Dan Berrigan apaiza gerrarako armak golde bihurtzen saiatu zen

  • Bakezko desobedientziaren ikonoetako bat zendu berri da. Philip eta Daniel Berrigan anaia apaiz estatubatuarrei –1920ko hamarkadan sortuak– Bibliaren irakurketa zorrotzak ondorio politiko gogorrak ekarri zizkien, legea urratu eta beren erosotasun pertsonala arriskuan jartzera eraman baitzituen, espetxeraino. Anaia joan den abuztuan galdurik, Daniel apirilaren azken egunean hil da Bostonen 94 urterekin.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko ekainaren 05a
Thomas Goodek 2006an ateratako argazkian, Daniel Berrigan apaiza beste ekintzaile batekin atxilotuta ateratzen dute AEBek Nazio Batuetan daukan egoitzatik. 1965ean aurkeztu ziotelarik bilera batean Robert McNamara Defentsa Ministroa, Berriganek galdetu om
Thomas Goodek 2006an ateratako argazkian, Daniel Berrigan apaiza beste ekintzaile batekin atxilotuta ateratzen dute AEBek Nazio Batuetan daukan egoitzatik. 1965ean aurkeztu ziotelarik bilera batean Robert McNamara Defentsa Ministroa, Berriganek galdetu omen zion: “Gerra ez duzunez geldiarazi goizean, pentsatzen nuen ea gaur gauean geldiaraziko duzun”. Eta gerraren arduradunak arrapostu: “Begira, hau daukat esateko Aita Berrigani eta hemengo guztiei: Vietnam Mississippi bezalaxe da. Ez badute obeditu behar legea, tropak bidali behar dizkiezu”. 40 geroago zioen apaizak: “Far Westeko sherif izpiritu horrekin ari ziren gerra hura egiten, horra...”.

“Estatu Batuak –idatzi du New York Timesek– barnetik urratzen ari ziren, giza eskubideen eta Asia urruneko gerra zirela eta, orduan azaldu zen Aita Berrigan 1960ko hamarkadan eliza katolikoaren ‘ezker berriaren’ izar intelektual moduan, aldarrikatuz arrazismoa eta txirotasuna, militarismoa eta kapitalismoaren gose ase ezina, arazo handi beraren osagaiak zirela: gizarte injustu baten osagaiak”.

1921ean jaioa, jesuiten seminariotik pasaturik 1952an apaiztu zen, ondoren Europara etortzeko urte sabatikoa hartuta. Frantziako estatuan ezagutu zituen orduko Eliza katolikoaren egitura eta ohiturak inarrosten zituzten “apaiz obreroak”, 1960ko hamarkadan Euskal Herrian ere oihartzuna izango zutenak.

1957an argitaratu zuen lehenbiziko poema liburua, National Book Award sarirako izendatzeko adina famatu zutena zenbait kritikok, eta geroztik hil artean urtero liburu bat bederen aterako zuen. 1963an Parisen barrena bisitatu zituen orduan Txekoslovakia zena, Hungaria, Hego Afrika, Israel eta Palestina eta abar… AEBak eta OTAN batetik, Sobiet Batasuna eta bere blokea bestetik, Gerra Hotzaren garai beroenak ziren. Bakearen aldeko eta arma nuklearren aurkako mugimenduetan murgildu beharraz konbentzituta itzuli omen zen etxera.

Ez zen katoliko bakarra horretan. 1965eko azaroaren 9an New Yorken, Nazio Batuen egoitzaren atarian, 22 urte baizik ez zeuzkan Roger Allen LaPorte lurrean eseri zen budisten eran, gorputza igurtzi gasolinaz eta bere burua sutu zuen. Gaztea biharamunean hilko zen, galdu gabe konorterik; zergatik egin zuen galdetutakoan erantzun zuen: “Langile katolikoa naiz. Gerraren kontra nago, gerra guztien kontra. Erlijiozko ekintza da egin dudana”. Haren hiletan esandako sermoiagatik, jesuiten nagusiak behartu zuen Dan sei hilabeterako AEBetatik kanpo ibiltzera.

1967an atxilotu zuten lehenbizikoz, Pentagono aurrean zientoka ikaslerekin gerraren kontra manifestatzeagatik. “Espetxean jantzi ditut lehenbizikoz jeans galtza eta alkandora, apaiz batentzako egokiak iruditu zaizkit” idatzi zuen. 1968ko otsailean Ipar Vietnamera bidaiatu zuen Howard Zinn historiagilearekin, hiru militar yanki askatuta etxera ekartzeko. Viet Congekin biltzeko zain zeudela Hanoin, AEBetako hegazkinen ohiko bonbaketa bat probatzea egokitu zitzaion bertan.

1969ko maiatzaren 17an, Martin Luther King hil eta sei astera burutu zuten akzio mediatikoena, Catonsvilleko bederatzien protesta: ekintzaileak, tartean  Berrigan anaiak, soldaduak errekrutatzeko bulegoetan sartu, langile harrituen aurrean paperak hartu eta atarian su eman zieten gerrara deitutako mutil gazteen zerrendei, etxean egindako napalm sinbolikotan kiskaliz.

Ekintzaren aldarrikapenezko orrian idatzi zuten: “Barkamena eskatzen dizuegu, lagun onak, ordena urratu dugulako, paperak erre ditugulako umeak erretzeko ordez, diziplina handiko jendeak haserraraziz hilerriaren atarian. Jainkoak lagundu gaitzala, baina beste erremediorik ez genuen (…) Salatzen ditugu eliza katolikoa ere, eta beste eliza kristauak eta sinagogak, isil eta koldar daudelako gure nazioaren krimenen aurrean”.

Udazkenean epaitu zituzten, hiru egunez mundu osoko prentsa erakarri zuen auzian. Beranduago Gregory Peckek hartan giroturik egingo zuen “The Trial of the Catonsville Nine” filma. Bi urteko zigorrera kondenaturik, Danek erabaki zuen bere burua ez entregatzea. Lau hilabete iraun zuen sasian, AEBetako Ipar-Ekialdeko hainbat herritan behin eta berriro azalduz, batean hitzaldia, bestean elkarrizketa, FBIk atxilotzea lortu zuen arte.

Bakea ez maitatu erdizka

Dan Barriganek presondegiko 18 hilabeteko bizipenak “Lights on in the House of the Dead” (Argiak hildakoen etxean) bildu zituen eguneroko moduan. Poeta gisa oso ezaguna, genero ezberdinetan denetara 50 liburu argitaratu zituen.

Gerraren aurkako eta bakearen aldeko lana honela laburbildu zuen bere liburuetako batean: “Bakegile deitzen diogu gure buruari, baina denbora luzaz ez gara prest egon ordain handirik pagatzeko. Horregatik darrai gerrak, bakea maite dugulako bihotzaren erdiarekin eta biziaren erdiarekin, ez osoarekin. Ez dago bakerik ez dagoelako bakegilerik. Ez dago bakegilerik bakea egitea delako gutxienez gerra egitea bezain garestia, zaila, asaldatzailea; bakea egiteak eraman zaitzakelako uberan presondegira eta heriotzara eta desgraziara”.

1972an berriro auziperatu zituzten bi Barrigan anaiak, zergatik eta Henry Kissinger Estatu Idazkaria bahitzea antolatzeagatik, azkenean libre uzteko.    

1980ko irailaren 9an bi Barrigandarrak eta sei ekintzaile gehiago sartu ziren General Electric multinazionalak  armadarentzako misil nuklearrak egiten zituen usinan, Pennsylvanian, eta mailuka matxuratu zuten bat, jakinda barruan ez zeramala zama atomikorik.  Ekintza gero filme bihurtuko zen “King of Prussia” –General Electricen fabrikak izen hori zeukan– tituluarekin.

“Goldeak” (Plowshares, ingelesez) deitu zioten ekintza hari, Isaias profetak duela 2.800 urte esandako iragarpenaz oroituta: “Ezpatak golde bihurtuko dituzte eta lantzak igitai. Ez da naziorik nazioren aurka altxatuko, ez dira gehiago gudurako prestatuko”.

1980ko hamarkadan kapilau lanetan aritu zen behartsuak, kantzerdunak eta hiesdunak zaintzen. 1984an El Salvador eta Nikaragua bisitatu zituen, bertan ezagutzeko AEBen armadak sustatu gerrek eragindako kalteak. 1985ean Roland Joffe zinegileak Kolonbia, Paraguai eta Argentinara eraman zuen “La Mision” film gero hain famatua izan den hartan aholku eman zezan.

2001ean, 80 urte betetzen zituen egunean, galdetu zioten ea noiz etsi behar zuen: “Geldituko naiz, bai, baina ez hil ondorengo biharamuna arte”. 2006ko argazki batean ageri da, apaiz jantziz, gurutzea golkoan, polizia batek eskuak lotzen dizkiola Armadaren Manhattaneko museo baten atarian. Eta azkenetako irudiak, 2012koa, erakusten du Occupy Wall Streeteko gazteen alde otoitzean.

