Barbiere koloretsua

Amaitu da OLBEren 64. opera denboraldia, modu alai eta baikorrez amaitu ere. Horretarako titulu ezin aproposagoa da Rossiniren Il Barbiere di Siviglia. Oso erraza entzuteko, aria ezagunak dituena, amaiera pozgarria duena… Bai, hainbeste drama, heriotza eta iluntasunen ondoren, ondo etorri zaigu holako txute distiratsua. Kasu honetan, gainera, ez da obra bera bakarrik argitsua izan, gainontzeko guztia baizik. Eszenografia, Llorenç Corbellak sinatua, ikuskizunaren alderdi onenetako bat izan zen. Sinplea, baina ez xumea; sofistikatua, kargatua izan gabe. Eta esanguratsua: txuri-beltzez hasiera batean, eta mila koloretakoa bukaera alai horretarako. Eduardo Bravoren argitze ederrak ere eragin zuzena izan zuen efektu dotore horretan.

Baina goazen aztertzera printzipioz gehien inporta zaiguna, alderdi musikala hain zuzen ere. Alor honetan aitzakiarik ez, egia esan. Aitortu behar dut sorpresa txiki bat izan nuela Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren lehenengo konpasak entzun nituenean, eta ez sorpresa txarra. Guztiz kontrakoa, talde fina aurkitu genuen, ñabardura delikatuak egiteko ahalmena duena, malgua eta arreta handiz gauzatzen zituena zuzendariaren keinuak. José Miguel Pérez Sierra, zuzendaria, puntu-puntuan aritu zen, bide batez.

Bakarlariei buruz ere, gauza onak esan daitezke. Distiratsuak, batzuk beste batzuk baino gehiago. Marco Caria baritonoak Figaro eraginkorra egin zuen. Aise interpretatu zituen koloratura zailak, eta taxuz mugitu zen taula gainean. Michele Angelini tenoreak berriz, Almaviva konde arina interpretatu zuen. Ahots kolore polita du eta abila da koloraturak egiten ere, baina bere pertsonaia lau samarra geratu zitzaion, nahiz eta, esan bezala, kalitate bokal nahikoa erakutsi. Hala ere, nire ikuspuntutik, bi izar izan genituen saio honetan. Alde batetik ahots biribila duen Annalisa Stroppa mezzoak, primerako aktore bezala mugitu zena, bikain egin zituen bere aria guztiak. Ederra entzun genuen, adibidez, Una voce poco fa famatua. Orokorrean maila altua mantendu zuen saio osoan zehar. Eta bigarren izarra Carlos Chausson baxua izan zen: sasoi onean dago ahotsez eta modu konbentzigarriz egin zuen Bartoloren rola. A un dottor de la mia sorte aria modu bikainez abestu zuen, besteak beste. Aipamen bat egin nahi nuke Susana Cordón mezzoaren interpretazioari buruz. Txikia zen bere papera, baina ederki abestu zuen eta komizidade izugarria erakutsi zuen. Bestalde, Emilio Sagiren eszena zuzendaritza bikaina izan zen. Amaiera ederra, bada.

Il Barbiere di Siviglia

Rossiniren Il Barbiere di Siviglia opera.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa.

Zuzendaria: José Miguel Pérez Sierra.

Bilboko Operaren Abesbatza.

Zuzendaria. Boris Dujin. Eszena zuzendaria:

Emilio Sagi. Eszenografia: Llorenç Corbella. Bakarlariak: Marco Caria (baritonoa),

Annalisa Stroppa (mezzoa), Michele Angelini (tenorea), Carlos Chausson (baxua).

OLBEk antolatuta. Euskalduna Jauregia.

Maiatzaren 14a.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude