era igotzea nahi dugu. Herri Elkargoa osatzen badugu, instituzio honen ardura eta xedea hizkuntza politika ziurtatzea izanen da. Eta ez soilik euskararena, okzitanierarena ere bai.


ASTEKARIA
2016ko ekainaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
"Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari"

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-11-06 | ARGIA
Bagira prozesua
Ipar Euskal Herriko abertzaleek aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

Bagira prozesuak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak etorkizunera begira hartu beharreko orientabideen inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusiak aurkeztu berri ditu. Inkesta 1.500 pertsonak erantzun dute. Mugimenduaren erronka nagusi izango diren bost gai zehaztu... [+]


Eguneraketa berriak daude