“Egungo gazteek ez dute etorkizunik lehen sektorean”. Makina bat aldiz entzun ditugu antzeko esaldiak (eta, agian sinistu ere bai) azken urteetan. Baserriak, nekazaritza txikia, landa eremua... etengabeko galeran joatea nahi duten horiek, lurretik bizitzea ezinezko dela sartu diete gazteei buruan: “Hobe duzu fabrikan aldi baterako lana bilatu...”.
Badira, ordea, nahitaezko eredu horri aurka egin eta lurretik (eta beste era batean) bizitzea posible dela erakutsi duten hamaika proiektu. Horien artean dago Lizarrako Uztaldi nekazarien mikro-kooperatiba: “Lan munduan dagoen prekarietatea, langabezia eta egoera txarra ikusita, alternatibak sortu eta gazteon ahalduntzea izan da helburua”, azaldu digu Uztaldiko kide Erik Ruizek.
“Denendako” kooperatibaren parte da Uztaldi. Bertan, hainbat alorretako gazteen proiektuek egin dute bat: nekazaritza, ostalaritza, abentura... “Sinergiak sortzen ditugu guztien artean: adibidez, ostalaritzakoek gure barazkiak erabiltzen dituzte sukaldean”, dio Ruizek. Lizarraldeko 15-20 bat gaztek osatzen dute kooperatiba zabala, bakoitzak bere proiektua izanik ere ideia bera konpartitzen dutenak: dirua beharrean, pertsonak jartzea lehen planoan.
Lizarrako apaiz kaputxinoak herritik joatekoak zirela jakinda, Uztaldiko lagunek beren proiektua aurkeztu eta akordiora iritsi ziren: lurren zaintza eta mantenuaren truk, horien erabilpena beren esku geldituko zen.
Geroztik, herriko lau gazte dabiltza jo eta ke barazki ekologikoak ekoizten eta zuzenean saltzen. “Nekazaritza jasangarria bultzatzea, produktu ekologikoak eskaintzea edota bertako haziak landu eta ezagutzea dira gure helburuetako batzuk”. Herriko hainbat gunetan saskiak banatu eta asteroko azokan parte hartzeaz gain, denda txiki bat ere hartu dute nekazariek beren produktuak zuzenean saltzeko.
Laneko proiektu bat bezain beste, proiektu sozial baten moduan ulertzen dute kideek Uztaldi: “Herriko beste eragileekin, gaztetxearekin, txosnekin, AEKrekin... ekimenak egiten ditugu. Gizartearekin bat eginda aurrera egitea da gure helburua”.
Agian, bada garaia orrialdeko lehen esaldiari buelta emateko: “Bai, gazte, bada etorkizunik lehen sektorean”. Bide berriak aurkitu behar...