50 urte bete dira zine aretoetan Historiaurreari buruzko zentzugabekeria handienetakoa estreinatu zela: Don Chaffeyk zuzendutako One million years B.C. (K.a. milioi bat urte). Filmean dinosauroak eta gizaki modernoak ageri dira eta, ez batzuk ez besteak, ez zeuden gure planetan duela milioi bat urte. Dinosauroak duela 65 milioi urte inguru desagertu ziren eta Homo Erectus-ak ez zuen Raquel Welchen antz handirik (argazkian). Depilazioa, ileko laka eta bikinia ere kronologikoki ez datoz bat.
Eta, hala ere, Stanley Kubrickek probetxua atera zion filmari: azken muntaketan luizi baten grabaketak baztertu zituzten, 1971n Kubrickek A Clockwork Orange lanean erabiliko zituenak.