argia.eus
INPRIMATU
Gure makina erremintari nazioarteko aitortza
Juan Mari Arregi 2016ko ekainaren 07a

Beti gaude tentaturik gizartearen alde ilunena ikusi eta salatzeko. Batzuetan, gure burua gehiegi larrutzen dugu, baina badaude alderdi positiboak nabarmentzeko eta promozionatzeko modukoak. Euskal Herriko makina erreminta Europako eta munduko industriaren puntan dabil. Beti ego izan da, krisiak faktura pasarazi dion arren. Joan den astean Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre erakustazokan egindako Biurtekoak beste behin agerian utzi du hori. Hogeita zazpi herrialdetako 1.533 enpresa izan dira bertan, eta euren potentzialtasun eta berritasunak erakutsiz, euskal industriako makina erremintari aitortza egin diote Biurtekora etorriaz.

Gure makina erremintak historia hurbilean krisien eragina jasan izan du hainbat momentutan, enpresak itxi dira eta milaka lanpostu galdu. BEC-eko Biurtekoan eskainitako ehunka produktu berri eta modernorekin, baina, harro esan dezake prest dagoela robotizatzeak, digitalizatzeak eta 3D inpresio harrigarriak ekarriko duen industri iraultza berri honetan parte hartzeko.

Europan eta mundu osoan lehiatzeko gai den sektorearen biziberritze eta modernizazioak balio behar luke Euskal Herrian enplegu eta garapen sozialaren motor izateko. Makina erreminta mantentzeko eta garatzeko hil ala bizikoak izan ziren eta oraindik ere badiren lanbide eskolek jarraipena izan behar dute. Langabezian dagoen gazteriaren zati bat bertan saiatu daiteke eta profesionalki hezi, horrela etorkizun handia duen sektore batean enplegua lortzeko.

Ea administrazioek hori guztia kontuan izaten duten.