Eskandalu


2016ko ekainaren 05an

Diglosia kulturala dela medio, baten batek pentsa lezake Raphaelen kantari espainiarraren abesti famatuaz ariko naizela. Bada ez. Erakundeen euskararekiko jokaeraz arituko natzaizue, ene aburuz eskandaluzkoa izatera heldu baita.

Izan ere, neure borroka daramat haiekin. Legeak edozein erakunderekin harremanetan jartzeko nahi dudan hizkuntza ofiziala erabili ahal izatea ustez aitortzen didan arren, euskara hautatuz gero, beti egiten dut topo trabaren batekin erakunde orotan, salbuespenik gabe: Bilboko Udala, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Aldundia...

Edukia, gorabeherekin bada ere, gustukoa izan nuen; hizkuntzen erabilerak, ordea, eskandalizatu egin ninduen. Nabaria zen kanpaina erdaraz pentsatutakoa zela

Batzuetan norbanako moduan aritzen naizenean gertatzen zait, beste batzuetan elkarte baten izenean, baita laneko kontuetan ere. Ohiko arazoetako bat izaten da nik agiri bat euskara hutsean aurkeztu eta haiek erdara hutsean erantzun, indarrean dauden legeak hautsiz eta nirekiko begirune falta adieraziz.

Baina badago beste kontu bat, zeharka bada ere, hiritar euskalduna naizen aldetik etengabe eragiten nauena: erakundeen funtzionamendua bera. Esan nahi baita, erdara hutsez funtzionatzen dutela gehienek, eta horrek ondorio latzak dituela euskaldunongan. Askotan inprimaki edo agiri batzuk ez dira existitu ere egiten euskaraz, eta, badaudenean, ia beti erdarazkoaren itzulpena baino ez dira. Eta nabaritu egiten da, ulertzea bera ia ezinezkoa izaten da-eta.               

Diodan hori oso modu argian ikusten da argitaratzen duten publizitatean ere. Azken adibidea Bizkaiko Diputazioarena izan da, maiatzaren 17ko homofobiaren kontrako kanpaina hain zuzen. Proiektu-fasean ezagutu nuen kanpaina, kasualitatez. Edukia, gorabeherekin bada ere, gustukoa izan nuen; hizkuntzen erabilerak, ordea, eskandalizatu egin ninduen. Nabaria zen kanpaina erdaraz pentsatutakoa zela. Bost kartel eta bost lelo diferente zeuden, baina denek zeukaten zerbait komuna, nolabait kanpainari batasuna ematen ziona: denak hasten ziren “también” berbaz. Euskaraz ere egitera behartuta zeudenez, jakina, norbaitek itzuli beharko zituen lelook. Eta horra nire sorpresa: “itzulpenak” (nolabait deitzearren) astakeria gramatikalen bat izateaz gain, berezi samarrak izateaz gain... ez zeukaten ageriko elementurik elkarrekin, eta batasun horren falta zela-eta, kanpainaren eraginkortasuna galtzen zen hein handian. Gauzak horrela, ezin erreprimitu, eta e-maila bidali nien arduradunei kanpainaren batasuna errespetatzen zuten itzulpen itxurosoak proposatuz. Zorionez, kasu egin didate, eta neuk eginiko itzulpenak dira kartel-bideoetan ikus daitezkeenak. Uste dut badela garaia erakundeek publizitate-enpresei exijitzeko euskaraz ere lan egin dezatela. Oraingoan neuk egin diet-eta lanaren parte bat. Eta ez dut kobratu!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude