"Irlandako batasunak ekonomikoki, sozialki eta politikoki zentzua duela sinetsarazi behar diegu unionistei"

  • Danny Morrison (1953, Belfast) Irlandako mugimendu errepublikarrean pertsonaia garrantzitsua da. Egun, Sinn Féineko komunikazio arduraduna, kazetaria eta bereziki idazlea da. Aurten Irlandako independentziari bide eman zion Pazko Matxinadatik 100 urte betetzen direnean, 1916ko altxamenduaz, H Blokeetako gose grebaren inguruan eta Irlandako aktualitateaz mintzatzeko aukera izan dugu berarekin, Dublinen ospatu den Ard Fheis, Sinn Fein alderdiaren kongresuan.

Zer da egungo Irlandako gizartearentzat 1916ko altxamendua?

Estatubatuarrentzat independentzia adierazpena edota frantsesentzat Frantziako Iraultzaren antzekoa da. Historikoa eta gaur egun ere oso garrantzitsua da. Hala ere, egun boterean daudenentzat lotsagarria da 1916ko altxamenduan eta 1919tik 1921era bitarteko independentzia gudan bizitza eman zuten gizon eta emakumeen adorearengatik esker gobernatzen egotea.

Gaur egun, 1916 oso garrantzitsua da Britainia Handiaren menpe gaudelako oraindik eta iparraldeko interferentziak hegoaldean oso modu negatiboan eragiten duelako. Fianna Fail eta Fine Gael hegoaldeko bi alderdi nagusiak 1916ko altxamenduak daukan balorea kentzen saiatzen dira. Egun irlandar errepublikarrak garenok, hegoaldeko 26 probintziei “Estatu libreak” deitzen jarraitzen diegu, 1921ean ingelesek eman zioten izena. Duela gutxi telebistan Irlandako 26 probintziez mintzo ziren, nazio bezala aurkeztuz, Irlandaren osotasuna alde batera utziz. Frank Gallagher idazleak 1940an idatzi zuen liburu ospetsu batean zioen iparraldeko sei probintziek amore eman behar izan zutela beste 26ek askatasuna lor zezaten.

“Egun irlandar errepublikarrak garenok, hegoaldeko 26 probintziei ‘Estatu libreak’ deitzen jarraitzen diegu, 1921ean ingelesek eman zioten izena”

Irlandako Gobernuak hautsak harrotu zituen bideoa egin zuen.

Altxamendua baino hilabete batzuk lehenago Irlandako gobernuak 1916ko altxamendua oroitzeko bideo bat argitaratu zuen. Bertan iraultza egin zuten pertsonen izenak alde batera utzi eta U2ko abeslari Bono, Bob Geldof, Ian Paisley, David Cameron eta Erresuma Batuko erregina azaltzen dira. Ikus-entzunezko hauek amorru handia sorrarazi zuten.

Zerk bultzatu zuen 60ko hamarkada bukaeran IRA armak hartzera?

1912-1922 tartean Ipar Irlandako gutxiengo bat Alemaniako armez altxatu zen. XX. mendeko lehen indar paramilitar faxista bihurtu zen UVF Europan. Guda zibilarekin mehatxu egin ziguten gure burujabetza aldarrikatzen bagenuen. Burujabetza ez zen errepublika berri bat, baizik eta egun Eskozia edota Galesek duten britainiar agindupekoaren antzekoa. Lehen Mundu Gudaren ondoren ipar-hego zatiketa inposatu ziguten.

Subkontzienteki Ipar Irlanda galdu izanaren erru sentimendua daukagu. Inor ez zen gu laguntzera etorri eraso egin zigutenean, gure etxeak erre zituztenean. Horregatik sartu zen gure jendea IRAn. IRAren borroka luzearen ostean Erresuma Batuko Gobernua negoziatzera behartu zuten: unionistek inoiz onartuko ez zituzten gauzak egin behar izan zituzten: boterea partekatu, preso politikoak askatu, RUC polizia indarren desegin edota botere judizialaren erreforma. Unionistak neurri hauek murrizten saiatu ziren, oso fanatiko eta sektarioak direlako. Horregatik guztiz legitimatua ikusten dugu gure burua IRAren borroka armatua babesteko baita 1916ko erresistentzia harrotasunez aldarrikatzeko ere.

1916ko gertakariez kontziente al da Irlandako gizartea edo folklore hutsa da?

Irlandako Gobernuak dituen zailtasunak ez dira datorren astean amaituko. Independentziaren mendeurren hau IRAko gose greban hil zirenen urteurrena ere bada. Datorren urtean mendeurrena beteko da 1917an gose greban hil zen batena. 1918an irlandarrek hauteskunde nagusietan independentziaren alde bozkatu zuten. Urte horretan britainiarrek Irlandako parlamentua legez kanpo utzi zuten. 1919an Irlandako independentzia gudaren hasieraren 100 urte beteko dira. Gobernuak ez daki ekimen hauek guztiak kudeatzen, baina hala ere, ekintza hauek guztiei esker boterean daude. Gizon eta emakume askok beren bizitza eman zuten independentziaren alde eta Gobernu honek ez du ezer egiten Irlandaren askatasunaren alde. Irlanda oraindik lege britainiarren menpean dago.

“Britainiarrez oso mesfidatia naiz. Beti erne egon
behar zara beraiekin”

Aurten H blokeetako gose grebatik 35 bete dira. Zer eragin zuen gertaera honek Irlandako gizartean?

1981ko gose greba gure 1916a bezala deskribatzen dut. Ipar Irlandako eremu oso txiki bateko hamar gizon gaztek zazpi hilabeteetan zehar bizitza eman zuten Margaret Thatcher Britainia Handiko historiako sasikume handienaren aurka. Thatcherrek esan zien: “Nola onartuko zaituztet lurralderik ez baduzue?”. Orduan Bobby Sands eta beste hainbat preso politiko ordezkari politiko gisa aukeratu zituztenean Thatcherrek hauteskunde legeak aldatu eta hauek politikari bezala onartzeari uko egin zion. Gizon hauek espetxean hil ziren.

Ondoren, Britainiako Handiko Gobernua bere lege bidegabeez lotsarazteko estrategia hasi genuen eta kaleko jendeari zerbitzuak eskaintzen hasi ginen: beraiekin batera borrokatu genuen etxebizitza eta gizarte segurtasun duinen alde eta langabeziaren aurka eginez. Errepideak egin genituen eta nekazaritzan, arrantzan eta kulturan jarri genituen gure indarrak. Mugimendu errepublikarrak hori egin zuen, oso iraultzailea zen. Gobernu britainiarrari ez zitzaion batere gustatu eta loialistak antolatu zituen gure buruzagiak hiltzeko. Gure etxeei eraso egin zieten, telebista eta irratiak debekatu zizkiguten. Ni 1982an Ipar Irlandako Asanbladara hautatua izan nintzen, eta handik bi astera, 1997 arte Britainian sartzeko debekua jaso nuen. Hala eginez gero bost urteko kartzela zigorra jasoko nuen. Britainiako Gobernuak ez zuen legea errespetatzen. Gerra zikinean nahastuta zeuden eta hau estaltzen zuten. Gerra zikinaren kontuak aditzera emango zituen Lord Stevens poliziaren 3.000 orrialdeko txostena argitaratuko zutela esan ziguten baina soilik 17 orrialde erakutsi zizkiguten. Gauza asko ezkutatzen dituzte. Guk ordea ez daukagu ezer ezkutatzeko. Zerbaitetan harrapatzen bagintuzten kartzelara joaten ginen. Gure komunitateko jendeak ehunka urte igaro ditu giltzapetuta. Oso polizia eta soldadu gutxi joan ziren espetxera ordea. Guztia estalia zegoen. Orain badakigu Britainia Handiko Gobernuko inteligentzia zerbitzuak loialistak armatzen eta entrenatzen aritu zirela. Beren krimenak estaltzen ere bai.

Irlanda batuaren aukera ikusten al duzu?

Lehenik eta behin Ipar nahiz Hego Irlandako nazionalistez gain, iparraldeko unionistei ere erakutsi behar diegu Irlanda batu batek ekonomikoki, sozialki nahiz politikoki zentzua daukala. Edonola ere, disidente errepublikarren mehatxu edota loialisten mendekuez gain, hainbat arazori aurre egin behar diegu. Ingalaterrak Brexit-aren inguruan daukan arazoa ere hor dago, Eskozia, Gales eta Ipar Irlandaren gehiengoak agian Europar Batasunean gelditu nahi baitu. Ingalaterrako gehiengoa irtetearen alde dago. Guk ez daukagu askatasunik eta badakigu Gobernu britainiarrak Europako legea eta giza eskubideak bertan behera utzi nahi dituela, Ipar Irlandan daukan arazoagatik. Badakite aurki iparraldean gertatutako hainbat gairen inguruko epaiketei aurre egin beharko dietela. Adibidez, 1971tik 1975era bitartean habeas corpus-aren legea bertan behera utzi zuten. Beraz, britainiarrez oso mesfidatia naiz. Beti erne egon behar zara beraiekin.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude