Kapitalismo berdea


2016ko ekainaren 05an

Aldaketa klimatikoa, itsasoen kutsadura, petrolioaren eta natur baliabideen agortzea, lurraren narriadura hazkorra, hondakinen kontrolik gabeko barreiaketa, eta abar luze batek aspaldian erakusten dute ekonomia eredu desarrollistak –izan neoliberala, keynesiarra edo planifikazio zentralekoa– planeta hondamendira daramala.

Kapitalismo berdearen leloa oximoroma izan arren, etorkizun hurbileko erronka ekologikoak behartuta, elite politikoak eta ekonomikoak iraunkortasunerako estrategiak eta ekimenak hedatzen ari dira. Bere ondorioak aurreikusi ezinak diren arren, TTIP edo antzeko itunek horren oztopo direla ahaztu gabe, kapitalismoaren garapen eredu berri baten ateak zabal ditzakete jarraian azalduko ditudan bi estrategien moduko lerroek.

Euskal lurraldeen artean gehien birziklatzen duen herrialdea Gipuzkoa da %42,3 markarekin, duela bost urte abian jarritako birziklatze neurrien emaitza itxaropentsuak agirian utzita. Europako esparru berriak neurri horietan sakontzea eskatzen du, hala azken urtean arlo horretan tamalez galga ipini duen Gipuzkoan nola gainerako herrialdeetan ere

Europar Batasunean ekimen multzo bat hartu berri du Europako Batzordeak zuzentarau gisa “ekonomia zirkularra”ren eremuan. Neurrien motibazioa da aipagarria, izan ere, lehen aldiz onartzen du Batzordeak “hartu, erabili eta bota” kulturan oinarritutako eredu produktiboa jasanezina dela. Horri aurre egiteko “ekonomia zirkularra”ren oinarriak hartzen ditu aintzat: “Sehaskatik sehaskara”ko ideia da nagusia eta hondakinak baliabide bihurtzen dituen ekonomia produktiboaren ikuspegia akuilatzen du. Bistakoak lirateke eskema horren abantailak guztientzat: natur baliabideen erabilera hobea, kutsadura gutxitzea, kostuen aurrezkia eta diseinu ekologikoak zein produktu ugariren berrerabilpena eta birziklapena tarteko enpleguaren sorrera. Neurri hauek martxan jartzeko egitasmoa zehaztu egiten du Batzordeak. 2020 Horizontea programaren kontura 650 milioi euro daude aurreikusita eta beste kopuru zabalagoa tokiko ekimenetara bideratzen diren Fondo Estrukturalen bizkar. Praktikan udal zein tokiko gobernuek helburu jakin batzuk bete beharko dituzte. Esaterako, 2030 urterako udal hondakin guztien %65 birziklatu beharko da. Euskal lurraldeen artean gehien birziklatzen duen herrialdea Gipuzkoa da %42,3 markarekin, duela bost urte abian jarritako birziklatze neurrien emaitza itxaropentsuak agirian utzita. Europako esparru berriak neurri horietan sakontzea eskatzen du, hala azken urtean arlo horretan tamalez galga ipini duen Gipuzkoan nola gainerako herrialdeetan ere. Halaber, lizitazio publikoetan erosketa publiko berdeen irizpideak hartzea eskatzen du zuzentarauak. Euskal Herrian udal mailako ekimenak egon badauden arren, oso gutxi eta urriak dira oro har.

Europako Berdeen taldeak ere ekimen berri bat aurkeztu du ekonomia berdea hedatzeko xedearekin. Diru berdea txostenaren bitartez Europako Banku Zentralaren (EBZ) diru pizgarrien bidezko politikak ekonomia berdea finantzatzeko praktikak indartzeko erabiltzea eskatzen dute. Gaur egungo diru politikaren bidea modu pragmatikoan erabiltzea da gakoa, trantsizio berdea eta ekonomia krisia nolabait bateragarri eginda. Deshazkundearen bideari heltzea baino diru politika eta politika fiskala trantsizio berdea diruz laguntzea lehenesten da, horrela enplegua sortuko litzateke eta krisiaren irteera erraztu.

Gaur egun, EBZk diru kopuruak bideratzen ditu titulu publikoak eta pribatuak erosteko, baina politika horrek ez du diskriminatzen erosten dituen aktiboen artean, beraz, batzuetan jarduera kutsagarriak eta jasangaitzak ere finantzatzen ditu. Inbertsioetarako Europar Bankuak kudeatuko lukeen fondo berde bat sortzea da diru politikaren hedakuntza egoki bideratzeko aukera bat. Teknikoki konplexua den arren politikoki helburu argia du: proiektu berdeen finantzaketa bermatzea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2016ko ekainaren 05a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude