argia.eus
INPRIMATU
Gastu militarra berbideratu
Juan Mari Arregi 2016ko maiatzaren 26a

Espainiako Estatuko gastu militarra %33 handitu da 2015ean, eta 12.852 milioi eurotara iritsi da, aurreko urteko 9.596 milioien aldean. Hau da, 3.256 milioi euro gehiago gastatu dira, Espainiako BPGren %1,3. Stockholmeko Ikerketa Zentroak egindako txostenak halaxe dio. Bartzelonako Delás Bakearen Ikerketarako Zentroak, berriz, aurrekontu militarraren barruan sar litezkeen beste elementu batzuk gehitu dizkio kopuru horri, eta ondorioztatu du egiazko datua 17.500 milioi euro dela. 2015ean munduko gastu militarra %1 hazi zen, 1,7 bilioi dolar hain zuzen. Munduko rankingean AEB dago lehen postuan, 596.000 milioi dolar eta kopuru osoaren %36 baitagokio. Txinak jarraitzen dio, 215.000 milioi dolarrekin, gero Saudi Arabiak (82.700) eta Errusiak (66.400).

Arma-industria munduko kapitalismoaren sostengatzaile da, eta gisa horretan burtsetan gorantz doa, etekin handiak baititu. Kapitalismo hori kudeatzen duten gobernuak, aldiz, ongizate estatua desegiten ari dira eta murrizketa gogorrak inposatu dituzte politika sozialetan. Baina ez dute zalantzarik sektore militarrera kopuru oso handiak bideratzeko.

Herritarrek presio egin behar diete gobernuei, gastu militar hori berbideratu eta ekonomia errealean inbertitu dezaten enplegua sortzeko, edota politika sozialetan, pentsioetan, kulturan eta hezkuntzan erabiltzeko. Arlo militarrera zuzenduriko euro bakoitza atzerapauso bat da bake baldintzak eraikitzeko bidean. Bakea nahi badugu, bake politiketan inbertitu beharko dugu. Eta bake horren zati handi bat da denok lana izatea, berdintasuna, justizia, elkartasuna eta migratzaileak onartzea, areago arrazoi politikoak edo ekonomikoak tartean direnean.