Amy Goodmanek elkarrizketatu zuenen 2006an Democracy Now irratirako, amaieran galdetu zion ea gauzak ez ote ziren hobetu haren gazte denboratik, Vietnamgo gerratik, eta Dan zaharrak: “Ez, ez, nire bizitzako garairik txarrena da hau, benetan. Ez dut sekula ikusi hain koldarki urratzen errespetatu beharreko edozein giza arau. Jende horiek agertzen dira telebistan eta ez idatzi eta ez esan gabeko lelo bat dakarte: ‘Mespretxatzen zaituztegu, zuek, zuen legea, zuen ordena, zuen Biblia, zuen kontzientzia, dena mespretxatzen dugu. Eta behar baldin bada hil egingo zaituztegu hori erakusteko’”.

Kanal honetan artxibatua: Bakegintza

Bakegintza kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-06 | ARGIA
Arma nuklearrak indargabetzeko kanpainak irabazi du 2017ko Bakearen Nobel saria

Arma hauen “eragin katastrofikoa” azpimarratu dute Bakearen Nobel saria ICAN elkarteari emango diotela jakinarazi dutenean. Horrez gain elkarte honek arma hauek debekatzeko egindako lan eskerga ere eskertu dute.


DSEI azoka Londresen: gerra hemen hasten da, hemen gelditu dezagun

DSEI Defence and Security Equipment International deitzen da munduko arma ferietan handiena eta Londresko ExCeL erakustazoka erraldoian irailaren 12tik 15era egingo da, jendeak hiltzeko teknologiarik sofistikatuenen inguruan tratuak egin ditzaten mundu osotik iritsitako ekoizle, erosle, bitartekari, agintari eta militarrek. Atarian zain edukiko dituzte gerraren erregaia den arma trafikoa gelditu nahian hurbildutako ekintzaileak.


Bonba atomikoaren aurkako emakumeen martxa prestatzen ari dira ekainaren 17rako

Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Ligak antolatu du bonba atomikoaren debekua aldarrikatzeko elkarretaratze erraldoia AEBetako New Yorken, ekainaren 17rako. NBEen batzar nagusian herrialde gehienak negoziatzen ari diren debekuari sostengu soziala eman nahi diote.


2017-03-29 | Xabier Letona
EAJ-PSE: egonkortasuna ardatz, ezer alda ez dadin

EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote historikoa. PPk, gainera, indartu egin dezake  egonkortasun hori. Eta tentsiorik gabeko giro horretan, jeltzaleek estatutu berri bat bideratu nahi dute.


2017-03-17 | ARGIA
Ahalaz, armagabetzea hauteskundeen aitzinetik eginen da

Txetx Etcheberryk “Ahalaz, armagabetzea hauteskundeen aitzinetik eginen da” esan du Gara-n. Bakearen artisau honek, armagatzearen ondorioak ekarri ditu hizpidera, besteak beste.


2016-12-22 | Hamaika Telebista
Bakea: egia oso baten bila
MULTIMEDIA - Ertzak

Egia, justizia, erreparazioa, etengabe entzuten ditugun hitzak; baina oraindik lehen fasean gaude? Genero ikuspuntutik nolako memoria egin dugu? Eta bake bidean zein ispilu eduki ditu Euskal Herriak? Horri buruz aritu gara, Amaia Alvarez (kazetaria), Iñaki Egaña (historialaria) eta Julia Mongerekin (Intxorta 1937).


Bake akordio berria sinatuko dute gaur Kolonbian, oposizioaren ezetzaren aurrean

Bake akordio berriaren sinatze ekitaldia egingo dute gaur Kolonbiako Gobernuak eta FARC gerrillak. Bigarren akordio hau Kongresuan onartuko da, lehenengoan erreferendum bidez ezezkoa gailendu ondoren. Bogotako Colon antzokian egingo dute ekitaldia, Euskal Herrian arratsaldeko bostak direnean.


Sarek biktima anitzak elkartuko ditu bake eta bizikidetza jardunaldien baitan Gasteizen

“Giza eskubideak, Konponbidea, Bakea” jardunaldiak aurkeztu ditu Sarek. Azaroaren 28tik 30era bitartean Gasteizen egingo diren hiru mahai-inguruz osaturik egongo dira. “Bizikidetza, ezberdinekiko errespetua, elkarrizketa eta ekintza iraunkorra jendartearen aktibaziorako ezinbesteko osagaiak dira”, azaldu dute.


Lehen ezetzaren ostean, bake akordio berria sinatu dute FARCek eta Kolonbiako Gobernuak

Bake akordio berria sinatu zuten Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EP gerrillak azaroaren 12an La Habanan. Erreferendumean ezezkoaren alde egin zuten herritarren proposamenak entzun eta hainbat aldaketa egin dituzte, komunikatu bateratuan azaldu dutenez.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude