argia.eus
INPRIMATU
Diskoa
Mimoz landutako egurra
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2016ko ekainaren 01

Erabat harrapatu nau disko honek: lehen kantuetako danbatekoak eta kontzeptu gisa hain irekia izateak. Goazen enborraren sustraietara: Xabi Strubell hondarribiarra da Zura taldearen aita, gazte-gazte zela Dut taldearen sortzaile eta gitarra jotzailea. Gerora, aditza denboraz aldatu zen eta Hondarribiko hirukotea deseginda, bakoitzak bere aldetik ekin zion. Strubellek Zura taldea sortu zuen eta hasiera-hasieratik bestelako estiloetan arakatu zuen. Hara non, Metakekin lan bat kaleratu ostean, 2008an harrituta –onerako– utzi zuen euskal musika kritika Kiribil izeneko bossa-nova piezez osatutako diskoarekin. Gerora, luzaroan ez dute beste diskorik kaleratu, nahiz eta Bidehutsek Mikel Laboaren omenez abiarazitako Txinaurriak bilduman parte hartu zuten. Iaz Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eleberria inspirazio hartuta (omenaldi gisa, jakina) honako diskoa kaleratu zuten bossa nova sasoiko Nerea Olaxa abeslaria barik Willis Drummondeko Jurgi Ekiza ahotsetan laguntzen dutelarik.

Izan zuenak jarraituko duela izaten esan ohi da, eta hala da zalantzarik gabe disko honetako kantuei erreparatuz gero. Post-hardcorearen irmotasuna eta indarra oso presente daude hainbat piezatan eta berezko saltsan daudela antzematen da, gainera; oso eroso eta emaitza oso onarekin. Diskoa ukabilkada batekin zabaltzen duen Zeru lurrak jarlekura itsatsita uzten gaitu; Euria Fugazi eta azken garaiko Bap!-etik asko edaten duen rock bizi-bizia da tempo erdiekin jolasten dakiena; Itxaso erabat melodikoa da, baina gitarrak erabat makurrak eta bateria trumoien parekoa, garatuz eta eraldatuz. Trumoiaren ostean aldaketa dator: Hipotesi txalogarriena kantu elektro eta dantzagarria. Errautsak psikodelian bustia dago, pausatua baina misteriotsua.

Diskoaren erdian zelatan dagoen Ta heriotza niretzat hit! bat da: The Ex-en askatasuna, Fugazi-ren aberastasuna, Helmet-en irmotasuna eta Gutariko Bat-en urgentzia abiadura bizian doa inoiz gelditzerik nahiko ez genukeen trena; ederra! Bi hosto rock apurtua da, melodikoa eta aldi berean gordina; Negar isilak 70eko hamarkadako rockaren esentzia dauka; Lilurak badu 90eko new wave bizitik eta rock itsaskorrera eraldatuz punk-rockaren indarra hartzen du bidean; Landareak pausatua da, ia xuxurlatua, baina erritmoa oso aberatsa eta askea, eztanda heldu artean. Bukatzeko, Paris, tonu geldo baina interesgarrian.
Ekizak bestelako ukitua, sarkorragoa, eman die abesten dituen kantuei. Bestalde, musikari esperimentatuak direla erakutsi dute aho-betez: lortutako giroak, erritmoak, abestien garapen irekiak... Taldea zuzenean ikusteko deseatzen nago. Ongi etorri bueltan Zura!

Egunkari ezkutua

ZURA

Oihuka